Komikigintza jardunaldien laburpena

E-posta Inprimatu
Komikigintza ardatz hartuta bi saio burutu ditugu solasaldi gisa Koldo Mitxelenako aretoan. Komikigintzaren arloan lan egiten duten hainbat profesional izan dira bertan protagonista: egileak, argitaratzaileak, banatzaileak eta saltzaileak. Saioak Ines Azpiazuk, Tobacco Days liburu dendako arduradunak, bideratu ditu. Inesek bere jakituria eta interesa dela eta, galdera zuzenak bezain zorrotzak egin zizkien hizlariei. 
 
Asteartean Inesekin batera Gregorio Muro, Harriet argitaletxeko arduraduna eta gidoilaria, eta Laureano Domínguez, Astiberriko bazkide eta editorea izan ziren elkarrekin solasean. Gregoriok garbi utzi zuen berak argitaratzeko komiki batek zein baldintza bete behar dituen: komiki ‘frantsesa’ edo ‘belgikarra’ deitzen zaion estilokoa izan behar du, egile europarrena gehienetan eta gidoiari garrantzi berezia eskaintzen diona, zeresana emango duen istorio bat kontatzen duena alegia. Horrela lortu du egun Harriet argitaletxeak duen ospea eta lekua komikiaren merkatuan. Gainera Gregoriok euskararen aldeko apustu sendoa egiten du bere komikiak euskaraz zein gazteleraz argitaratuz.
 
Laureanok berriz, Astiberri argitaletxeko barne aukeraketak nola egiten dituzten azaldu zigun, komite txiki batean aukeratzen dituzte lanak, eta batik bat gero eta indar handiagoa jartzen dute bertako egileen sustapenean, beraien lanak hasieratik kontratatuz eta indartuz. Ohikoa den egile zein komiki internazionalen itzulpena ere burutzen dute baina biek ala biek azaldu dute zein konplikatua den itzulpen eskubideak eskuratzea, konplikatua eta garestia.
 
Osteguneko saioan berriz Tupusteko Paula Estevezek, Kodaiko Aitor Soberak eta Belleza Infinitako Garikoitz Fragak parte hartu zuten. Solasaldi hau komiki merkatu ofizial edo ohikoago batetik aldenduz, ertzetan aurkitzen den beste esparru batzuetan zentratu zen. Belleza Infinitak artista liburuak, arte lanak, eta komiki oso bereziak argitaratzen dituen etxe txikia baina sendoa da. Eta artista liburu garestien kontrapultsoa eskaintzen saiatzen da komikiaren merkatura ekarriz bai arte lanak, errelatoak, ilustrazioak e.a. Garikoitzek liburuak osatzen ditu, bildumak prestatuz, edizio zein errotulazio lanak eginez, liburuak argitaratu eta banaketaz ere arduratzen da eta salmentak ere kudeatzen ditu bai online zein azoken bidez.
 
Aitor Soberak berriz, Kodai argitaletxeko editore gazte zein ausartak, 2019an manga zaletu izatetik argitaratzaile izatera nola pasa ziren azalduz aurkeztu zuen bere burua. Hasi zirenean ohiko mangak zeuden gazteleraz argitaratuta, eta Kodairen helburua zen fantasia edo abenturaz harago dauden beste hainbat gai jorratzen dituzten istorioak ateratzea gazteleraz, lehen argumentu sinplearen atzean gai sakonak dauzkaten mangak hain zuzen. Gainera aurten, merkatu japoniarrarekin duten ohiko jardunaz haratago, merkatu estatubatuarra eta nazionala ere aztertzen hasi eta eskubideak kudeatzen ari dira dagoeneko.
 
Tupust kolektiboko Paula Estevezek beraien sortzeko arrazoia zein izan zen azaldu zuen bere jardunaren hasieran: emakumezko ilustratzaile zein komikigileen bilgune bat sortu eta gainera feminismotik marraztuz atera nahi izan zuten beraien lana. Oinarrian 8 emakume sortzailek osatzen dute Tupust eta argitaratu duten ale bakoitzerako beste hainbat sortzaileri egin diete gonbitea parte hartzeko. Horrela argitaratu dituzte oraingoz bi komiki kolektibo, lehena Txalaparta argitaletxearekin 2019an eta bigarrena autoekoizpen gisa 2021ean. Eta argitaratzeko moduak eta esperientzia bakoitzak irakatsi zein sentiarazi dienari buruz aritu zen solasean.
 
Eta hementxe dauzkazue bi solasaldien estekak osorik ikusi nahi badituzue. Astearteko eta osteguneko saioak Youtuben.
 
Hau ere online
  • Iván Zulueta

    Sailkatu ezinezko artista baten sorkuntzaren erreferentzia osoa eta oinarrizkoa.

  • Txiki Zabalo

    Kronika grafikoaren eredu eta ilustratzaile den horren lan grafikoaren bilduma osoa.

  • Pío Baroja

    Donostiar idazle handia irakurtzeko gida.

  • Antiqva

    Aintzinari buruz orain arte egin diren jardunaldietako testuak.

  • XIX. mendeko albuma

    Euskal Herriari buruzko 4.000 irudi inguru dituen kultur webgunea. Irudiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren funtsetakoak dira eta kultur zentro desberdinetan daude.

  • Alfonso Sastre - Eva Forest

    Alfonso Sastre eta Eva Forest-en inguruko informazio osoa.

  • Gabriel Celaya

    XX. mendeko Gipuzkoako poetarik esanguratsuenetarikoaren bizitzari eta lanari errepasoa.

  • Gipuzkoa 1936

    Garaiko dokumentuak, egunkari eta bestelako aldizkako argitarapenak, erabiliz Gipuzkoa eraldatu zuen urtearen errealitatea erakusten da.

  • Manex Erdozaintzi

    Manex Erdozaintzi-Etxart XX. mendeko euskal olerkari aipagarrienetako bat da, 1934-1984 urteen artean bizi izan zena. Euskal pentsamenduarekin lotutako artikulu eta gogoeta anitz idatzi zuen.

Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.