Fiona Tan artista entzutetsuaren Abiapuntua. Point of departure erakusketa 2012 urteko estatu mailako hirugarren erakusketa onena bezala zerrendaratu du Madrilgo El Cultural kultur aldizkariak. KOLDO MITXELENA Kulturuneak eta Sevillako CAAC-ek (Andaluziako Arte Garaikidearen Zentroa) ekoiztutako erakusketa hau urtarrilaren 26ra arte dago ikusgai KMK-ko erakustaretoan.
Espainia mailan kultur alorrean erreferentziazko den aldizkari honek urteko 10 erakusketa onenak jasotzen ditu, tartean Edward Hopper, Ernst Ludwig Kirchner edo Esther Ferrer donostiarrarenak.
Abiapuntua erakusketarekin KOLDO MITXELENA Kulturunea Reina Sofía Museoa, La Casa Encendida, CaixaForum edo Malagako Picasso Museoaren mailako zentroen gainetik agertzen da zerrenda honetan eta estatu mailan arte garaikidearen alorrean erreferentziazko erakustareto bezala sendotzen da.
Aipagarria da, baita ere, Euskal Herriko beste arte zentro bat, Gasteizko Artium, bosgarren lekuan agertzen dela Esther Ferrer donostiarraren erakusketarekin.
Fiona Tan (Indonesia, 1966) filmaren eta bideoaren alorrean artista garaikide garrantzitsuenetakoa da eta bere lanak oroimena, denbora eta historia ditu ardatz.
‘Abiapuntua’ hiru bideo-instalazio handiren inguruan egituratzen da: A Lapse of Memory (‘Oroimenaren lapsusa’), News from Near Future (‘Etorkizun hurbileko berriak’) eta Thin Cities (‘Hiri diluituak’). Hari nagusia denboran edo espazioan bidaia bat egiteko asmoa da, bidaiari gisa zein migratzaile gisa. Izenburuak dioen bezala lan hauek atzera begiratzearekin dute zerikusia, baina baita etorkizunera begiratzearekin ere.
2012ko erakusketa onenen zerrenda:
1. Nacho Criado. Agentes colaboradores. (Palacio de Velázquez eta Palacio de Cristal / CAAC. Madril/Sevilla).
2. Hopper. (Museo Thyssen-Bornemisza. Madril)
3. Fiona Tan. Abiapuntua. (Koldo Mitxelena Kulturunea / CAAC. Donostia/ Sevilla)
4. El factor grotesco. (Museo Picasso. Malaga)
5. Las artes de Piranesi. (Caixaforum. Bartzelona / Madril)
6. Esther Ferrer. En cuatro movimientos. (Artium / Es Baluard / CGAC. Gasteiz / Mallorkako Palma / Santiago Konpostela)
7. James Coleman. (Museo Reina Sofía. Madril)
8. Cartografías contemporáneas. (Caixaforum. Bartzelona / Madril)
9. Louise Bourgeois. HONNI soit QUI mal y pense. (La Casa Encendida / Madrid)
10. Ernst Ludwig Kirchner. (Fundación Mapfre / Madrid)