Bidaia Europan zehar

E-posta Inprimatu

Oraingoan etxetik gertu bidaiatuko dugu, ez da batere aukera txarra garai hauetarako! Europa kontinenterik bisitatuenetako bat da, eta ez da gutxiagorako! Erromako Koliseoa bisitatu, Eiffel dorrea igo, Amsterdam bizikletaz gurutzatu, Santorinin eguneroko abiaduratik alde egin, Norvegiako fiordoetan kruzero bat burutu, Moskuko plaza gorrian liluratu, Brujas eta Gante bisitatu… orduak eman genitzake, Europako hainbat puntu komentatuz.

Aukera asko daude, eta denek gogoraraziko digute tokian bertan bizitutako une magikoren bat, lagunekin zein familiarekin… Esaterako, Zidrou eta Lafebre komikigileek belgiar familia baten udako oporraldiak kontatzen dituzte “Los buenos veranos” komikietan. 70. hamarkadako familia bat eta beraien ilusioak, poztasunak eta baita desengainuak ere, dena izozkien zapore eta eguzkitako kremaren usainaz lagunduta.

Beste batzutan aldiz, historiako hainbat pasarte, eta gainera ez hain atseginak ezagutzeko parada ematen digute komikiek. Arte Spiegelmanek “Maus: relato de un superviviente” komikian edo “El fotógrafo de Mauthausen” Salva Rubio, Pedro J. Colombo eta Aintzane Landaren bidez nazien gora-beherak eta sarraskia ezagutu ditzakegu. Joe Saccok “Historias de Bosnia” komikian berriz, lehen pertsonan kontaten du nola bizi izan zuen Bosniako gerraren amaiera. “Soldados de Salamina” komikira egokitutako eleberrian José Pablo Garcíak Frantziar mugan gertatu zen fusilamendu frankista kontatzen du gerra zibilaren amaieran kokatuta. Eta kutsu historikodun komikiekin amaitze aldera, Norma argitaratzailearen “Grandes batallas navales” aipatu nahi dugu, bertan ikusi eta ia bizi ditzakegu Lepanto, Jutlandia, Trafalgar edo Stamford Bridgen gertatu ziren itsas guduak.

Abenturaz abentura ibiliko gara orain Europa zeharkatuz album batetik bestera saltoka. Moskun barrena “Tintín en el país de los Soviets” komikian: Milú txakurrarekin batera Tintinek Errusiara bidaiatuko du Iósif Stalin lehendakari komunistaren politiken inguruko erreportai bat egin asmoz. Tintin Islandian ere ibili da “La estrella misteriosa”. Haddock kapitainaren agindupean izotz artean ibiltzeko ontzi batean Artikorantz doazela meteorito batek lur hartu du. Asterix eta Obelix lagunekin berriz, Korsika ezagutu dezakegu erromatarren esku erori den korsikar bati etxera itzultzen lagunduz. Asterix eta Obelix Belgikan ere ibiliak dira, Julio Zesarrek esan zuelako ausartenak zirela eta Abraracurcix haserretuta beraien arteko leian ibiliko dira. Europako abentura hauetan Filemon eta Mortadelok ere badauzkate hainbat abentura. Esaterako “En Alemania” komikian britainiarrei lapurtutako bitxien bila ibiliko dira Berlinen. Ingalaterran berriz “Las vacas chaladas” albumarekin Bakterio irakasleak sortu nahi zuen formula bat izango da ardatz. Behiak gizentzeko formula, ordea, ez da nahi bezala aterako eta gizendu beharrean erotu egingo ditu behiak.

Oporrak gozatzeko izan ohi dira, edo momentu atseginak eta politak bizitzeko aukerak dira, eta hori ikus daiteke hurrengo umorezko komikietan. “Gazpacho agridulce” komiki sortan familia txinatar bat Andaluzian nola bizi den eta beraien gora-beherak islatzen dira. “Un mal viaje al Oeste: el viaje a lo rata de Mickeyman” komikian Angulemara joateko beka bat probestuz bidaia apur bat aldatu eta neska-laguna bisitatzera Espainiara gerturatuko den marrazkilari baten ibilerak jasotzen dira.

Gozatzeaz gain, ordea, emozioetarako tartea ere izango dugu Europan zehar bidaiatuz. Valeria Stoppak Erroman 70. hamarkadan Alzheimerra duten gaixoen artean lan egiten du, eta batzutan berak ere bere oroitzapenak ahantzi nahiko lituzke, “Del Trastevere al paraíso” komikia Felipe Hernández Cava eta Antonia Santolayarena da. “Portugal” komikian Simon Muchat marrazkilariaren krisialdi bat ezagutuko dugu Cyrik Pedrosaren komikian. Simon bere jaioterrira itzuliko da bertan bizitza erabat aldatzera iritsiz. Eta azkenik, “Los gatos del Louvre” manga moduko komikian Louvre museo ezagunean bizi diren katuen istorioak ezagutu ditzakegu, hauek izango dira museoko bidaide ikusezinak.

Europan zehar saltoka ibili gara, eta are salto mordoa, toki asko utzi ditugu bidean, hurrengo bidaietarako beti komeni baita bisitatu gabeko herriak uztea. Tarteka album motako komikien aipamenak egin ditugu, albuma izan baita Europako komikiaren ardatz batez ere Belgika eta Frantzian, baina orohar ia Europa osoan. Bertan ongi funtzionatzen duen komiki formatua da eta oso lotuta dago gainera hiri batekin. Guretzat beti erreferente izan den hiria da honakoa: Angulema, komikiaren hiria da. Hiria bera da komikiaren gordeleku duen museoari esker, komikiaren bizileku, antolatzen duen komiki festibalari esker, komikiaren irakurle, duen liburutegiari esker…. hemendik Angulema bisitatzeko gonbitea luzatzen dizuegu.
 

 
Hau ere online
  • Iván Zulueta

    Sailkatu ezinezko artista baten sorkuntzaren erreferentzia osoa eta oinarrizkoa.

  • Txiki Zabalo

    Kronika grafikoaren eredu eta ilustratzaile den horren lan grafikoaren bilduma osoa.

  • Pío Baroja

    Donostiar idazle handia irakurtzeko gida.

  • Antiqva

    Aintzinari buruz orain arte egin diren jardunaldietako testuak.

  • XIX. mendeko albuma

    Euskal Herriari buruzko 4.000 irudi inguru dituen kultur webgunea. Irudiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren funtsetakoak dira eta kultur zentro desberdinetan daude.

  • Alfonso Sastre - Eva Forest

    Alfonso Sastre eta Eva Forest-en inguruko informazio osoa.

  • Gabriel Celaya

    XX. mendeko Gipuzkoako poetarik esanguratsuenetarikoaren bizitzari eta lanari errepasoa.

  • Gipuzkoa 1936

    Garaiko dokumentuak, egunkari eta bestelako aldizkako argitarapenak, erabiliz Gipuzkoa eraldatu zuen urtearen errealitatea erakusten da.

  • Manex Erdozaintzi

    Manex Erdozaintzi-Etxart XX. mendeko euskal olerkari aipagarrienetako bat da, 1934-1984 urteen artean bizi izan zena. Euskal pentsamenduarekin lotutako artikulu eta gogoeta anitz idatzi zuen.

Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.