Liburu digitala

E-posta Inprimatu

Gobernuak egun hauetan onartu berri duen 15/2020 Lege-Dekretuak liburu elektronikoen eta aldizkari eta egunkari digitalen BEZa %21-etik %4-ra jaisteko neurria jasotzen du, paperezko eta digitalezko zerga-tasa parekatuz. Neurri horrekin, gobernuak liburuaren sektorea edo haren zati bat, gutxienez, suspertzen lagundu nahi du irakurketa sustatuz eta formatu digitaleko eduki kulturalen kontsumoa bultzatuz.

Jaitsierak ez du esan nahi, ordea, liburu elektronikoaren salmentaren azken prezioa automatikoki jaitsiko denik. Irakurketari, liburuari eta liburutegiei buruzko ekainaren 22ko 10/2007 irakurketaren, liburuaren eta liburutegien Legearen ildoei jarraituz, eta liburu-denda handiek beren abantailaz baliatuz liburu-denda txikiekin desleialtasunez lehiatzea saihesteko, argitaletxeak dira liburuen prezioak finkatzen dituztenak; argitaletxe bakoitzaren esku geratzen da, beraz, zerga-jaitsiera salmenta-prezioan islatzea ala ez.

Argitaletxe handi batzuek dagoeneko iragarri dute beherapen fiskalak katalogoko zenbait tituluren prezioan behintzat eragina izango duela; euren salmenta-bolumenak eta negozioaren dibertsifikazioak aukera ematen diete salmenta-unitate bakoitzaren irabazi-marjina murrizteko. Baina argitaletxe txikiagoen egoera konplikatuagoa da oraingo honetan ere. Egungo testuinguruan, zilegi da marjina txiki hori aprobetxatzea etenaldi orokor honek paperezko liburuen salmentan eragin dituen galera handiak arintzeko.

Argitaletxe txikiei ez ezik, neurri honek liburudendei ere ez die mesederik egingo, azken hauek liburu elektronikoen salmenta-zirkuitutik kanpo geratzen baitira. BEZaren jeitsiera ez da izango, hortaz, liburu-sektorea itotzen duen ezegonkortasun kronifikatuarekin amaituko duen behin betiko neurria. Beste neurri berri batzuk iritsi beharko dira etengabe hari-harian dagoen sektoreari arnasaldi bat emateko.

Lerro hauek aprobetxatuz gogorarazi nahi dizuegu, baita ere, gure web orriko Liburutegi Digitala atalean badirela etxetik kontsulta daitezkeen milaka dokumentu formatu digitalean. Aurreko artikulu batean sakonki azaldu genuen bezala, Liburutegi honetan aldizkari eta egunkarietako artikuluak, eskuizkribuak, kartelak, bideoak edo komikiak aurki ditzakezue. Guzti hauetatik, 12.000 liburu inguru daude formatu digitalean eskuragarri, zeintzuetatik herena baino gehiago  fikziozkoak diren. Gehienbat euskaraz idatzitako eleberriak, poemak, kontakizunak eta komikiak, baina badira gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, italieraz eta beste hizkuntzetan idatzitakoak ere.

Gogora ekarri nahi dugu, halaber, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegiek eLiburutegia zerbitzua eskaintzen dietela beren bazkideei, Internet bidez eduki digitalak irakurtzeko eta zinea eta ikus-entzunezkoak online ikusteko aukera ematen duen plataforma. Milaka liburu, literaturako klasikoetatik hasi eta azken nobedade editorialetara iritsi arte, haien istorioetan noiz murgilduko zain.

Liburutegi-proiektu horiez gain, nazioko eta nazioarteko beste ekimen batzuk liburu digitalizatuak irakurleei eskuragarri jartzeko etengabe lanean ari dira. Honen adibide dira Google Books, Gutenberg Proiektua, Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes, OA Books web orria, zeinetan sarbide irekian dauden liburuak biltzen diren, edo Kolonbian garatutako El libro total: la biblioteca digital de América.

Aurreko ekimenak baino hurbilago geratzen zaizkigun ekimen dexente ere badago, hala nola Booktegi espazio digitala, Argia aldizkariak eskaintzen duen multimedia atala, Armiarma literatura-guneak prestatu duen euskal literaturako testu klasikoen biltegi digitala edo Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako Buruxkak liburutegi digitala, besteak beste.

Ez dago aitzakirik, zailena istorio guztien artean bakarra aukeratzea da, gainerakoa esertzea eta bidaiaz gozatzea da.

 

 
Hau ere online
  • Iván Zulueta

    Sailkatu ezinezko artista baten sorkuntzaren erreferentzia osoa eta oinarrizkoa.

  • Txiki Zabalo

    Kronika grafikoaren eredu eta ilustratzaile den horren lan grafikoaren bilduma osoa.

  • Pío Baroja

    Donostiar idazle handia irakurtzeko gida.

  • Antiqva

    Aintzinari buruz orain arte egin diren jardunaldietako testuak.

  • XIX. mendeko albuma

    Euskal Herriari buruzko 4.000 irudi inguru dituen kultur webgunea. Irudiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren funtsetakoak dira eta kultur zentro desberdinetan daude.

  • Alfonso Sastre - Eva Forest

    Alfonso Sastre eta Eva Forest-en inguruko informazio osoa.

  • Gabriel Celaya

    XX. mendeko Gipuzkoako poetarik esanguratsuenetarikoaren bizitzari eta lanari errepasoa.

  • Gipuzkoa 1936

    Garaiko dokumentuak, egunkari eta bestelako aldizkako argitarapenak, erabiliz Gipuzkoa eraldatu zuen urtearen errealitatea erakusten da.

  • Manex Erdozaintzi

    Manex Erdozaintzi-Etxart XX. mendeko euskal olerkari aipagarrienetako bat da, 1934-1984 urteen artean bizi izan zena. Euskal pentsamenduarekin lotutako artikulu eta gogoeta anitz idatzi zuen.

Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.