Bidaia Asian zehar

E-posta Inprimatu

Berriro ere gu bidaiatzeko prest gaude, eta oraingoan munduko biztanle gehien bizi diren kontinentera leku-aldatuko gara, azalerari dagokionez ere lurreko kontinenterik handiena da Asia.

Bidaia honetan zehar Turkia eta bere Santa Sofia basilika ederra ezagutuko ditugu. Baita Istanbuleko bazar handian erosketak egin, edo Kapadozia globo bidaia batean zeharkatu. Asiako hego-ekialdean, Malasiako hiriburuan, Torres Petronas edo bertako hinduen santutegi handiena den Batu Caves bisitatuko ditugu. Baina Asian zehar ibilita, Txina bisitatzea ezinbestekoa da eta bertako auzo tradizionaletan paseatuko dugu, debekatutako hiria bezala ezagutzen den palazio inperialera iritsiko gara Tiananmen plazan barrena, Shanghai-eko kanaletan ibiliko gara eta Tongli uretako hiria ezagutuko dugu. Bidaia hau Japonian amaituko dugu, lehenik Kioton geldituz, tenplu eta santutegiez jositako geisha eta maikoen hirian, eta bertatik Himeji gazteluraino bidaiatuko dugu trenez. Azkenik, Tokio eta Fuji menditik ere pasako gara gure bidaia osatzeko.

Eta behin bidaia gida errepasatuta, maletak hartu eta abiatu egingo gara. Lehen geltokia Istanbul izango da: bertako Mezkita Urdina bisitatu dezakegu, Cemberlitas hamanean erlaxatu gaitezke eta eguna amaitzeko ilunabarra ikus dezakegu Bosforon nabigatuz. Baina egiatan, hara iritsi eta 2066 urtean kokatuko gara, Istanbulen festa berezi bat ospatzen ari baitira Mery Cuestaren “Istanbul zombi 2066” komikian. Egileak kontatzen duenez, komikigile batzuk kultur agintarientzat lanean dihardute lurrazpiko bunker batzuetan eta Antonio Galaren “La pasión turca” irakurri duen emakume ilehoriaren amodio jokoak zonbien inbasioa eragingo du. Eta zonbien gaiarekin nahikoa izan ez baduzue, abentura gehiago bizi ditzakegu Turkian Monsieur Chocen eskutik, “Choc: los fantasmas de Knightgrave” komikian.  Eric Maltaire eta Stéphanek, polizia jarraitzen ari den autoko gidariak talka egin eta uretara eroriko dela kontatzen dute, eta tartean hilda agertuko da norbait, baina Choc izango ote da?

Salto batean Siriako mugara joango gara eta bertan Antonio Pampliegaren bahiketan oinarrituta dagoen “En la oscuridad” komiki errealistan Sara Solerrek hiru kazetari espainiarren Al Qaedaren bahiketa kontatzen digu. Irak-eko gerrak Ekialde Hurbilean eragindako efektua erakutsi asmo du Sarah Glidenek ere bere bi lagunekin bidaiatzen duenean Turkia, Siria eta Iraken barrena, errefuxiatuen berri emanez “Oscuridades programadas: crónicas desde Turquía, Siria e Iraq” komikian. Siriako egoeraren berri Zerocalcarek ere ematen du, gordin gainera, “Kobane Calling” komikian. Rojavako eskualdea eta Kobane hiria ardatz izango ditu, Kurdistanera egindako bidaian.

Gerra kontuak alde batera utzi eta Indiara joango gara, alfonbra magikoan bidaiatuz Asterix eta Obelixek egin zuten bezala “Asterix Indian” komiki ezagunean. Asurancetúrix-ekin batera, hiru galoak Indiara iritsiko dira, Ahivá fakirrari laguntzeko. Druidak euria egitea lortu beharko du, printzesaren sakrifizioa saihestu eta dena sekta batetako nagusia den Dhale Kanyak boterea ez eskuratzeko. Indian bertan, Ben eta Nina bidaiariekin topo egingo dugu, Béka eta Markoren “Indiara bidaia” komikian. Opor lasai batzuk izateko asmoarekin, tenplu eta behi sakratuak aurkituko dituzte herrialde honetan, baina espero ez dituzten abenturak bizi ere bai, adibidez, guru batek Tah Mahal-eko buru espiritual batekin nahastea gure protagonistetako bat. Iván Sendek egin zuen moduan, Indian bidaia espirituala egiteko aukera ere badugu. Bidaia herrialdean zehar baina baita bere barne-bidaia, “Advaita” komikian azaltzen duenez.

India ondo ezagutu eta gero, lasaitasun bila Asiako hego-ekialdeko uharteetara joango gara, baina Malasiara iristerakoan Lat komikilariaren eskutik, 1950. hamarkadan landa eremuan bizi den Mat izeneko mutiko musulmana ezagutuko dugu “Kampung boy, las aventuras de un niño en Malasia” liburuan. “Town boy, las aventuras de un joven en Malasia” komikian, ordea, Mat hazi eta hirian biziko da. Asko mugitu gabe, Singapurreko azken urteetako historia Sonny Liew-k kontatuko digu“El arte de Charlie Chan Hock Chye: una historia de Singapur” komikian. Charlie Chan komiki marrazkilaria protagonista dugun hemen, bere herrialdeko egoera politiko eta sozialaren eta komiki munduaren eboluzioak ikusteko aukera daukagu. Kontinentera itzuli aurretik, Filipinetara gerturatuko gara Gregorio Muro Harriet-en “Lotsa eta ahaztea”-ren bidez. 1897. urtean, Ortuellatik bertara soldaduska egitera bidaltzen dute Felix gaztea, bere anaia Joserekin batera. Espainia eta Estatu Batuen arteko gerraren lekuko zuzenak izango dira bertan.

Txinan lehorreratu eta Asiako herrialde handi honetan, berriz ere Indian ezagututako Ben eta Ninarekin topatuko gara, oraingo honetan “Txinara bidaia” egiten ari direla, motxilero moduan hiru astez. Pekinetik Shanghai-ra igaroko gara beraiekin, Miao eskualdeko arroz-soroak zeharkatuz. Txinatar espioi batzuek eta tren begiratzaile marmarti batek bidaian zailtasunak jarriko dituzte. Hong Kong-en Blake eta Mortimerrek Xi-Li gerrako jaunak, eskuizkribu bat errekuperatzea ekidin behar dute, Asiako gizon boteretsuena bihurtu ez dadin, “El valle de los inmortales” komiki albumaren bi bolumenetan.
Orain arte ezagutu ditugun kontinenteetan, Tintin agertu zaigu, eta oraingoan ere bai. Katmandura joango gara berarekin “Tintín en el Tíbet” komikian. Bere lagun Tchang, zaurituta eta elurretan erdi lurperatuta dagoela laguntza eskatzen diola amets egiten du, eta ondoren Tchang galdutako hegazkin bateko bidaiaria dela irakurtzen du egunkarian. Tintin-ek laguna bizirik dagoelakoan, erreskate-espedizio bat jarriko du martxan.

Niigatako eskualdetik hasita, gure azkeneko geltokia Japonia izango da. Sakuko Utsugi eta Yasunari Kawabata-ren “País de nieve” komikian, herrialdeko eskualde hotzenean, egunerokotasunetik ihes dabilen gizon aberats eta ezkondu baten eta geisha ikastun baten arteko amodiozko harremana ezagutzeko aukera izango dugu. Ondoren Tokio hiriburura iritsiko gara Shôko Takano gaztea aurkitzeko “Una mujer de la era Shôwa” Kazuo Kamimura-ren lanean. Umezurtz txikitatik eta II. Mundu Gerran Tokio suntsitu zuten errepresio eta bonbardaketek markatuta, Shôkok gerraosteko Japonian bere kabuz bizitzen ikasi beharko du, bere izaera indartuko duten trantze gogorren ondoren. Keiji Nakazawa-ren eskutik,  Hiroshiman bukatuko dugu gure bidaia. “Pies descalzos. Una historia de Hiroshima” komikiak Genen begirada eskaintzen digu, sei urteko haur batena, bere mundua infernu zergatik bihurtu den nekez ulertzen duena. Bere lekukotasunak, berak bezala, gertuko pertsona bat galdu dutenen sufrimenduaren fede ematen du.

Asia ezagutzeak naturarekin, bizitzarekin eta geure buruarekin erlazionatzeko beste modu batzuk daudela erakutsi digu. Bidaiatzean garrantzitsuena ez denez helmuga, bidea baizik, laster gu ere beste bide bat prestatzen hasiko gara...

 
Hau ere online
  • Iván Zulueta

    Sailkatu ezinezko artista baten sorkuntzaren erreferentzia osoa eta oinarrizkoa.

  • Txiki Zabalo

    Kronika grafikoaren eredu eta ilustratzaile den horren lan grafikoaren bilduma osoa.

  • Pío Baroja

    Donostiar idazle handia irakurtzeko gida.

  • Antiqva

    Aintzinari buruz orain arte egin diren jardunaldietako testuak.

  • XIX. mendeko albuma

    Euskal Herriari buruzko 4.000 irudi inguru dituen kultur webgunea. Irudiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren funtsetakoak dira eta kultur zentro desberdinetan daude.

  • Alfonso Sastre - Eva Forest

    Alfonso Sastre eta Eva Forest-en inguruko informazio osoa.

  • Gabriel Celaya

    XX. mendeko Gipuzkoako poetarik esanguratsuenetarikoaren bizitzari eta lanari errepasoa.

  • Gipuzkoa 1936

    Garaiko dokumentuak, egunkari eta bestelako aldizkako argitarapenak, erabiliz Gipuzkoa eraldatu zuen urtearen errealitatea erakusten da.

  • Manex Erdozaintzi

    Manex Erdozaintzi-Etxart XX. mendeko euskal olerkari aipagarrienetako bat da, 1934-1984 urteen artean bizi izan zena. Euskal pentsamenduarekin lotutako artikulu eta gogoeta anitz idatzi zuen.

Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.