Bidaia Afrikan zehar

E-posta Inprimatu

Azkenean iritsi da eguna, eta gure oporraldiari hasiera ematea erabaki dugu. Ez da erraza izan lehen ibilbidea aukeratzea hainbeste aukeraren artean, baina oraingoan Afrika hautatu dugu. Kontinente honetara joateko joeraren gorakada nabarmena izan da azken urteetan, eta ez dira horretarako arrazoiak falta, toki ederrak daude bertan, paisaia ikusgarriak, kultura oso aberatsak eta anitzak beste hainbat ezaugarriren artean.

Ibilbideari hasiera emateko bertako herri batzuetako egungo historia ezagutzeko “La primavera de los árabes” Jean-Pierre Filiu eta Cyrille Pomèsen komikia hartuko dugu. Arabiar udaberriaren hasiera kontatzen da bertan, Egipto, Libia eta Marokoko diktaduren amiltzeak… estatu hauetan gazteriak sortu duen mugimendu honen bidez beraien eskubideen defentsa nola bideratzen duten jasotzen da, sarri euren burua arriskuan ere jarriz gainera.

Bidaiaren lehen geltokia Marokon egingo dugu, eta bertan gida liburu gisa Javierreren “Marruecos trip” hartu eta “Los Vallekurros” laguntzaile dugularik ezagutuko dugu hiriburua, eta baita abentura zirraragarriak bizi ere. Dena den, espero dugu ez izatea Emo, Cuco eta El niñatok “Makoki: fuga en la modelo”-n bizitakoaren adinako abentura. Mediavilla eta Miguel Gallardoren komiki honetan protagonistak haxix bila ibiliko dira. Hasieratik dena gaizki aterako zaie eta beti ihesean ibili beharko dute, amaiera aldera Pipo, haxixa kontsumitzen duen zakur baten bidez Bartzelonako Modelo espetxean amaituko dute, nahiz eta bertatik ere ihes egiteko modua bilatuko duten.

Marokotik barrurantz abiatuz Saharako basamortura helduko gara. Eva Dickson izan zen Sahara autoz gurutzatu zuen lehen emakumea eta bere historia “Las mujeres mueven montañas” Pepita Sándwichek egindako komikian deskubritu dezakegu. Bestalde Sahararako gatazken berri Mauro Entrialgok “El conflicto del Sahara en menos de 3000 palabras” komikian ezagutu dezakegu, portugesak bertara 1442an nola iritsi ziren, 1967ko deskolonizazioa eta gaur egungo egoeraraino iristen da.

Saharatik hegoalderuntz jarraituta, Joal portura iritsiko gara, laku Arrosa, Dakar… Senegaleko istorio bat ezagutuko dugu. “Dos monedas” Núria Tamariten komikian Mar izeneko neska bere amarekin batera joango da Senegalera. Amak liburutegi bat sortzeko proiektuan dihardu lanean eta baita nekazari zein arrantzaleen herrixka bateko irratia sortu nahian ere.

Senegaldik 200 bat kilometrotara autoz Costa de Marfileraino mugituko gara eta bertan “Aya de Yopougon” komiki bildumari esker Afrika beste begi batzuekin ikusi ahalko dugu, egungo egoera ikuspuntu positibo batetik aztertzen du Marguerite Abouet eta Clément Oubreriren komikiak. 70eko hamarkadan19 urteko Aya neskatxa Yopougonen bizi da, Abidjaneko auzo batean. Bere inguruko gehienek ileapaintzaile izateko ametsa dute, edo ezkontzekoa; Bintou eta Adjoua lagunek berriz, familiaren kontrol zorrotzetik ihes egin eta gauak dantzan pasatzeko gogoa izango dute, eta azkenik, Ayaren ametsa medikuntza ikastea izango da.

Ondoren, Nigeriako Yankari parke nazionalera egingo dugu salto, Nazio Batuakek Nigerian bakea bermatu nahian Bob Morane teniente gaztea bidaliko du hara. Ibadánen dagoen bere destakamentura laguntza eske mutiko desesperatu bat iritsiko da.

Eta Nigeriatik  Kongoko errepublika demokratikora ere egingo dugu bidaiatxoa. Tintinek “Tintín en el Congo” komikian egin zuen bezala, Afrikako inguru hau ezagutzeko gogoa sortu baitzaigu. Asko izan dira inguru hauetan sortu eta girotu diren abenturak. Adibidez, Kinshasa hiria ezagutu genuen Zidrouren “Tocadiscos” komikian, bertara joango baita Eugène Ysaÿe. Bisita familiar batera bere biolina soinean duela gerturatuko da, musikari aparta eta entzutetsua bihurtu baita. “Katanga” izeneko komikia eta probintzia, Sylvain Vallée eta Fabien Nuryri esker ezagutuko dugu. Congoren 1960ko independentziaren ostean, Katangako lurreko aberastasunak kolonialisten, mertzenarioen eta enpresarien diru-gosea nola elikatuko duten ikusiz.

Namibian beste parke nazional bat ezagutu dezakegu, Etosha. Bertan garezurren kostaldean bidaiatu eta izarren azpian akanpatu dezakegu Kathy Austin “Namibia” komikiko protagonistari esker. Rodolphe eta Leok idatzi eta Bertrand Marchalek marraztutako komikia da. 1949 urtean britainiar agentea zen Kathy Austin Namibiara abiatuko da bertan Hermann Göring militar eta politikari naziaren argazki harrigarri batzuk argitzera, ustez hilda zegoelakoan baina bizirik ikusi ote zegoen argitzera.

Hurrengo geltokia hego-Afrika izango da. Komiki autobiografiko bat hartuko dugu eskuartean “Mi madre era una mujer hermosa” Villiers egilearena. Bertan 80. hamarkadan bere haurtzaroa nolakoa izan zen kontatzen da, apartheidaren amaiera, gurasoan banaketa eta bere ahizparekin izandako gora-beherak eta baita Desmond Tuturen nobel saria eta Sowetoko kalapita.

Keniara iritsiko gara 1947an kokatzen den Rodolphe eta Leoren “Kenia” komikiari esker, Bertan safari bat desagertuko da Kilimanjaro inguruan. Safari hau John Remington idazle amerikarrak antolatutakoa zen eta bertakoen iritziz gertaera honek zerikusia izan dezake kondaira zaharrekin eta antzinako izakiekin. Potentzia internazionalen interesa piztuko duen misterio bihurtuko da gertaera hau gerra hotzaren erdi-erdian kokatuta.

Egia da, safari lasaiago bat behar badugu badaudela beste aukera batzuk, esaterako Jesse Jacobsen “Safari Honeymoon” komikia. Zibilizaziora ohituta dagoen bikotea izango da protagonista hemen, bat-batean naturaren sakonean aurkituko dira izaki arraro eta paisaia ikusgarrien artean, ohituta dauden erosotasunetik at. “Saba eta landare magikoa” gaztetxoentzako komikia berriz, istorio xumeago batek osatzen du baina aldi berean laguntasuna, beldurra, askatasuna eta sentimenduak bezalako balore handien inguruan murgilduko gaitu.
Afrikako azken geldiunea Egipton egingo dugu. Bertan Blake eta Mortimer protagonistatzat daukan “El misterio de la Gran Pirámide” Edgar P. Jacobsen komikia dugu aparteko bidaide. Gaur egungo Egipton geratuko dira protagonistak harrapatuta eta antzinako dinastietako madarikazioak izango dira ardatz.

Bidaiatzea ez da inoiz nekagarria izaten, akaso fisikoa bai, baina ez psikologikoa, beno edo alderantziz…. bidaiaren arabera, eta norberaren arabera… baina beti izan ohi da behar-beharrezkoa, komikien bidez bada ere. Orain hurrengo bidaia prestatzen hasiko gara, iparraldera, ekialdera…. ikusiko dugu itsasoz noruntz egingo dugun salto.

 
Hau ere online
  • Iván Zulueta

    Sailkatu ezinezko artista baten sorkuntzaren erreferentzia osoa eta oinarrizkoa.

  • Txiki Zabalo

    Kronika grafikoaren eredu eta ilustratzaile den horren lan grafikoaren bilduma osoa.

  • Pío Baroja

    Donostiar idazle handia irakurtzeko gida.

  • Antiqva

    Aintzinari buruz orain arte egin diren jardunaldietako testuak.

  • XIX. mendeko albuma

    Euskal Herriari buruzko 4.000 irudi inguru dituen kultur webgunea. Irudiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren funtsetakoak dira eta kultur zentro desberdinetan daude.

  • Alfonso Sastre - Eva Forest

    Alfonso Sastre eta Eva Forest-en inguruko informazio osoa.

  • Gabriel Celaya

    XX. mendeko Gipuzkoako poetarik esanguratsuenetarikoaren bizitzari eta lanari errepasoa.

  • Gipuzkoa 1936

    Garaiko dokumentuak, egunkari eta bestelako aldizkako argitarapenak, erabiliz Gipuzkoa eraldatu zuen urtearen errealitatea erakusten da.

  • Manex Erdozaintzi

    Manex Erdozaintzi-Etxart XX. mendeko euskal olerkari aipagarrienetako bat da, 1934-1984 urteen artean bizi izan zena. Euskal pentsamenduarekin lotutako artikulu eta gogoeta anitz idatzi zuen.

Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.