Jose Luis Zumeta

E-posta Inprimatu

Atzo baino pixkat umezurtzago esnatu gara gaur, Jose Luis Zumeta margolari usurbildarraren heriotzaren albistea entzun ostean. 81 urte bete berri, ahots propioz hitz egiten duen ondarea utzi du Zumetak, eta horretaz gozatzen eta elikatzen jarraitu ahal izango dugulako pozik egon behar dugu, hala eta guztiz ere.

Zumetaren heziketa artistikoa 50. hamarkadan hasi zen, Donostiako Arte eta Lanbide Eskolan eta Gipuzkoako Artisten Elkartean margolaritza ikasten hasi zenean. 1958ko Madrilgo Gazte Pintura Lehiaketan Urrezko Domina irabazi ondoren, Parisera joan zen ikasketak osatzera eta Europako hainbat herrialdetatik bidaiatu zuen, garaiko abangoardia eta artea bertatik bertara ezagutuz.

Itzuli zenean, Hondarribian jarri zen bizitzen eta Remigio Mendiburu eskultorearekin adiskidetu zen. 1966an Gaur taldearen sorreran parte hartu zuen Amable Arias, Rafael Balerdi, Nestor Basterretxea, Eduardo Chillida eta Jorge Oteiza beste euskal artistekin batera. Hurrengo urtean, Euskal Pintura Saria jaso zuen "Picassoren Gernikari omenaldia" obrarekin eta, 70.eko hamarkada, bakarkako eta taldeko erakusketetan parte hartzeaz gain, irakaskuntza-lanetan eta Usurbil, Pasai Antxo eta Zarautzerako zeramikazko erliebe handiak sortzen eman zuen. Hurrengo hamarkadetan ere erakustaldiak egiten jarraitu zuen etengabe, iazko udan Donostiako Ekain galerian egin zuen azken erakusketara arte.

Ibilbide profesional luze horren lekuko dira parte hartu duen erakusketen katalogoak, eskuorriak, kartelak eta laminak, Liburutegiko bildumaren parte direnak. Espresionismo abstraktuan erreferente paregabea, euskal kulturako egile handien liburu eta diskoen azalen diseinuan kolaboratu izanak bere pintura kolorista bereizgarria arte garaikidean adituak ez garenon artean ere ezagutzera eman du. Ildo horretan, Javier Aguirre Gandariasen eta Mikel Laboaren liburuak ilustratu zituen, eta Laboaren hainbat disken estalkia ere diseinatu zituen.

Kultura herrikoian izan zuen inplikazioaren islada dira euskal kultura eta hizkuntzaren aldeko ekimen ezberdinetarako diseinatutako hainbat kartel eta lamina. Kartel hauen artean badira 1984ko Donostiako Aste Nagusirako, 2015ean Usurbilen ospatutako Kilometroak jaialdirako edo Durangoko Liburu Azokaren 50. Urteurrenerako diseinatutakoak. Lurraldeko agenda kulturalean izandako parte hartzeak nazioarteko entzutea duten ekitaldiak ere hartu zituen barne eta, besteak beste, Musika Hamabostaldirako eta Jazzaldirako kartelak diseinatu zituen bi hauen edizioren batean.

Beraz, XX. mendeko euskal abangoardia artistikoaren garapena ulertzeko artista ezinbestekoa eta kulturarekin konprometitutako herritarra zendu da. Badoa baina bere obra uzten digu opari, nor garen eta nondik gatozen ulertzen eta ikasten jarraitu ahal izateko eta nora joan nahi dugun eta zer izan nahi dugun hausnartzen laguntzeko balioko diguna.

 

 
Hau ere online
  • Iván Zulueta

    Sailkatu ezinezko artista baten sorkuntzaren erreferentzia osoa eta oinarrizkoa.

  • Txiki Zabalo

    Kronika grafikoaren eredu eta ilustratzaile den horren lan grafikoaren bilduma osoa.

  • Pío Baroja

    Donostiar idazle handia irakurtzeko gida.

  • Antiqva

    Aintzinari buruz orain arte egin diren jardunaldietako testuak.

  • XIX. mendeko albuma

    Euskal Herriari buruzko 4.000 irudi inguru dituen kultur webgunea. Irudiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren funtsetakoak dira eta kultur zentro desberdinetan daude.

  • Alfonso Sastre - Eva Forest

    Alfonso Sastre eta Eva Forest-en inguruko informazio osoa.

  • Gabriel Celaya

    XX. mendeko Gipuzkoako poetarik esanguratsuenetarikoaren bizitzari eta lanari errepasoa.

  • Gipuzkoa 1936

    Garaiko dokumentuak, egunkari eta bestelako aldizkako argitarapenak, erabiliz Gipuzkoa eraldatu zuen urtearen errealitatea erakusten da.

  • Manex Erdozaintzi

    Manex Erdozaintzi-Etxart XX. mendeko euskal olerkari aipagarrienetako bat da, 1934-1984 urteen artean bizi izan zena. Euskal pentsamenduarekin lotutako artikulu eta gogoeta anitz idatzi zuen.

Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.