Koldo Mitxelenako liburutegi digitala irekita

E-posta Inprimatu

2020ko martxoak 13an Koldo Mitxelena Kulturuneak bere hiru ateak itxi eta, gu guztiok bezala, denboran izoztuta geratu zen. Liburutegiko eguneroko bizia itzali eta isiltasuna bilakatu zen bere korridore eta geletako jabe. Giro bitxia sortu zen liburutegi barruan, korrika eta presaka abandonatuak izan diren etxeen antzera, ezinbestekoa den hori jasotzeko denborarik egon izan ez balitz bezala. Apaletan, milaka liburu gu bezala konfinatuak, denbora luze batean ezin izango ditugunak maileguan etxera eraman. Hala ere, bada oraindik eskuragarri dagoen bildumaren zati bat: liburutegi digitala. Izan ere, aukera paregabea dugu egun hauetan, bertan sartu eta bisitatzeko!

Koldo Mitxelena Liburutegia 2002 urtean hasi zen bere bilduma digitalizatzen eta, 18 urte hauetan, lehentasunezko lan honek ez du indarrik galdu. Liburutegiak etengabe jarraitu du bere paperezko dokumentuak sarbide libreko baliabide digital bilakatzen. Eta hori guztia helburu bikoitz batekin: dokumentazioaren jatorrizko euskarriaren babesa eta edukiaren zabalkundea.

Babesari dagokionez, pentsa dezagun, erabilpenarengatik, paperaren kalitatearengatik edota ingurumen-baldintza desegoki batzuen ondorioz hondatutako dokumentu batean. Digitalizazioak dokumentu horren erabilpena saihestuko du, kontserbazio baldintza ezin hobeetan gordetzea ahalbidetuko du zaharberritze posible baten kostua aurreztuz eta, etorkizunera begira, edukiaren irakurgarritasuna bermatuko du, euskarriaren hondatze prozesu sahietsezinak aurrera jarraitzen badu ere

Zabalkundeari dagokionez, digitalizatutako edukiak modu irekian eskaintzen badira, ikerlari zein irakurleek eskubiderik gabeko irudiak berrerabili ahal izango dituzte, eduki, produktu edo ekintza berriak sortuz liburutegira joateko beharrik izan gabe. Azken finean, digitalizazioa sormen prozesu askoren oinarrian dago: ikasketak, doktorego tesiak, artikuluak, erakusketak, elkarlanean gauzatutako Wikimedia (Wikisource, Commons…) arloko proiektuak, eta abar. Tutera, Hondarribi, Teruel, Londres, Reno edo Japonia. Berdin dio erabiltzaileak non dauden. Interneteko konexioa duen edozein euskarrik eskainiko die liburutegiko funts digitalizatuetara sartzeko aukera. Hau da, dudarik gabe, gure ondarearen demokratizazio eta eskuragarritasunaren eredu. Izan ere, aipagarria da KM Liburutegiko zerbitzu honek azken astetan izan duen igoera. Asko dira dokumentu digitalizatuak eskatu dituzten erabiltzaileak, baita horiek aurkitzeko laguntza ere. Eskaera hauek, normalean munduko hainbat tokietatik jasotzen ditugunei gehitzen zaizkie (Gasteiz, Ashburn, Bartzelona, Santa Clara, Nueva York, Palma edo Buenos Aires). Ez dira gutxi, Estatu Batuetatik, Frantziatik Argentinatik edo Kanadatik gugana jotzen duten kuriso eta ikerlariak, liburutegiko funtsetsiko duten interesa dela eta.

Ondare funtsa izan da digitalizazio lan horren jomuga, hau da, liburutegiko bilduma osoaren (334.561 dokumentu) heren bat. Funts honetan hainbat liburu eta dokumentu bitxi, zahar edo baliotsu topa ditzakegu, baita zenbait funts pertsonal (Julio Urquijo, Gabriel Celaya, Koldo Mitxelena Elissalt, Antonio Zavala, Sastre-Forest, Xabier Lete, eta abar),mapak eta laminak, eskuizkribuak eta gutunak, soinu artxiboak edota komiki originalak, besteak beste.

Egun, Liburutegiak 29.533 dokumentu ditu digitalizatuta; guztira, 11.308.944 orri edozein euskarritik, edonoiz eta edonon kontsultagarri daudenak. Horietatik, 736.277 orrialde funts bibliografiko eta dokumentalei dagozkie (eskuizkribuak, eskutitzak, monografiak…), 105.978 argazki funtsei eta 5.465.689 orrialde hemerotekako dokumentuei (egunkari eta aldizkariak).

 

 

Nola ikusi Koldo Mitxelena Liburutegiko eduki digitalak? Bide ezberdinetatik jo ahal dugu bertara iristeko:

  • Liburutegiko katalogoa. Bertan, hurrengo dokumentuak aurki daitezke:
    • Formatu digitalean argitaratuko dokumentuak, eskubide librekoak, zuzenean deskargatu ahal direnak edo esteka baten bidez fitxa bibliografikotik jatorrizko erakundearen web-era eramaten gaituztenak
    • Jatorriz analogikoak ziren eta liburutegiak berak edo beste erakunde batzuek digitalizatutako dokumentuak.
  • DokuMeta. Aldundiko Kultura Saileko argitalpenen biltegi digitala.
  • Atzoko Prentsa. Antzinako prentsa digitalizatua jaso eta eskaintzen duen portala (baita beste baliabide batzuk ere)

 

Prentsa, argazkiak, eskuizkribuak… Milaka dokumentu eskura, klik bat besterik ez eginez. Dena den, Liburutegiak beste pauso bat eman nahi du eta lanean dihardu bere eduki guztiak nazio eta nazioarte mailako proiektuetan  parte hartzeko bokazioarekin (Hispana, Europeana…). Hor egonda, KMKko funtsak beste erakundeetakoekin elkarlotu ahal izango dira, guztiak aberastuz.

 

Jarraian, Liburutegiko funts eta bilduma interesgarrienen aperitibo bat eskainiko dizuegu: 

EUSKAL FUNTSA. Dokumentuak euskaraz, euskal gaiei buruz, Gipuzkoan edo Euskal Herrian argitaratuak… Horien artean hurrengo hauek nabarmendu ahal dira:

  • Julio Urquijo funtsa. Idazlea, liburuzalea eta euskaltzalea, bere bizitza osoa eman zuen Urquijok euskal hizkuntza eta literaturari buruzko lan nabarmenetako batzuk berreskuratzen. Bere funtsa argitaratutako formatu ezberdinetako dokumentuez osatuta dago (liburuak, aldizkariak, eskuizkribuak, eskutitzak, mapak eta planoak). Nabarmenak dira euskarari buruz dituen zenbait lan.
  • Juan Pérez de Lazarraga noble arabarraren Bertso, kanta eta maitasun –kontuen bilduma eskuizkribua, 1560 urtean datatua.
  • Johannes Leizarragaren Itun Berriaren itzulpena, 1571 urtean egina Joana Albretekoa, Nafarroako erreginaren aginduz.  
  • Pedro de Aguerre y Azpilicueta, Axular-en, Guero, bi partetan partitua eta berecia… lana, 1643 urtean argitaratua. 

 

SOINU ARTXIBOAK. Radio Popular de Loyola-Herri Irratiko irratsaioak edo Antonio Zavalaren Auspoa eta Narrativa Popular bildumetako grabazioak.

BERTSO PAPERAK. Dokumentazio iragankorra, aurkitzeko oso zaila dena. Lehiaketetan abesten ziren bertsoen letrak jasotzen dituzten orriak dira. Oso gai ezberdinak agertzen dira bertan, nolabait garaiko gertaera historiko eta egunerokoen kronika bilakatuz.

 

ANTZERKIA. Antzerti Funtsa. Antzerkiari buruzko liburu eta dokumentuak, Toribio Alzagak sortutako Euskal Izkera ta Iztunde Ikastolako Anales testigantzatik hasita, Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako Antzerti, Antzerki Eskolatik jasotako dokumentaziora iritsi arte.

ARTXIBO PERTSONALAK, lehen aipatutako beste funtsak laguntzen dituztenak: Eva Forest eta Alfonso Sastreren dokumentazioa eta lan dokumentuak, Carlos Santamaría, Antonio Zavala, Koldo Mitxelena Elissalt, Xabier Lete, eta abar. Funts hauen digitalizazioa ikerlarien eskaeren arabera gauzatzen ari da eta baita online eskeintzen ere, egile eskubideen egoeraren arabera.

 

ESKUIZKRIBU ETA ESKUTITZ FUNTSAK. Hurrengo funtsak nabarmentzen dira:

  • Francisco Apalategui funtsa (1867-1948). Karlismoari eta Gipuzkoaren historiari buruzko dokumentazioa, besteak beste.
  • Louis-Lucien Bonaparte funtsa (1813-1891). Euskara eta beste hizkuntzen inguruko eskuizkribuak, erlijio liburuak, hizkuntza ezberdinetan idatzitako bibliak eta eskutitzak.
  • Peñaflorida Kontearen eskutitzak. XVIII. mendeko euskal Ilustrazioa islatzen duen dokumentazioa

 

PRENTSA HISTORIKOA. KMren web guneko Atzoko Prentsa Digitala ataletik kontsultagarri. 107 goiburu guztira, non hurrengo egunkari hauek nabarmendu ahal diren: La Voz de España, La Voz de Euskadi, La Hoja del Lunes, El Diario Vasco edo Unidad, baita euskarazko zenbait aldizkari: Baserritarra, Kristau ikasbidea, Euskal Esnalea edo Yakintza, Euskal-Erria, nahiz eta beste hizkuntzetako argitalpenak ere egon. Gune honetan ere bizirik dauden zenbait egunkarietarako sarbidea eskaintzen da: El Mundo, El País, Diario Vasco, Berria, Deia, Diario de Navarra, Noticias de Gipuzkoa, Diario de Noticias de Navarra, eta abar.

 

OBRA GRAFIKOA. Lantegietako kartelak, kirolak – atletismoa, estropadak-, aldarrikapen politikoak, laminak, grabatuak, antzinako mapak, argazkiak. Diseinu grafikoa, estetika edota tipografiaren inguruko ibilbide historiko bat. Hurrengo hauek dira funts nabarmenetako batzuk:

Eta hauek dira interes berezia duten zenbait dokumentu:

  • Txistu. Argia aldizkariko haur gehigarria.
  • Poxpolin. Isaac Lopez Mendizabalek 1935 urtean sortutako argitalpena, TBO aldizkaria Euskal Herrira egokitu nahian. 

 

ARGAZKI FUNTSAK. Hurrengo bildumak aipagarriak dira:

  • José Luis Sánchez Ayerza funtsa. Donostiako antzinako postalak.
  • Julia Jiménez funtsa. Donostia eta Gipuzkoako XX. mende hasierako ikuspegiak eta eszenak jasotzen dituzten negatiboak, kristalezko euskarrian.
  • Thomas Jacques funtsa. Gipuzkoako ikuspegi panoramikoak (Donostia, Loyolako Santutegia, Azpeitia, Bergara, eta abar), 1900-1920 artean eginak.
  • Aparicio funtsa. 50 eta 60 hamarkadetako Donostiako bizitza soziala. 84 argazki-film (negatiboak), negatibo 7 tira (32 fotograma), positibatutako materialaz lagunduta.
  • Estudio Pascual funtsa. Gipuzkoako industria. Lantegi mota askotako negatiboak, zenbait desagertuta, eraikinak, produktuen katalogoak, langileak, planoak …
  • Miguel Urreta funtsa. Verascopio batekin lortutako negatibo bilduma. Jatorrizko materiala familiak gordetzen du. Guztira, XX mende hasierako 900tik gorako irudiak

 

Konfinamendu honek isiltasuna ekarri du liburutegiko geletara, baina liburuak eta irudiak ez dira isildu; gurekin hizketan dihardute liburutegi digitaletik. Bertatik gonbidatzen zaituztegu gure bildumak ezagutzera. Laster izango gara berriz ere hemen zuekin, gaur hasi dugun paseo honekin jarraitzeko. Bitartean, adi egon eta jarraitu #KMKetxetik eta #KMKlik traolak. Espero zaituztegu!

 
Hau ere online
  • Iván Zulueta

    Sailkatu ezinezko artista baten sorkuntzaren erreferentzia osoa eta oinarrizkoa.

  • Txiki Zabalo

    Kronika grafikoaren eredu eta ilustratzaile den horren lan grafikoaren bilduma osoa.

  • Pío Baroja

    Donostiar idazle handia irakurtzeko gida.

  • Antiqva

    Aintzinari buruz orain arte egin diren jardunaldietako testuak.

  • XIX. mendeko albuma

    Euskal Herriari buruzko 4.000 irudi inguru dituen kultur webgunea. Irudiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren funtsetakoak dira eta kultur zentro desberdinetan daude.

  • Alfonso Sastre - Eva Forest

    Alfonso Sastre eta Eva Forest-en inguruko informazio osoa.

  • Gabriel Celaya

    XX. mendeko Gipuzkoako poetarik esanguratsuenetarikoaren bizitzari eta lanari errepasoa.

  • Gipuzkoa 1936

    Garaiko dokumentuak, egunkari eta bestelako aldizkako argitarapenak, erabiliz Gipuzkoa eraldatu zuen urtearen errealitatea erakusten da.

  • Manex Erdozaintzi

    Manex Erdozaintzi-Etxart XX. mendeko euskal olerkari aipagarrienetako bat da, 1934-1984 urteen artean bizi izan zena. Euskal pentsamenduarekin lotutako artikulu eta gogoeta anitz idatzi zuen.

Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.