Testu konfinatuak I: konfinamendu boluntarioak

E-posta Inprimatu

«Arimak bere konpainia aukeratzen du eta gero atea ixten du».  

134 urte betetzen dira gaur bertso eder hau idatzi zuen egilea, Emily Dickinson poeta, alegia, Masachusets-eko Amherst hirian hil zela. 1830eko abenduaren 10ean jaioa, Emilyk bere bizitzaren zatirik handiena familiaren etxean konfinatua bizi izan zuen bere borondatez, eta handik 1.800 poema eta ehunka gutun idatzi zituen. Bizitza adierazteko modua idazketa izan zen berarentzat: barneko pasioak poemetan islatzera emana bizi izan zen eta bere lagunekin posta bidez erlazionatzen zen.

Berataz idatzi dute pertsona jantzia, lotsatia eta bakartia zela, bere idatzietan ere isladatzen den bezala. Baina nortasun sendo eta nekaezineko pertsona zela ere susma dezakegu, salbuespenak salbuespen, bertso argitaragabeak etsi gabe idazten  eman baitzuen bizitza. Emakume izatea eta garaiko gizartetik at bizitzea ez ziren bere idazkeratik bizi nahi zuenarentzat mesedegarri, eta, hala ere, ahots propioa bilatzen eta ahots hori paperean iraultzen pasa nahi izan zuen bere denbora.

Egindako ahaleginak eman zituen emaitzak eta gaur egun Emily Dickinson garai guztietako poeta garrantzitsuenetakotzat jotzen da: bere poesiak gai sakonak eta traszendentalak tonu arinarekin jorratzen dituelako dute irakurleek gogoko, eta bere poemekin bizitzeko modu bat, izateko eta egoteko aukera bat transmititzen duelako maite dute beste poetek.

Liburutegian badira bere poemen edizio eta bilduma ezberdinak, lagunekin elkarri idatzitako eskutitzak eta baita beste idazle batzuk berari buruz idatzitako liburu biografikoak ere.

Berak bezala, beste idazle asko izan dira kanpoko zaratatik isolatu eta ahots propio bat aurkitu eta garatzeko etxean sartuta bizi izan direnak. Marcel Proust-ek, adibidez, bere bizitzako azken hamabost urteak Haussmann bulebarreko etxetik ia irten gabe pasa zituen. Bere izugarrizko Denbora galduaren bila agian ez zen existitu ere egingo konfinamendu garai luze horregatik izan ez balitz. Parisko saloi dotoreetan urteak eman ondoren, gazte-gaztetatik pairatu zuen asmak bizitza normala egitea eragotzi zion, eta, ondorioz, etengabe eta ia modu obsesiboan idazten eta berridazten pasa zituen azken urteak, harik eta bere obra handia osatu zuen arte. Bere bizitzaren azken partea etxetik irten gabe igarotzera biriketako gaixotasunak eraman bazuen ere, Proust-ek gaztarotik idatzi zuen etxean giltzapetuta bizitzearen alde, etxean bizi zenak “munduaren ikuspegi pribilegiatu bat zuela” aldarrikatuz.

Shirley Jackson etxe-beldurrezko generoan espezializatutako ipuingile eta eleberrigile kaliforniarraren kasua ere hori da. Hasiera batean, garaiko konbentzio sozialek eragin zuten bere konfinamendua, zeintzuek, 40, 50 eta 60 hamarkadetako Vermont-en, behartzen zuten ama, etxekoandre eta emazte errukarriaren alderdia literatur sortzailearenaren aurretik jartzera. Ondoren, bere idazkiek eragiten zuten arbuioak bere bizilagunetatik urrundu zuen; familia ugariko ama izan eta Loteria bezalako ipuin beldurgarriak idaztea ez zen bateragarria, haien begietan, eta horregatik gaitzetsi zuten etengabe. Etxetik ia irten ere egin gabe jo eta ke idazten  urteak pasa zituen arren, presio sozialak ondorioak izan zituen beregan eta antsietatea eta agorafobia sufritu zituen. Gaitz hauek osatzeko agindutako tratamenduak, alde batetik, eta alkoholak eta beste medikamentuek, beste aldetik, osasuna kaxkartzen lagundu eta haren heriotza goiztiarra arindu zuten.

Borondatezko konfinamenduaren laugarren adibide paradigmatiko bat J.D. Salinger-ena da, 1951n Zekale artean harrapaka argitaratu zuen une beretik idazle klasiko bihurtu zena eta gaur egun, oraindik, behin eta berriz argitaratu eta urtero ehunka mila ale saltzen dituena. Horrela, 30 urte bete berri zituela Salinger dagoeneko maitemindua eta abandonatua izan zen, Bigarren Mundu Gerran borrokan ibilitakoa zen eta idazle gorenen parte izatera iritsi zen, horrek guztiak duen alde onarekin baina baita txarrarekin ere. Agian bizitzaren hasieran hainbeste, hain azkar edo hain kanpora begira bizitzeagatik, Holden Caulfield mitikoaren egileak mundutik isolatu eta New Hampshire-ko baserri batera erretiratzea erabaki zuen. Han bizi izan zen lau hamarkada baino gehiagoz, gustatzen zitzaion gauza bakarra egiten: idazten. Bere pertsonaiarik ospetsuenaren ahotan jarri zituen berak esan zitzakeen hitz hauek: “Benetan diotsuet min emango lidakeela, piano-jotzailea edo zine-aktorea banintz, ergel horiei zoragarria naizela irudituko balitzaie. Txalotzen banaute ere gogaituko nintzateke. Jendeak beti txalotzen du behar ez duena. Pianista banintz, armairu baten barruan joko nuke”.

Idazle hauek eta beste askok beren bizitzaren zati bat bakardadean bizi izan zuten, literaturan ibilbide bat garatzea ahalbidetuko zien sormenaren bila. Akaso pertsona bakartiak izan ziren laurak, eta beharbada bere kasa egoteak baino ahalegin handiagoa suposatzen zien jendez inguratuta egoteak. Hainbat arrazoirengatik, beren bizitzako une batean edo bestean, etxean konfinatu eta beren denbora eta adimena erabiliz haien irudimenean gertatzen ziren istorioak idatziz uztea erabaki zuten. Proust-en hitzetan, isolamenduak aukera eman zien “nork bere burua baztertu” eta kanporantz bizitzeari uko egin eta norbere barne-munduan eta “bizitzeko etenduraren gozotasunaz” gozatzeko.  

Laurek irribarre egingo lukete, agian, 2020ko aste hauetan mundua, eta munduarekin euren liburuak ere, konfinatuta egon direla jakingo balute. Baina bada garaia Liburutegian ditugun Proust, Jackson eta Salinger-ren eta haiei buruzko liburuen aleak nagiak ateratzen hasi eta lozorrotik ateratzen joan daitezen, irakurleak berriz atsegintzeko.

 

 
Hau ere online
  • Iván Zulueta

    Sailkatu ezinezko artista baten sorkuntzaren erreferentzia osoa eta oinarrizkoa.

  • Txiki Zabalo

    Kronika grafikoaren eredu eta ilustratzaile den horren lan grafikoaren bilduma osoa.

  • Pío Baroja

    Donostiar idazle handia irakurtzeko gida.

  • Antiqva

    Aintzinari buruz orain arte egin diren jardunaldietako testuak.

  • XIX. mendeko albuma

    Euskal Herriari buruzko 4.000 irudi inguru dituen kultur webgunea. Irudiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren funtsetakoak dira eta kultur zentro desberdinetan daude.

  • Alfonso Sastre - Eva Forest

    Alfonso Sastre eta Eva Forest-en inguruko informazio osoa.

  • Gabriel Celaya

    XX. mendeko Gipuzkoako poetarik esanguratsuenetarikoaren bizitzari eta lanari errepasoa.

  • Gipuzkoa 1936

    Garaiko dokumentuak, egunkari eta bestelako aldizkako argitarapenak, erabiliz Gipuzkoa eraldatu zuen urtearen errealitatea erakusten da.

  • Manex Erdozaintzi

    Manex Erdozaintzi-Etxart XX. mendeko euskal olerkari aipagarrienetako bat da, 1934-1984 urteen artean bizi izan zena. Euskal pentsamenduarekin lotutako artikulu eta gogoeta anitz idatzi zuen.

Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.