Bidaia Hego Amerikan zehar

E-posta Inprimatu


Maleta prestatzeko ordua da une honetan. Eta gaurko maletan neguko arropa sartzea gomendatzen dugu, Hego Amerikara goazelako, eta une honetan han negua da. Baina bidaia hegoaldetik iparralderantz egingo dugu eta amaiera Erdialdeko Amerikan burutuko dugunez ez ahaztu soineko, kamiseta tiradun eta bainujantziak ere.

Buenos Aires hiriko La Boca auzoan tangoa dantzatuko dugu, suaren lurraldetik pasako gara, Ushuaia ezagutuko dugu, Txileko geografia bisitatu eta trekkingean ere ibiliko gara Torres del Paine parke naturalean. Machu Picchutik pasako gara, Río de Janeiro eta Iguazuko ur-jauziak ere ikusiko ditugu. Bidaiaren amaiera berriz Erdialdeko Amerikan igaroko dugu: kontrastez jositako Mexikoko kulturak eta ohiturak ezagutzeko, jendez betetako Mexiko hiriburutik hasi, Tulum edo Chichén Itzátik pasa eta Playa del Carmeneko hondartza lasaietaraino iritsiko gara. Azkenik, Kuban egingo dugu geldialdia, Karibeko uharte gozoan bertako jende jatorra eta irekiaz eta bere gastronomiaz gozatuko dugu eta ur urdineko hondartzetan ibiliko gara klima goxoan.

Aireratzera goaz, eta aurretik 12 bat ordutako hegaldia dugunez, maleta aldizkariz beteko dugu girotzen hasteko: Chiquilladas, Aventura, Domingos alegres… eta nola ez baita “La historia de la historieta latinoamericana” liburu ederra ere.

Lehen geltokia Buenos Aires izango da, bertan La Casa Rosada eta Plaza de Mayotik pasa eta Mafaldaren estatuarekin argazki bat ere aterako dugu. Mafalda beti arduratsu eta kezkatua, istorio ezkorrak kontatzen zituen arren, Quinoren asmoa mundua lurralde hobe bat bilakatzea zen. Mafaldaren pentsamendua biztanleriaren ispilua izan ohi zen, bere komentario zein salaketak humanitatearen inkonpetentziak izan ohi ziren, eta inozenteki ematen zituen mundua hobetzeko soluzioak, gosetea eta gerrari aurre egiteko erantzunak.

Stefan Zweigen eleberrian oinarrituta dagoen “El jugador de ajedrez” ere ezagutuko dugu, David Salaren historia interesgarria. Argentinara doan ontzi batean munduko xake jokalari onena doa, eta azken partida bat jokatuko du Vienako aristokrata baten kontra, nazismoan xakean bikain ikasi zuena gainera. Jorge Zentner eta Rubén Pellejeroren “El silencio de Malka” komikian, Malkaren familia ezagutuko dugu, Errusian progonoen sarraskitik ihesean doazela Argentinarantz joko dute. Argentina, ordea, ez da izango beraiek uste zuten lurraldea, bertan lur idorra topatuko dute eta bertakoak etsaitzat hartuko dituzte. Miseriak azkenik, golem izaki mitikoan errukia bilatzera bideratuko ditu.

Ondoren,  Andeak gurutzatuz Txilera joko dugu. Salvador Allende boterera nola iritsi zen ezagutuko dugu baita Augusto Pinocheten estatu kolpea ere, Olivier Bras eta Jorge Gonzálezen “¡Maldito Allende!”, Maximilien Le Roy eta Loïc Locatelli Kournwskyren “Vencidos pero vivos” edota Roberto Bolaño eta Fanny Marínen “Estrella distante” lanetan. Valparaiso kostaldea ere ezagutu dezakegu “Winnipeg: el barco de Neruda” komikian. Bertan, Pablo Nerudaren ekimenez, Gerra Zibiletik ihes egitea lortu zuten errefuxiatu komunista eta errepublikar espainiar batzuk bizitakoa ikus dezakegu, 1939. urtean, Frantziatik irtenda, Valparaison lehorreratu zirenak.

Tintin abenturak ere bizi ditzakegu gure bidaia propioan. Perun “El templo del sol” komikian Haddock kapitaina, Milú eta Tintin Tornasol irakaslearen bila ibiliko dira, momia inka baten pultsera jarri ostean desagertua baitago. Tintinek irakaslea Pachamac karga-ontzian topatuko du, baina ez du lortuko hortik libratzea. Zorrino bertako gaztearen laguntzaz bidaia luze bati ekin beharko dio Tintinek Andeetan zehar inken tenplu sekretu baten bila.

Perutik Brasilera salto egingo dugu segidan, Hegoamerikako estaturik handiena de Brasil. Amazonan nabigatuz, samba dantzatzen ikasiz, Maracanáko estadioa bisitatuz edo Iguazúko ur-jauziak zodiakean ikusiz bizituko dugu. Hasteko, Fábio Moon eta Gabriel Bá bizkien bizitza errealean murgilduko gara, Sao Paulo beraien jaioterriko gertakizun hiritarretatik abiatu eta latinoamerikar kutsuko errealismo magikoraino eramango gaitu “De Tales: historias del Brasil urbano” komikiak. “Los últimos días de Stefan Zweig” komikiarekin, Petrópolis hiri historikoan, Río de Janeirotik gertu, Stefan Zweig eta bere emaztearen azken uneak biziko ditugu, Europako nazismotik ihesean hara iritsi berritan. Azkenik Ameriken konkistatik esklabutzan egondako esklabuen altxamendua eta beraiek sortutako Angola Janga erreinua ezagutzeko aukera ere badaukagu,  halaxe izena du D’Saleteren komikiak “Angola Janga”.



Brasildik Mexikora egingo dugu, Jijé, Franquin eta Morrisekin “Gringos locos” komikia ardatz hartuta, gidoia Yann eta Olivier Schwartzena duena. Hiru marrazkilari belgiar hauen asmoa ‘Amerikak egitea’ zen eta Disneyn lana lortzea, baina ez zen ideia beraiek nahi bezala atera. Bidaiaren hainbat gora-beheraren ostean Tijuanara iritsiko dira. Mexiko hirian paseo ilustratu bat egingo dugu Frida Kahloren Casa Azul etxe-museoaren inguruan Maria Hesseren “Frida Kahlo: una biografía” komikiaren laguntzaz. Bertan ezagutuko du Chavela Vargas, eta haren gaztaroa ekarriko du gogora Fridak eta bere senar Diego Riverak. Ondoren Yucatán penintsulatik pasako gara zientzialari batzuen laguntzaz. David Muñoz eta Tirso Consen “Trakers” komikian, Royal Geographic Society elkarteko zientzialariekin kondaira maietatik ateratako izaki bat, Cancerbero, harrapatzea izango dute helburu. Eta bidaia mexikarra amaitzeko Chiapasera hurbilduko gara. Isusiren “La pipa de Marcos” komikian, Vasco da protagonista, eta jatorrizko komunitateak, europar boluntarioak, armada zapatista eta gobernuaren indarren arteko elkarbizitzan murgilduko da.



Bidaiaren azkeneko helmuga, Kuba dugu, kolonial garaiko arkitektura ondarea eta Ipar Ameriketako auto zaharrak nahasten diren kale gozoak. Mauricio Vincent-ek, Juan Padrón marrazkilariaren laguntzaz, “Crónicas de La Habana. Un gallego en la Cuba socialista” komikian, 1984an Kubara egindako bidaia kontatuko digu. Vincent-ek, ia turismo gabeko herrialdea topatzen du, iraultzaren izpiritu nabariarekin. Baina baita ere, Estatu Batuen blokeoaren eta barne arazoen ondorioak agerian daudela ohartzen da: errazionamendu libretak, denda ezkutuak, txanponen trafiko ilegala, errusiar izena duten haurrak…

Jacques Martin eta Régric, Robberecht-ek, haien Guy Lefranc pertsonaia Kubara ere bidaltzen dute, “Cuba 58” izeneko lanean. Lefranc, Ernest Hemingway-ek gonbidatuta bidaiatzen du irlara.  Cayo Oestetik Habanara ferryz iristen da, CIA-rekin lan egiten duen Ellen Cook ezagutu eta gero.

Bidaia luzea egin arren, leku asko ezagutu gabe utzi ditugu, baina oraingoz amaitu behar dugu, hurrengorako energiak biltzeko. Emozioz eta abentura desberdinez betetako bidaia izan da, bidaia mentala oraingoan, etorkizunerako planak imajinatzeko bidea irekitzen duten horietakoa.

 
Hau ere online
  • Iván Zulueta

    Sailkatu ezinezko artista baten sorkuntzaren erreferentzia osoa eta oinarrizkoa.

  • Txiki Zabalo

    Kronika grafikoaren eredu eta ilustratzaile den horren lan grafikoaren bilduma osoa.

  • Pío Baroja

    Donostiar idazle handia irakurtzeko gida.

  • Antiqva

    Aintzinari buruz orain arte egin diren jardunaldietako testuak.

  • XIX. mendeko albuma

    Euskal Herriari buruzko 4.000 irudi inguru dituen kultur webgunea. Irudiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren funtsetakoak dira eta kultur zentro desberdinetan daude.

  • Alfonso Sastre - Eva Forest

    Alfonso Sastre eta Eva Forest-en inguruko informazio osoa.

  • Gabriel Celaya

    XX. mendeko Gipuzkoako poetarik esanguratsuenetarikoaren bizitzari eta lanari errepasoa.

  • Gipuzkoa 1936

    Garaiko dokumentuak, egunkari eta bestelako aldizkako argitarapenak, erabiliz Gipuzkoa eraldatu zuen urtearen errealitatea erakusten da.

  • Manex Erdozaintzi

    Manex Erdozaintzi-Etxart XX. mendeko euskal olerkari aipagarrienetako bat da, 1934-1984 urteen artean bizi izan zena. Euskal pentsamenduarekin lotutako artikulu eta gogoeta anitz idatzi zuen.

Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.