Argi kritikoak, memorien espazio demokratiko baterako
Sorkuntza artistikoa eta literarioa, berezko egikera autonomo eta askeari esker, gai dira forma disidente berriak sorrarazteko, indarkeria terroristaren aurrean bestelako imajinario batzuk eragiteko. Gai dira, orobat, isiltasun guneak argitzeko. Hori guztia zor zaio berezko duten errepresentazio ahalmenari eta adierazpen molde berriak sortzeko gaitasunari. Jakina denez, artelan bat edo eleberri bat ez da, izatez, tratatu moral edo politiko bat, baina, forma hartzen duenean, baita zentzua modu anbiguoan adierazten duten obretan ere, dialogo estetiko, moral eta politiko bat aktibatzen dute hartzailearengana iristean. ETAk protagonizatu duen indarkeriaren historiaren aurrean, artista gutxik islatu dute gai hori beren obretan. Sorkuntza literarioan, ordea, geroz eta gehiago dira jasandako zorigaitzari heltzen dioten obra berriak; Fernando Arambururen Patria da kasurik aipagarriena.
Oroimen izpiak erakusketakindarkeriaren historiari begiratzen dio, eta aintzat hartzen ditu biktimek merezi duten memoriaren eta aitorpenaren formak. Aitorpen horren lehen adierazpena EAEko eta Nafarroako erakundeek bultzatu dituzten memorialak dira, esate baterako: Cristina Iglesiasen Brújula del mediodía [eguerdiko iparrorratza] (2008) eskultura, Eusko Legebiltzarraren kanpoaldean (Gasteiz) kokatua; Iñaki Olazabalen Eskultura multzoa (2007), Gipuzkoako Batzar Nagusietako egoitzaren kanpoaldean kokatua, edo ondorengo Javier Muroren La tercera puerta [hirugarren atea] (2104), Nafarroako Parlamentuan kokatua. Esku-hartze artistiko horiek guztiek terrorismoaren biktima guztien aintzatespena erreibindikatzen dute.
Eduardo Naveren A la hora, en el lugar (2008-2013) instalazioa formatu handiko 36 argazkik eta artxiboko gailu batek osatzen dute, eta Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroak ekoitzi du. Lan horrek osatzen du, hain zuzen, KM Kulturunean aurkezten den proposamen diskurtsibo, performatibo eta adierazpenezkoaren proiektu nagusia. Poetika indizial bat, absentziarena, argazki irudien azpian dagoen gertaera tragikoa artxibatzen duen gailu bati lotzen zaio. Giza presentziaz gabetutako lekuen memoria batek isiltasunaren eta ahanzturaren memoria bat aktibatzen du, zeinak eraldatuak izan behar bailuketen ETAren biktimen memorien eremu publiko bilakatzeko. Mikel ZatarainekBranka (2013)proiekzioa aurkezten du. Dokumental honek irudien aukera filmiko, poetiko eta politikoetan sakontzen du, eta, horrela, gertaera kritikoak eta paisaiak galdekatzen ditu. Jose Ibarrola da ETAren biktimak aitortzeko eskatzen duen memoria plastiko bat sortzen gehien jardun dena, Paraguas [aterkiak] 2002-2012izeneko serie piktorikoaren bidez. Alex Carrascosak, berriz, lantegi bat aurkezten du, norbanakoen eta taldeen interakzio prozesuen bidez, bitartekaritzarako eta trantsizioan dagoen memoria bat eraikitzeko. Bestalde, bada memorialei gordetako espazio bat ere. Iñaki Olazabalek terrorismoaren biktimen omenezko Memorial (2008) proiektuaren maketa etazenbait argazki erakusten ditu. Halaber, hark egin zuen, 2004an, ETAk eraildako Yoyesen omenezko eskultura ere, gaur egun Ordizian kokatua.
Javier Baldak 2004an egindako mural batekin hartzen du parte. Atentatu terrorista bati emandako erantzuna izan zen. Horiez gain, memoria dokumentalaren espazio bat ere egongo da, argazkiz eta kartelez osatua, horien artean, Jorge Oteizak diseinatutako Contra el silencio [isiltasunaren kontra] (1987), Euskal Herriko Giza Eskubideen Antolakundeak sustatua.
Bigarren ardatzak izaera performatibo eta dokumentala du: Eduardo Naveren proposamenak artxibo bat duen moduan, zeinak irudiak jasotzeaz gain biktimen eta lekuen memoriara iristeko gonbita egiten baitio publikoari, aretotik kanpoko beste espazio batzuetan multimedia baliabideak jarriko dira, horien bidez terrorismoaren eta indarkeriaren historiaren memoria publiko eta partekatu bat sortzen ari diren beste plataforma batzuetarako sarbidea eskaintzeko. Hori dela medio, erakusketa gunean baliabide hauetarako sarbidea eskainiko da: alde batetik, AROVITE (Euskadiko Indarkeria Terroristari buruzko Online Artxiboa), Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren eta Valentin de Foronda Gizarte Historiarako Unibertsitate Institutuaren arteko lankidetzaz sustatua, eta bestetik, Memoriaren Plaza proiektua, GOGORAk bultzatua (Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua).
Proiektuaren hirugarren ardatza erakusketa eremuan bertan egituratzen da; izan ere, erakusketa eremua elkarrizketarako eta eztabaidarako espazio ere bilakatuko da, artearen, literaturaren edo ikerketa kritiko eta historikoaren arloetako gonbidatuei esker. Elkarrizketa horiek, ahots desberdinen topagune izanik, indarkeria politikoaren historiaren aurrean kontzientzia kritikoa pizteko beste modu batzuk izango dira.
Hain zuzen, oinordetzan jasotako eta osatu beharreko memoria baten eraikuntza, memoriaren poetika bati eta politika bati lotzen zaio, eta memoria pluralen espazio bizi eta demokratiko bat sortzearen parte da. Enzo Traversok gogoratzen duenez, «iragana memoria kolektibo bilakatzen da orainaldiko sentsibilitate kultural, dilema etiko eta komenigarritasun politikoaren arabera hautatu eta berrinterpretatu ondoren». Horrek guztiak etorkizuneko promesa bat dakar: eztabaidaren, adostasunaren eta desadostasunaren bidez proiektu demokratiko bat osatuko duen kultura politiko bat hedatzea.
Sorkuntza artistikoak eta literarioak gaitasuna daukate, dimentsio etiko eta politikoak saihesten ez dituzten forma berriak eraikiz, imajinario kolektibo berriak, esanahi eta identitate berriak sustatzeko. Dimentsio horiek batzuetan ez dira adiera bakarrekoak izaten, ordea; askatasun eremu bat sortzen dute publikoak edo hartzaile bakoitzak bere ezagueraren, esperientzien eta joeren arabera birsortzen dituen zentzuak eta hurbilketak sor ditzan.
Fernando Golvano
Komisarioa