Don Herbert

E-posta Inprimatu

 

DON HERBERTen eskutik / De la mano de Don Herbert

KOLDO MITXELENA Kulturunea Erakustaretoa

2020.07.02 - 2020.09.18

Ordutegia:
Asteartetik larunbatera
11:00 - 14:00 / 16:00-20:00
Jaiegunetan itxita.

Komisarioa: Ainara Martin

 


Biografia

Detroit, 1942 - Donostia, 2020.

Margolari eta litografoa, 1972tik maisu estanpatzailea; Morehead State Universityn egin zituen unibertsitate ikasketak, eta Los Angeleseko Otis Art Instituten, Kalifornian, doktoretza. Kenneth Price Kaliforniako artistaren laguntzailea izan zen 1969 eta 1972 artean, eta Michigango Lakeside Studioko litografoa. Geroago, 1974 eta 1980 artean, Grupo 15 taldean parte hartu zuen estanpatzaile gisa.

Estanpazio estudio propioa sortu zuen Madrilen (1980-1993), eta ondoren, 1987tik aurrera, Artelekuko litografia tailerraren arduraduna izan zen Donostian.  

Irakasle gonbidatu gisa eskolak eman zituen hainbat zentro eta unibertsitatetan, hala nola Bilboko Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean; Valentziako Unibertsitate Politeknikoko Arte Ederren Fakultatean; Bartzelonako Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean; Oportoko Árvore Arte Garaikidearen Zentroan (Portugal); Oviedoko Arte eta Lanbide Eskolan eta Palmako Joan i Pilar Miro Fundazioan.

40 estatu baino gehiagoko artisten lanak estanpatu eta editatu zituen. Margolari gisa, bere lanak bilduma hauetan daude, besteak beste, Madrilgo Reina Sofia Museoan, Cuencako Arte Abstraktuaren Museoan, Arabako Arte Ederren Museoan, Madrilgo Joan March Fundazioan, Plácido Arango bilduman, Francisco Betancourt bilduman.


Don Herbert, litografo maisua

Don Herberten eskutik, 1987-2014, pertsonari, artistari eta batez ere litografo maisuari eskeinitako omenaldia da.

Artelekuko litografia tailerra martxan jarri zuen eta haren arduradun izan zen, 1987an hasi eta 2014an behin betiko itxi zen arte; espazio horretatik ehunka pertsona igaro ziren, horien artean eszena artistikoaren izen ezagunak, bakoitza bere kezka, behar eta sormen-aukerekin, teknika hori ikasteko, esperimentatzeko eta ekoizteko. Guztiak hazi ziren, pertsonalki eta artistikoki, Donen eskutik.

Ia 30 urtean zehar, bere esparru pertsonal eta profesionaletik, bere tailerretik, litografia esperientzia eta bizi esperientzia bat proposatu eta gauzatu zuen, eta pertsona askok benetan aberasgarritzat jotzen dute harekin igarotako denbora.  Gaur egun, Donek erreferente bat izaten jarraitzen du litografia munduan.

Erakusketa honek tailer horretako giroa birsortu nahi du: ezagutza gunea eta  artisau maisutza gunea. Omenaldi horretan, Donen eskuak bere jakintzaren, egitekoaren eta gizatasunaren metonimia ezin hobeak dira.

Hau da, jakintza eta esperimentazioa nahasteko gunea, non behatu, egin eta praktikatu egin behar baitzen, hori baita jakintzaren transferentziaren funtsa.

Ainara Martin
Komisarioa eta koordinatzailea

 Litografo errituala

1987ko udazkenean Artelekuren zuzendaritza hartu nuenean, Don Herbertek bere lehen litografia tailerra eman zuen; 2006an kargua utzi zuenean, han jarraitzen zuen arduradun gisa, 2014an behin betiko itxi zen arte. Bertako bizilagunik leialena izan zen. Ehunka artista igaro ziren "bere" tailerretik; beste batzuek urte batzuetan lagundu genion ibilbide pertsonal eta profesionalean, baina bera izan zen lekuko iraunkor pribilegiatuena. Artelekuren historia hasieratik bukaerara kontatu ahal izango zukeen, baita kapitulu batzuen aurka madarikatzen hasi ere (gogo txarrez hartu zuen lehen solairuko tailerra eraikinaren atzeko kanpoko patiora lekualdatzea). Aldaketak zein berrikuntzak ez zituen gustuko, eta are gutxiago espekulazio kontzeptualak. Klasiko modernoa zen eta formalista amorratua. Berarentzat, balio estetikoak bere baitan mantendu zitezkeen, eta, jakina, ez zuten zerikusirik beste kontsiderazio etiko edo politiko batzuekin. Beraz, behin baino gehiagotan eztabaidatu genuen arteak eta artistak gizartean duen eginkizuna ulertzeko moduei buruz. Baina, ezberdintasunak ezberdintasun, nire ustez, Herbert ezinbestekoa eta ordezkaezina zen erakundearentzat beti defendatu nuen ikuskera ireki eta abegitsu hartan. Azkenekoz topo egin genuenean esan nion, dudarik gabe, ohorezko dekanoa izatea merezi zuela.

Bere egunerokotasunean saiatua izaten jarraitzen zuela kontatu zidan. Ez zituela bere eguneko ohiturak ezer ere aldatu, bizitzari, berak aukeratutako bizimoduari lotzen zioten ohiturei eta erritualei heltzen jarraitzen zuela, eta zehatz-mehatz kodifikatutako arauen arabera jarduten zuela, tailerrean egiten zuen bezala. Etimologia sanskritoak adierazten duenez, erritoak ordena bati, keinuen segida bati lotuta dagoen zerbait adierazi nahi du, oinarrizko eta funtsezko premiekin bat eta arau errepikakor baten arabera. Herberten bizitza eta lana, bai artista gisa, bai litografo maisu gisa, ohitura jakin batzuen errepikapen (in)kontzientearen eta hori erreproduzitzeko iraunkortasunaren mende zeuden. Ziur aski, determinazio horrek emozio gorabehera batzuei aurre egiteko ere balio izan zion -nork ez baitu izan halakorik-, eta nolabaiteko bizi egonkortasunari eusteko aukera eman zion, metodoaren segurtasunari lotuta, artisauak bere lanean bezala.

Hala ere, ez zuen bere burua artisautzat hartzen, zentzu tradizionalean, baizik eta artista litografotzat. Zentzu batean, Richard Sennett-en The Craftsman, «kultura materialari» buruzko trilogia bikainaren lehen liburukia parafraseatuz, Herberten lanak, trebetasun espezifiko jakin batzuen garapena inplikatzen zuen dudarik gabe; ez zen imitazio eta errepikapen sinplea, abilezia artistikoa baizik, zeinak bere espresiorik hoberena, formen garapenean eta inprimatze grafikoaren zaintza zorrotzean izaten zuen. Perfekzionista zen, eta artisau izanik, esku trebea oinarrizko tresna zuen, baina bere ukimena, gorputz adarrak, eta begiak, berezko sentsibilitate sortzailea -batzuetan tematia- bitarteko zuela zabaltzen ziren.  

Gauzak txukun-txukun erabiltzen zituen, prentsa geldiro-geldiro garbitzen zuen, paperak eta tintak zaintzen zituen eta inpresioak zorrotz-zorrotz erreproduzitzen zituen. Liturgia bat bezalakoa zen, non zeremonia maisu bezala aritzen zen. Roland Barthesek zioen zeremonia orok etxe bat bezala babesten duela eta sentimenduan bizitzeko aukera ematen duela. Ez dago dudarik litografia tailerra «etxetzat» hartu zitekeela, non edonor babestuta sentitu zitekeen. 

Charles Taylorrek The Ethics of Authenticity lanean dio norberarekiko leiala izateak norberaren nortasunarekiko leiala izatea esan nahi duela. Herberten kasuan, berezitasun nahastezin hori nartzisismoaren edozein zantzuren aurka agertzen zen; aitzitik, beti zegoen prest jendea beso zabalik hartzeko, ikasle hasiberriaren edo artista ospetsuaren artean bereizketarik egin gabe. Grabatu tailer zaharretan bezala, teknikarekin interesatuta zeudenekin edo edizioak ekoizteko gonbidatzen genituen artistekin zuen harremana zela-eta tailerra gune sozial bat bihurtzen zen, non Maisu gisa, bere kargura zeuden ikastunen trebetasunak hobetzeko zin moduko horri heltzen zion. Izateko eta egiteko modu bat, zeinaren arabera, Herbertek berak behin eta berriz errepikatzen zuen bezala, gizaki guztiok funtsezko trebetasunak partekatzen eta hobetzen ditugun, adituen maneiua lortu arte, baita maisutasuna ere; motibazio, ahalegin eta prestakuntza kontua da. Artelekun programa hori autonomia eta errespetu osoz gauzatu ahal izateko erakunde aliatua aurkitu zuen

Santiago Eraso.


«Ikusi eta Ikasi»

Don Herbertek mundu bat zekarren eskuetan, Espainia nazioarteko arte garaikidearen mapan jarri zuen garai erabakigarri baten esperientzia, eta ia 30 urtez, Artelekun arduradun izan zen litografia tailerrera joan ziren guztiekin partekatu zuen.

Hitz gutxikoa zen bere azalpenetan. Bakoitzak ikasi nahi zuena ezagutzeko zuen balioa jakintzat ematen zuen; "Ixo; begiratu eta ikasi", erantzuten zien ia galdera guztiei. Artelekun, Donek guztiek aitortzen zioten zorroztasuna eta perfekzionismoa moldatu zituen, tradizio baten kontzientzia hartu zuen, bisitarien kezketatik ikasi zuen eta maisu hobea bihurtu zen.

Artelekuk 1999an Grabatu Sari Nazionala jaso zuen.

Horrek guztiak bizirik jarraitzen duelakoan, harengandik jaso genuen esperientzian: ixo.

Nuno Alves Ferreira
Don Herberten semea

Tailerra

Litografia tailerra erakusketa gunearen erdian irudikatzen da, eta teknikara hurbiltzeko, hura asimilatzeko eta hobetzeko ideia jasotzen du, hau da, eginez ikastea.

Litografia lantzeko eta ekoizteko hiru formula erabiltzen ziren: tailerreko ariketak, artisten edizioak eta Artelekuk artista gonbidatuekin elkarlanean ekoitzitako koedizioak.

Formula guztietan teknikara hurbiltzeko, hura asimilatzeko eta hobetzeko ideia zegoen, "eginez ikasi" filosofiatik abiatuta.

Ariketen formulan, tailerretan parte hartzen zuten pertsonek beren litografiak uzten zituzten, beren ikaskuntza-prozesuaren eta esperientziaren testigantza gisa.

Artisten edizioen formulan, artistek beren gain hartzen zuten ekoizpena, tailerra eta baliabideak erabiliz eta beren lana estanpatuz, gehienetan Donen laguntzarekin.

Artelekuk ekoiztutako koedizioen formulan, erakundeak bere gain hartzen zituen ekoizpenaren kostuak bere zigilupean, eta artistak, berriz, inprimaketaren zati bat uzten zuen bertan, tailerra erabiltzearen trukean; Herbertek ere gauza bera egiten zuen.

Hiru lan ildoetako litografia gehienak gaur egun Gordailuan daude, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Bildumen Zentroan. Egun, obra osoa katalogatzen eta zaharberritzen ari dira, pieza batzuk kalteak jasan baitzituzten 2012an Artelekun izandako uholdeen ondorioz.



Don eta OKUPGRAF: Grafika kalera

Okugpgrafen abentura goiz batean hasi zen Donek —tailerrean lanean zebilela— galdetu zidanean: Lagunduko al zenidake Espainiako grafikarik onena bilduko lukeen erakusketa antolatzen?

Galdera horrek Santi Erasorekin hitz egitera eraman ninduen, eta poliki-poliki proiektu bat onduz joan ginen, Artelekuko tailer grafikoetan hamar urte baino gehiagotan sortutako lanak ezagutaraztea eta gure bizitzaren inguruko irudi seriatuen ezaugarriak eta dibertsitatea zabaltzea ahalbidetuko zuena.

Marian Larzábal eta Pablo Donezarrekin talde bat osatu nuen, gerora, Iñigo Royo gehituko zitzaiona, eta, beste pertsona askoren laguntzarekin, hemen dauden katalogoetan islatutako hiru biurtekoen jarduerak programatu genituen. Kontsultatzen badituzue, ikusi ahal izango duzue erakusketak egiteaz gain, kalean jarduerak sustatu genituela eta edizio berriak eta garrantzi artistiko eta sozialeko beste lan batzuk sortu.

Okupgrafenlehen edizioan, Donen idazkari izateko pribilegioa izan nuen, eta hark gonbida genitzakeen artistak iradokitzen zizkidan; gehienak aurretik Donekin estanpazio lanak egindakoak ziren, eta denek oso pozik hartu zuten parte proiektuan. Bigarren edizioan, Grupo 15 taldeko bere ikasle ohi batengana jo genuen, Niels Borch Jensen-engana, gaur egun Kopenhagen eta Berlinen tailerrak eta galeria dituen inprimatzaile maisua; bere laguntzari esker, nazioarteko artistekin lankidetzan aritzeko aukera izan genuen.

Doni esker Calcografía Nacionalen laguntza lortu genuen. Handik gutxira, 1999an, Artelekuri obra grafikoaren hedapenaren sari nazionala eman zion erakunde horrek.

Don askotan aritzen zen txantxetan gaztelaniaz hitz egiteko zuen modu korapilatsuaz, eta barregarria iruditzen zitzaion ingelesez hitz eginez gero hobeto ulertuko zutela uste zutenen xalotasuna, bere ingelesa gaztelania bezain ulergaitza zela ohartu gabe; izan ere, nik ez nion inoiz harrotasun izpirik sumatu lankide zituen artisten barne ahots hori entzuteko zuen trebetasunagatik —hala baitzen zinez—, ondo baino hobeto ulertzen eta itzultzen baitzituen ñabardura guztiak. Donek "belarri fina" zeukan, estanpatzaile ona zenez gero, eta horrek bere eskuzabaltasunaren kalitatea eta sentiberatasuna erakusten zuen. 

Bere senari eta ahaleginari esker, Jack Londonen testuekin karpeta litografiko bat argitaratzea proposatu genuenean —ale bat erakusketa honetan agertzen da—, Edu Lópezek irudi zoragarri batzuk eta testu delikatu bat sortzea ahalbidetu zuen: «El hilo de hielo». Bertan, Edu Lópezek karpetaren izenburuaren arrazoiak azaltzen ditu, eta izenburu horrek, orain, Donen heriotzak guztioi utzi digun egoera laburbil dezake. «Desolé»

Mariano Arsuaga
Okupgrafen koordinatzaileak

 

Koldo Mitxelenan erakusgai egon zen Esku pausatua erakusketaren harira egin zen Don Herberten azalpen biografikoa.
Fitxategi-eranskina:
FitxategiaDeskribapenaTamaina
Descargar este adjunto (102_02-TES_en.pdf)Don Herberten eskutik_en 951 Kb
Descargar este adjunto (102_02-TES_es.pdf)Txartelak - Cartelas2 1334 Kb
Descargar este adjunto (102_02-TES_eu.pdf)Don Herberten eskutik_eu_es 1049 Kb
Descargar este adjunto (102_04-Txartelak.pdf)Txartelak - Cartelas 1307 Kb
 
Hau ere online
  • Iván Zulueta

    Sailkatu ezinezko artista baten sorkuntzaren erreferentzia osoa eta oinarrizkoa.

  • Txiki Zabalo

    Kronika grafikoaren eredu eta ilustratzaile den horren lan grafikoaren bilduma osoa.

  • Pío Baroja

    Donostiar idazle handia irakurtzeko gida.

  • Antiqva

    Aintzinari buruz orain arte egin diren jardunaldietako testuak.

  • XIX. mendeko albuma

    Euskal Herriari buruzko 4.000 irudi inguru dituen kultur webgunea. Irudiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren funtsetakoak dira eta kultur zentro desberdinetan daude.

  • Alfonso Sastre - Eva Forest

    Alfonso Sastre eta Eva Forest-en inguruko informazio osoa.

  • Gabriel Celaya

    XX. mendeko Gipuzkoako poetarik esanguratsuenetarikoaren bizitzari eta lanari errepasoa.

  • Gipuzkoa 1936

    Garaiko dokumentuak, egunkari eta bestelako aldizkako argitarapenak, erabiliz Gipuzkoa eraldatu zuen urtearen errealitatea erakusten da.

  • Manex Erdozaintzi

    Manex Erdozaintzi-Etxart XX. mendeko euskal olerkari aipagarrienetako bat da, 1934-1984 urteen artean bizi izan zena. Euskal pentsamenduarekin lotutako artikulu eta gogoeta anitz idatzi zuen.

Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.