Izurritetik COVID-19ra: Gipuzkoan izandako epidemien arrastoari jarraituz

E-posta Inprimatu

Gure egunerokotasuna hankaz gora jarri duen epidemia ez da Gipuzkoan pairatu dugun lehena, ezta, tamalez, azkena izango ere. Datozen lerroetan, gure lurraldea mendeetan zehar neurri handiagoan edo txikiagoan astindu duten gaixotasunak ezagutzeko ibilbide historiko labur bat egiten saiatuko gara. Horretarako, gure bildumako dokumentu digitalizatuetan jasotako informazioa baino ez dugu erabili. Dokumentu horiek eskuragarri daude, beraz, etxetik atera beharrik gabe.

Aipatuko dugun lehena, nola ez, izurri beltza da. Mundu osoan milioika heriotza eragin zituen XIV. mendearen erdialdeko izurritea denetan hilgarriena izan bazen ere, ondorengo izurri epidemiek biztanleria mendeetan zehar mehatxupean mantendu zuten, 1720an ia guztiz desagertu zen arte.

Horren harira, Real Compañía Guipuzcoana de Caracas-en mediku zen Vicente de Lardizabalek 1814an argitaratutako Periódico de San Sebastián y de Pasages egunkariko artikulu batean, zera dio: “También acá en nuestras costas, desde Fuenterravía hasta Bilbao, corrió peste ácia [sic] los años de 1514, con mucha mortandad, según una carta de cierto Capellán del Obispo de Tuy natural de la Villa de Rentería, que se halló entre los papeles de la casa de Alamberga, y por mis manos pasó a las del Diputado general de esta Provincia, el difunto D. Josef Soroa. De esta misma peste habla un libro en folio manuscrito que se halla en el Archivo de la Parroquia de Zarauz”.

Izurri epidemiak Gipuzkoan eragin zituen hondamendiei buruz, 1866an jaiotako Francisco López Alén idazle eta margolari donostiarrak ere idatzi du. Hainbat urtez Udal Liburutegiko zuzendari eta hiriko kronista ere izateaz gain, 1904an Euskal Erria: revista vascongada aldizkari donostiarra zuzendu zuen. Bertan, 1899an artikulu bat argitaratu zuen zeinetan baieztatzen duen: “En Pasajes de San Juan, el año 1597, reinó una enfermedad maligna, de la que murieron trescientas personas.” Tragediaren tamainari buruzko ideia txiki bat egin dezagun, nahikoa da jakitea lau hilabetetan hildako horiek guztiak izan zirela herriak garai hartan “no tenía entonces arriba de quinientos habitantes.”

XVIII. mendean zehar baztanga izan zen Gipuzkoako biztanleria modu oldarkorrenean txikitu zuen gaixotasuna. Liburutegian dokumentu ugari daude arazo horrek lurraldeko medikuengan sortzen zituen kezka eta buruhausteak isladatzen dituztenak. Horien artean, XVIII. mendearen hasierako eskuz idatzitako zenbait dokumentu nabarmentzen ditugu artikulu honetan. Dokumentu horiek guztiak Julio Urquijo funtsaren parte dira. Urquijo bibliofilo eta euskaltzale amorratua izan zen, eta bere bizitzan zehar euskal hizkuntza eta kulturaren obra nagusiak bildu zituen. Gure bildumako funtsen artean, bere liburutegi partikularreko 11.000 ale baino gehiago gordetzen ditugu. Ale horietatik batzuk digitalizatuta daude, eta etxetik kontsulta daitezke.

Hori da XVIII. mendeko eskuizkribu baten kasua, non Josef de Luzuriaga medikuak berak eta Azkoitia, Deba, Zestoa, Mutriku, Donostia, Azpeitia eta Bergarako bere lankideek 1202 pazienteri egindako Gati doktorearen metodoaren aplikazioari buruzko oharrak jasotzen diren.

Edo antzeko beste eskuizkribu batena, zeinetan egileak, Goitiako umezurtz-etxe bateko administratzaileak, Gati doktoreak proposatutako baztangaren inokulazio-metodoaren praktikaren emaitzak jasotzen dituen.

Garai bereko hirugarren eskuizkribu bat ere kontsulta daiteke etxetik, Felix de Muniberen susperraldiaz mediku horren inokulazio-metodoa aplikatzeaz arduratzen den medikuak egin zuen eguneroko zorrotza jasotzen duena. Pazientea, kasu honetan, Peñafloridako kondeen semea izanik, interesgarria da dokumentu hau irakurtzea, halako gaixo ospetsu batek susperraldian jarraitzen zuen dietari buruzko bitxikeriak ezagutzeko ez bada ere.

Aipatutako dokumentuez gain, Liburutegiak beste eskuizkriburen bat gordetzen du, non, aurreko kasuetan bezala, lurraldean lan egiten duen mediku batek baztangaz inokulatutako pazienteei buruzko oharrak jasotzen dituen, Gati doktore ospetsuaren metodoari jarraituz.

Zoritxarrez, baztangaz gain, XVIII. mendean zehar Gipuzkoako bizilagunak mehatxatu zituzten etsai mikroskopiko gehiago egon ziren. 1781ean, soldaduen zorriek transmititutako mikroorganismo bat sukar ustelen edo sukar tifoideoen jatorria izan zen, Pasaiako portuko izurrite bereziki bortitza izan zena eta heriotza kopuru handia eragin zuena.

Edward Jennerrek 1796an egindako baztangaren aurkako txertoaren aurkikuntza mugarri garrantzitsua izan bazen ere, ez zuen gaixotasuna erabat desagerrarazi. Horren erakusgarri da, XIX. mendean, izurritea berriro agertu izanak eragina izan zuela lurraldeko hainbat lekutan. 1872an Donostian argitaratutako saiakera zorrotz baten ale bat gordetzen du Liburutegiak zeinetan J. Albisuk, epidemia izan zuen urteetan Irunen mediku gisa jardun zuenak, gaixotasunaren jatorria eta hedapena, sintomen deskribapena, pronostikoa eta tratamendua jasotzen dituen. Albisuk bere idazkian dioenez, epidemiak iraun zuen hiru urteetan, 1869tik 1871ra, udalerriko 6.000 biztanletik Irungo hiribilduan 176 pertsona hil ziren.

XIX. mendean kolera izan zen Gipuzkoan baja kopuru handiena eragin zuen gaixotasuna. Liburutegiak 1834ko udazkenean hiria suntsitu zuen gaixotasun horren epidemia baten testigantza ematen duen memoria bat gordetzen du, Aldundiaren aginduz Ignacio Ramón Barojaren inprimategian inprimatua. Oraingoan, Bilbotik zetorren itsasontzi baten bidez sartu zen kolera Donostian, eta bi hilabetez egon zen hirian. Garai hartan Donostiak zituen 12.000 biztanleetatik 79 kutsatu ziren, eta horietatik 46 hil egin ziren. Biktimak zenbatzeaz eta gaixotasunaren sintomak eta etapak deskribatzeaz gain, koleraren izaerari eta tratamenduari buruzko hainbat alderdi aztertzen ditu memoriak.

Era berean, Gipuzkoako Aldundiak agindutako eta lurraldeko udaletan banatzeko editatutako apunte formako dokumentu interesgarri bat ere eskura daiteke etxetik. Dokumentu horretan, 1855ean gaixotasunak emandako 30 urteko su-etenaren ondoren Asiako kolera-morboa berriro agertu izanaren egunerokoa idatzi zuen egileak, bai eta horri aurre egiteko udalerri bakoitzean emandako tratamendu, metodo eta sendagaiak ere. Idatziak, era berean, Gipuzkoako biztanleen bizi-baldintzak eta aplikatu beharreko prebentzio-neurriak deskribatzen ditu, hala nola higiene pertsonala eta publikoa, elikadura osasuntsua eta askotarikoa eta espazioen aireztapen egokia. Izurritea, lehenik eta behin, Eibarren antzeman zen ekainaren 29an, Elgoibarrera eta Mutrikura hedatu zen egun batzuetan, eta hortik, poliki-poliki, lurralde osoan zehar. Epidemiaren puntu gorena abuztuaren amaieratik irailaren amaierara arte iritsi zen, eta, azkenean, ezabatutzat jo zen abenduan. Orduan, Gipuzkoan diagnostikatu ziren 8.207 gaixo larrietatik 4.393 hil ziren.

XIX. mendean Gipuzkoan izandako beste gaixotasun batzuen berri ematen duten dokumentuak ere badaude gure bilduman. Horien artean, mende hasieran Pasaiako hiribilduan hainbat baja eragin zituen sukar edo berotasun horiko izurrite baten berri ematen duten dokumentuak gordetzen ditugu.

1814an, Donostia erre zuen sutetik urtebetera, sukar horiko izurrite batek eskualdea suntsitu zuen. Vicente de Lardizabalek arestian aipatutako artikulu berean azaltzen duenez, hiriburuko farmazia guztiak errauts bihurtu ziren sutean eta hauen jabeek beren negozioak inguruko Hernanira eta Pasaiara eraman zituzten. Beraz, botika bat bera ere izan gabe egin behar izan zion aurre Donostiak epidemiari. Gainera, eskari handia eta eskaintza txikia zirela eta, pitinka-pitinka banatzen ziren sendagaien prezioek esponentzialki gora egin zuten, eta are zailagoa zen herritarrentzat hauek eskuratzea.

1898an, Euskal Erria: Revista vascongada aldizkarian 1824ko idazki bat argitaratu zen, non Louis doktorea delako batek sukar horiaren epidemia baten berri ematen duen (egileak izurritea deitzen dio) Pasai Donibane astindu zuena 1823ko abuztuan eta irailean, eta, haren arabera, Habanatik zetorren Donostiarra izeneko bergantin baten bitartez hedatu zena.

Juan Montesek, Probintziak izurrite horretarako komisionatu eta bi urtez herriko mediku titularra izan zenak, Louis doktoreak aipatzen dituen gertakarien deskribapen zehatza jasotzen du bere Historian. Bere idazkian, egileak gaixotasuna goian aipatutako bergantin Donostiarraren bidez iritsi zela ziurtatzen zuen bertsio ofizialaren aurka argudiatzen du, eta udalerriko giroko hezetasuna eta klima aipatzen ditu gaixotasunaren kausa gisa. Era berean, honako hipotesi hau plazaratzen du: berotasun edo sukar horia ez dela zertan klima beroen gaixotasun esklusiboa izan behar, eta, batzuetan, jatorri lokala izan dezakela. Egile berak, Pasaian 1780, 1809 eta 1814an izan ziren hainbat epidemia aipatzen ditu bere obran, azken hau Lardizabalek aurrez aipatutakoa.

Izurrite berari buruz jarduten du Eugenio Francisco de Arrutik 1824an Ignacio Ramón Barojaren inprimategian inprimatutako idatzian. Garai hartan Donostiako mediku titularra zen Arruti, baina, bere obraren irakurketatik ondoriozta daitekeenez, pertsonalki arduratu zen Pasaiako izurritearen jarraipenaz eta kontrolaz. Montesek ez bezala, Arrutik adierazi du: “Pasage [sic] disfrutó de la salud mas completa hasta la llegada del bergantin Donostiarra que procedente de la Habana entró en su puerto el dia 3 de Agosto”. Horrela, gaixotasuna itsasontziaren egituran bertan inportatu zela eta Europako portu ezberdinetan aurretik sukar horiaren epidemiak, toki beroetatik zetozen itsasontzien etorrerarekin lotura zuzena izan dutela argudiatzen du.

Sukar horiaz gain, sukar miliarrak ere sortu zien buruhausteren bat edo beste Gipuzkoako biztanleei mende erdialdean. Izurrite horri buruz Manuel Mateu i Fort-ek memoria bat idatzi zuen, garai hartan Donostiako mediku zirujaua zenak. Mateuk bere idazkian gaixotasuna zabaldu zen herrien erregistro zehatza jasotzen du, bai eta horien kausen, sintomen, faseen eta frogatutako tratamenduen behaketaren deskribapena ere.

Jadanik XX. mendean, 1918ko udaberrian, Espainiako gripea izenarekin ezaguna egin zen birusak 40 milioi hildako eragin zituen munduan bi hilabetetan. Aurrez aipatutako dokumentuak baino askoz ere tonu lasaiagoan, Euskal Erria: revista vascongada aldizkariko artikulu batek, kronika labur baten bidez, Donostian epidemiak une batzuetan okerrera egiten zuela onartzen du aitortuz “pues hubo día que pasó de cuarenta el número de defunciones”. Era berean, epidemiaren hedapen azkarragoa ahalbidetu zuten mediku faltari eta sendagai eskasiari aurre egiteko agintariek hartutako neurrien berri ere ematen du.

Urte horretan bertan, aldizkari bereko beste artikulu batean honako hau adierazten da: “Cuando la primera aparición del temible huésped del Ganges, llegó hasta el pie de nuestras murallas sembrando a su paso lágrimas y aflicción; en el mismo valle de Loyola causó horrible mortandad, pero dentro de las murallas no se registró una sola víctima. Lo mismo ha ocurrido en las sucesivas invasiones, el cólera ha respetado siempre a la capital guipuzcoana. Pero a esta epidemia indocumentada no le han convencido las tradiciones y ha invadido a Donostia con rigores desusados. La extensión de la enfermedad ha sido inmensa, llegando algunos días a alcanzar la imponente cifra de cinco mil enfermos”. Eta autoreak sendagileen jarrera publikoki aintzatesteko aprobetxatzen du “activa e inteligente clase médica, a la que en los momentos de mayor peligro se han unido facultativos ya retirados de su profesión y notables especialistas que han querido compartir con sus comprofesionales [sic] los riesgos de su actuación y las penosas labores que tan anormales circunstancias imponían.” Ezberdintasunak ezberdintasun, ezaguna egiten zaigu mezua, ezta?

Ordutik, XX. mendeko berrogeita hamarreko hamarkadan, Asiako gripea izenez ezagutzen den pandemiak mundu osoko osasun sistemak xakean jarri zituen, Australiatik Europara eta Afrikatik Amerikara. Agian gure adinekoek gogoan izango dituzte izurrite hark bizilagunen bizitzan izan zituen ondorioak. Oraintsuago, izurriteak izan dira, hala nola hegazti gripea, SARS, MERS, zika, a gripea edo ebola, baina ez da ditxosozko COVID-19 hau iritsi arte, betiko martxa gelditu eta gure ohiturak  errotik aldatzeko beharrak memoria-ariketa txiki hau eginarazi digula.

 

 
Hau ere online
  • Iván Zulueta

    Sailkatu ezinezko artista baten sorkuntzaren erreferentzia osoa eta oinarrizkoa.

  • Txiki Zabalo

    Kronika grafikoaren eredu eta ilustratzaile den horren lan grafikoaren bilduma osoa.

  • Pío Baroja

    Donostiar idazle handia irakurtzeko gida.

  • Antiqva

    Aintzinari buruz orain arte egin diren jardunaldietako testuak.

  • XIX. mendeko albuma

    Euskal Herriari buruzko 4.000 irudi inguru dituen kultur webgunea. Irudiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren funtsetakoak dira eta kultur zentro desberdinetan daude.

  • Alfonso Sastre - Eva Forest

    Alfonso Sastre eta Eva Forest-en inguruko informazio osoa.

  • Gabriel Celaya

    XX. mendeko Gipuzkoako poetarik esanguratsuenetarikoaren bizitzari eta lanari errepasoa.

  • Gipuzkoa 1936

    Garaiko dokumentuak, egunkari eta bestelako aldizkako argitarapenak, erabiliz Gipuzkoa eraldatu zuen urtearen errealitatea erakusten da.

  • Manex Erdozaintzi

    Manex Erdozaintzi-Etxart XX. mendeko euskal olerkari aipagarrienetako bat da, 1934-1984 urteen artean bizi izan zena. Euskal pentsamenduarekin lotutako artikulu eta gogoeta anitz idatzi zuen.

Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.