Testu konfinatuak II: kartzelatik idatzitakoak

E-posta Inprimatu

Dickinson, Proust, Jackson edo Salingerrek ez bezala, idazle askok euren borondatearen kontra konfinaturik pasa zuten bizitzaren parte bat. Arrazoi bategatik edo besteagatik garai bat kartzelan pasa zutenen kasua da hau. Haien artean, batzuk gai izan ziren kartzelan eman zuten egonaldian bertan idazteko eta besteak behin irten eta gero idatzi zuten.

Giltzapetuta zeudela idatzi zutenen artean badira Miguel de Cervantes, Maquiavelo, Sadeko Markesa edo Oscar Wilde, besteak beste. Oso zerrenda luzea da. Saminetik ihes egiteko edo euren esperientziaren testigantza uzteko idatzi zuten seguraski. Egia esan, espetxeratze-etapa horrek "aukera eman zien" gogoeta egiteko eta irudimenari hegan egiten uzteko denbora izateko; nahiz eta gorputzak espetxeko lau pareten artean giltzapetuta izatera kondenatuta egon, euren adimenak gai ziren errealitatea gainditu eta alosien laguntza eske abiatzeko.

Duela zazpi mende baino gehiago, Marco Polo merkatari, abenturazale eta bidaiaria preso hartu zuten, XIII. mende amaieran, genoar eta veneziarren arteko liskarrak zirela eta. Espetxealdian idazten eta irakurtzen zekien zeldakide bat izan zuen, Rustichello di Pisa izenekoa, zeinek 1300 urtean haren abentura harrigarriak eta Ekialdeko Asia eta Txinako zibilizazioak Europan ezagutzera eman zituen liburua argitaratu zuen, Marko Poloren bidaiak, alegia.

Errenazimentu betean eta Italiatik irten gabe, Nicolas Machiavelo diplomatiko, funtzionario eta filosofoak bere Printzea testu ospetsua idatzi zuen 1513an, bere borondatearen kontra giltzapetuta eta Florentziako kanpoaldean jarduera publikotik erretiratuta zegoen bitartean, Medici boteretsuen aurkako konspirazioa leporatuta. Printzea testuak Machiavelo Zientzia Politiko modernoaren aita bihurtu zuen eta 1513 eta 1525 artean harek idatzitako zortzi testuetatik lehena izan zen.

Mende horren amaieran, Miguel de Cervantes Sevillan espetxeratu zuten, zerga-biltzaile gisa ari zela diru publikoarekin geratzea egotzita. Arrazoi horregatik espetxean hilabete batzuk bakarrik eman bazituen ere, On Kixote Mantxakoa liburuaren hitzaurrean berak aitortzen duen bezala orduan hasi zen irudikatzen kritikari askorentzat lehen eleberri modernoa eta literatura unibertsaleko mugarri bat dena.

Jada Argien Mendean, John Cleland eleberrigilea Londresko espetxe batean giltzapetuta zegoen, 1748an egindako zor handi baten ondorioz, Fanny Hill. Kortesana baten memoriak polemikoa idatzi zuenean. Historiako lehen eleberri erotikotzat hartua, bere argitalpenak justiziarekin arazo asko ekarri zizkion egileari, eta, denborarekin, historian gehien jazarritako eta zentsuratutako liburua eta, aldi berean, libururik pirateatuenetako bat bihurtu zen.

Mantxako kanalaren beste muturrean, espetxeen eta eroetxeen artean giltzapeturik egon zen beste bat Sadeko Markesa eztabaidagarria izan zen. Bere bizitzan bere obran bezain polemikoa zen idazleak, Filosofia apaingelan eta Justine edo bertutearen zorigaitzak liburuen sortzailea izan zenak, 27 urte pasa zituen, guztira, askatasunik gabe. Ateismo erradikalaren doktrinaren defendatzaile sutsua, bere idazkietan bizioak garaitzen du beti bertutea eta, ondorioz, honen irakurketa debekatu zuen Eliza Katolikoak, Index Librorum Prohibitorum zerrendaren barne egoteak adierazten duen bezala.

Ingalaterrara itzulita, Oscar Wilde ere presondegitik pasa zen, moraltasunik eza leporatuta, eta han idatzi zuen De profundis, maitaleari eskainitako maitasun-gutuna. Viktoriar gizarteak ez zuen barkatu idazle homosexual ospetsuak bere jokabideari buruzko salaketetatik defendatzen zuen harrokeria, eta zigor eredugarria jaso zuen horregatik.

Beste batzuek ezin izan zuten espetxean egon ziren bitartean idatzi, esperientziak eragindako traumagatik, eta espetxetik irten ziren arte ezin izan zituzten euren bizipenak paperean kontatu. Hala gertatu zitzaien Fedor Dostoievski eta Aleksandr Solzhenitsyn errusiarrei, zeintzuek Hildako etxearen memoriak, Egun bat Ivan Denisovich-en bizitzan edo Gulag artxipielagoa liburuak kartzelatik irten ondoren idatzi zituzten.

Baina zerrenda asko luzatzen da: Miguel Hernández, Jean Genet, Sir Thomas Malory, Wole Soyinka, Ngugi wa Thiong’o, Antonio Gramsci, John Bunyan, Ezra Pound, Nelson Mandela… Adolf Hitler berak ere Mein Kampf kartzela zigorra betetzen zuen bitartean idatzi zuen.

Behartuta hauek eta euren borondatez aurrekoak, giltzaperatzeak kanpoko zaratatik isolatu eta  idaztera burubelarri dedikatzea ahalbidetu zien guztiei. Literaturako lanik ospetsuenetako batzuk gatibutasunean idaztea da horren erakusgarririk onena.

 

 
Hau ere online
  • Iván Zulueta

    Sailkatu ezinezko artista baten sorkuntzaren erreferentzia osoa eta oinarrizkoa.

  • Txiki Zabalo

    Kronika grafikoaren eredu eta ilustratzaile den horren lan grafikoaren bilduma osoa.

  • Pío Baroja

    Donostiar idazle handia irakurtzeko gida.

  • Antiqva

    Aintzinari buruz orain arte egin diren jardunaldietako testuak.

  • XIX. mendeko albuma

    Euskal Herriari buruzko 4.000 irudi inguru dituen kultur webgunea. Irudiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren funtsetakoak dira eta kultur zentro desberdinetan daude.

  • Alfonso Sastre - Eva Forest

    Alfonso Sastre eta Eva Forest-en inguruko informazio osoa.

  • Gabriel Celaya

    XX. mendeko Gipuzkoako poetarik esanguratsuenetarikoaren bizitzari eta lanari errepasoa.

  • Gipuzkoa 1936

    Garaiko dokumentuak, egunkari eta bestelako aldizkako argitarapenak, erabiliz Gipuzkoa eraldatu zuen urtearen errealitatea erakusten da.

  • Manex Erdozaintzi

    Manex Erdozaintzi-Etxart XX. mendeko euskal olerkari aipagarrienetako bat da, 1934-1984 urteen artean bizi izan zena. Euskal pentsamenduarekin lotutako artikulu eta gogoeta anitz idatzi zuen.

Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.