Azkeneko urtea berezia izan dela denok dakigu jadanik. Ekitaldi asko eta asko bertan behera gelditu behar izan dira, beste batzuk modu birtualean ospatu dira eta beste batzuk atzeratu egin dituzte. Angulemako komiki jaialdia, komiki zaleen urteroko hitzordua, aldiz, bi zatitan antolatzea erabaki dute. Lehenengoan sariak modu birtualean banatuko dituzte, ohiko urtarrila bukaerako datetan. Aurrez aurreko jaialdia, ordea, komikiaren munduko eragileen elkarretaratzea helburu duena, ekaina bukaera arte atzeratzea erabaki dute, ekainaren 24tik 27ra hain zuzen ere, osasun larrialdi egoerak hobera egingo duenaren esperantzaz.
Dena den, tartean programazio zabala eskaintzea dute helburu, eta hainbat ekitaldi edo jarduera abiatuko dituzte urtarriletik aurrera. Oraingoz, eta urtarrila arte, sari desberdinak irabazteko izendatuen zerrendak aurkeztu dituzte. 12 saritu edo “fauve” dira guztira eta izendatuen zerrenda zabala jaialdiaren webgunean kontsultatu daiteke.
Sari banaketa amaitu eta urtarrila-ekaina bitartean, 2020ko Grand Prix izan zen Emmanuel Guiberti buruzko erakusketa abiatuko da, bi ekitaldien zubi modura. Guibert-en ibilbidea omendu nahi izan dute eta beti ere hau ardatz izanik, disziplina askotariko artista desberdinak gonbidatu dituzte, haien ekarpenak egin ditzaten.
Beste jarduera berri bat ere proposatu dute, komikiaren jaialdia Frantziatik zabaltzeko asmoarekin. Abendutik otsaila erdira arte herrialdeko 41 tren geltokitan, 2021eko edizioko komiki izendatuak ikusi ahalko dira, panel handiz osatutako erakusketa desberdinetan. Era honetan, komikiak oso publiko desberdinetara iristea espero ere dute.
Esan bezala, komiki zaleentzat egutegian markatutako data izaten da Angulemako jaialdia, baina baita ere, komikigile eta haien inguruan lan egiten dutenentzat, honek daukan proiekzio handiagatik. Beraz, nahiz eta aurten, pixka bat gehiago itxaron beharko dugun, 2021eko edizioa ospatzeko aukera egongo da.