Tupust komikiaren aurkezpena eta erakusketa

E-posta Inprimatu

Tupust komikiaren aurkezpena
Martxoak 25, 12:00tan Komikigunean

Tupust komikiaren erakusketa
Martxoak 25 – 29 Komikigunean
Ordutegia: 11:30-13:30 eta 17:30-19:30

20 egilek osatutako 14 komiki biltzen dira Tupust komikian. Tupusten lehen zenbakia da honakoa, ‘Ni’ izenekoa. Txalapartak argitaratu du eta hauxe da egileek sortu duten manifestua komikia zer den azaltzeko:

"Orokorrean, umorea eta satira, eta are zehazkiago binetagintza eta komikigintza MASKULINITATEEK gobernaturiko esparruak izan dira. Bai, baita gure Euskal Herri txiki honetan ere. Egoerari erreparatzerakoan, harrigarriki beldurtu gintuen ikusteak zeinen TRADIZIONAL eta HETERONORMATIBO (izan) garen istorioen nahiz gorputzen sorkuntzan eta zeinen espazio gutxi (izan) duten ikuspegi BINARIO horri kontra egin eta haratago joateko nahia (izan) duten sortzaileek. Bazterretik jardun behar izan duten baztertuak (izan) dira. Euskal Herrian oso iraultzaileak izan gara gai jakin batzuen inguruan, baina oso tradizionalak genero-sexu rolen eraikuntzan, estereotipoen betikotzean.
Hori guztia gutxi ez balitz, Euskal Herria ere ez da libratzen akademiak eta industriak hauspotuta mundu mailan bolo-bolo dabilen FALAZIA kontzientzia-anestesiagarritik: emakumeek ez dute komikigintzan, binetagintzan, umoregintzan eta satiragintzan lan egin nahi (eta falazia hori hedatu dute beste hainbat subjektuetara ere. Gizon zuri heterosexual mendebaldarraren eredutik kanpoko subjektuek, hots, BESTEEK —transek, queer jendeak, beltzek, pobreek…— ez omen dute komikia egiteko interesik). Argumentazio hori ahula bezain interesatua da, esparru publikoa maskulinizatzeaz gain, errealitatearekin etengabe talka egiten duena.
«Komikigintzaren Historia Ofizialak» itzalean utzitako egileei argi egiten jarri dituzte fokuak Josune Muñoz (EH), Elisa McCausland (Espainia), Betsy Gomez (AEB) edota Samantha Meier (AEB) bezalako ikertzaileek eta, bide batez, bazterretatik lanean dihardutenen lanak ezagutarazteaz gain, merezi duten errekonozimendua aitortzen diete akademiatik. Era berean, ‘Autoras de Cómic’ (Espainia), ‘Spring’ (Alemania) eta ‘Femicomix’ (Finlandia) bezalako kolektibo interesgarriak ere sortu dira azkenaldian. Baita argitalpen interesgarri mordo bat ere, hala nola, ‘Enjambre’ (Espainia) eta ‘Resist!’ (AEB).    
Ingurumari horretan interesgarria iruditu zitzaigun martxan jartzea Euskal Herri mailako ‘komiki-antologia-edo-dena-delako-zerbait-feminista-queer-eta-gehitu-nahi-duzuen-guztia’. «Hemen gaude!» esateko. Eta sorkuntza modu zurrunekin apurtzeko. Eta kontatu nahi dugun hori kontatzeko. Gainera, euskaraz. Eta egile profesionalak egile amateurrekin nahastuz, oso-oso garrantzitsua baita hasiberriak direnei bultzada ematea eta, areago, lehen aukera bat eskaintzea.
Tupust! deituriko komiki antologiaren atzean, izen bereko kolektiboa dago. Kolektiboa Donostian sortu zen 2016. urtean, eta helburu nagusienak dira (1) komikia eta feminismoa uztartzea, (2) egileen arteko komunitate bat osatzea, (3) sare hori baliatu ahal izatea lan/proiektu berriak abiarazteko zein izan ditzakegun zalantzak partekatzeko eta (4) gure intereseko hitzaldi, erakusketa, egitasmo eta abarrak antolatzea eta sustatzea, tartean, Tupust! komiki antologia feministaren argitalpena bera.
Amets Gurbiola Negugogorrek koordinatutako lehen edizio honetan parte hartu duten egileak ondorengoak dira: Irati Eguren Arruti, Paula Estévez, Arrate Rodriguez, Maite Caballero, Danele Sarriugarte & ‘Josevisky’ Larratxe, Maite Gurrutxaga & Irati Jimenez, Irati F.G. & Regina Salcedo, Nerea Unanua Otxoantesana & Amaia Lekunberri Ansola, Txakur Gorria, Loinaz Lekuona, Maitane Gartziandia, Ainara Azpiazu Aduriz ‘Axpi’, Eider Eibar & Miren Amuriza eta Leire Urbeltz & Hedoi Etxarte.
Lehen argitalpen honen gaia «Ni» da eta, ondorioz, antologia hau osatzen duten istorio guztiak gorpuzten dira ‘ni’aren inguruan; komiki guztiek hitz egiten dute, era batean ala bestean, ‘ni’ari buruz. Komiki hitza erabiltzen dugu bai, baina irakurleek askotariko komikiak aurkituko dituzte Tupust! antologian.  Batzuk testuaren laguntza dute, beste batzuk soilik irudiak erabiliz eraiki dira. Batzuk bineta, marrazki eta testu asko dituzte orrialde bakoitzeko, beste orrialde batzuk irudi mutu bakarrarekin betetzen dira.
Tupust! «Ni». 14 komiki. 20 egile. Egitasmo honek tupust egin ez dezan irakurleari dagokio orain konplize bihurtzea, antologian barrena murgildurik."
 

 
Hau ere online
  • Iván Zulueta

    Sailkatu ezinezko artista baten sorkuntzaren erreferentzia osoa eta oinarrizkoa.

  • Txiki Zabalo

    Kronika grafikoaren eredu eta ilustratzaile den horren lan grafikoaren bilduma osoa.

  • Pío Baroja

    Donostiar idazle handia irakurtzeko gida.

  • Antiqva

    Aintzinari buruz orain arte egin diren jardunaldietako testuak.

  • XIX. mendeko albuma

    Euskal Herriari buruzko 4.000 irudi inguru dituen kultur webgunea. Irudiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren funtsetakoak dira eta kultur zentro desberdinetan daude.

  • Alfonso Sastre - Eva Forest

    Alfonso Sastre eta Eva Forest-en inguruko informazio osoa.

  • Gabriel Celaya

    XX. mendeko Gipuzkoako poetarik esanguratsuenetarikoaren bizitzari eta lanari errepasoa.

  • Gipuzkoa 1936

    Garaiko dokumentuak, egunkari eta bestelako aldizkako argitarapenak, erabiliz Gipuzkoa eraldatu zuen urtearen errealitatea erakusten da.

  • Manex Erdozaintzi

    Manex Erdozaintzi-Etxart XX. mendeko euskal olerkari aipagarrienetako bat da, 1934-1984 urteen artean bizi izan zena. Euskal pentsamenduarekin lotutako artikulu eta gogoeta anitz idatzi zuen.

Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.