Balerdi. Azkengabeko esperientzia

E-posta Inprimatu

1994/1/21 - 1994/3/16

Komisarioa: Javier Viar
Artistak:
Testuak:
Muntaia:
 

Prentsa oharra:



Rafael Ruiz Balerdi. Bere bizitza.

Donostian jaio zen 1934ko maiatzaren 5ean, Amara auzoko Easo plazan. 1936an, gerra zibila hasi zenean, lehenengo Mutrikura eta ondoren Ordizira, amaren baserrira, joan zen bizitzera. Urtebete beranduago Donostiara itzuli zen eta bertan Amarako Victor Pradera ikastetxean hasi zituen bere ikasketak.

Bere haurtzaro eta nerabezaroan Karmeldarren "Juventud Carmelo Praga" elkartearen inguruan mugitu zen. 1950etik 1955era bitartean bi denboraldiz Nerecán inprimategian lan egin zuen offset proben zuzendari gisa. Garai honetan bertan Arte eta Ofizioen Eskolan Cobreros Uranga pintorearen ikastaroetara eta Musika Kontserbatoriora bertaratu zen. 1951 inguruan lehen epilepsia atakea jasan zuen. Bere anaia Pedro eta haurtzaroko lagun zuen Alfredo Landak sortutako Donostiako TEUren emanaldietarako dekoratuak egiten ere lan egin zuen.

1953an Artista Berrien XVI. Lehiaketan lehenengo aldiz parte hartu zuen eta Miguel Angel Alvarez pintorearen estudioan ihardun zuen. Azken honen bitartez Eduardo Chillida ezagutu zuen, adiskidetasun sakona izango batzuen. 1955-56 ikastaroan Madrilen bizi izan zen eta beka bati esker "Escuela de Bellas Artes de San Fernando" eta "Círculo de Bellas Artes" deiturikoetan ikasi zuen. Bertan ezagutu zuen ondorengo urteetan bere lagun mina izango zen Juan Huarte enpresari eta bildumaria. 1956. urtean Pariserako lehenengo bidaia egin zuen, bertan bi hilabetez egon zelarik.

1957. urtean Artista Berrien XVIII. Lehiaketan Lehenengo Saria lortu zuen eta 1958. urtean berriz Gabonetako VIII. Lehiaketan Aldundiko Saria. 1960an urte betez Parisen bizi izan zen eta bertan Sistiaga, Zumeta, Bonifacio eta Manuel Duque euskal pintoreekin harremanak izan zituen. Pariseko egonaldia erabakiorra izan zen bere ibilbide artistikoak hartu zuen norabiderako, han ezagutu baitzituen expresionismo abstraktua eta artista amerikarrak. 1961. urtean bere lehen banakako erakusketa egin zuen Madrilgo "Darro"n.

1962tik 1973ra Madrilen bizi izan zen, Juan Huarteren mezenasgoaren babesean. Garai honetan Terele Pávez aktoresa ezagutu zuen eta berarekin zenbait urtetan harremanak izan zituen. Aurobindo pentsalari hinduaren irakurketari eta yoga egiteari ekin zion eta 1969an Indiarako bidaia egin zuen Aurobindoren ikastetxea ezagutu nahian. 1966. urtean Euskal Eskola deiturikoaren "Gaur Taldea"ren sorreran parte hartu zuen.

1973an Donostiara itzuli zenean Andoain, Herrera eta Lasarteko Herri Eskoletako haurrekin, 1978. urterarte iraungo zuen irakaskuntza lana hasi zuen. Urte hauetan ekintza hiritar eta politikozko nahiz kultur sustapenezko lan sakona egin zuen, batez ere abangoardiako musikan oinarritu zena. 1974. urtean atzerabegirako lau erakusketa handi burutu zituen Donostian, Iruñean, Bilbon eta Madrilen. 1975. urtean oleoa utzi eta enbalatzeko paperean pastel-klarionez eta argizariz pintatzen hasi zen. Urtebete beranduago, hil zen arte bere neskalaguna izango zen Jacqueline Sánchez ezagutu zuen.

1977 eta 1980. urteak bitartean bere lagun eta pintoreekin atzerrirako zenbait bidaia egin zituen. 1981. urtean Jacqueline eta bere ahizpa María Jesúsekin "La Colchonería" Donostiako alde zaharreko taberna zabaldu zuen eta bertan lau erakusketa egiteaz gain bere lagun pintoreek ere erakusketak egiteko aukerak zituzten.

1985. urtean Gasteizen egindako "Así pinta Rafael Ruiz Balerdi" izeneko erakusketan, oleoz pintatzera itzuli eta etengabeko lan ihardunean murgildu zen. 580 oleotik gora eta milaka marrazki egin zituen zazpi urtetan.

1986. urtetik aurrera Jacqueline eta Balerdik leku epelak aukeratu zituzten neguak igarotzeko eta 1989an (Alicanten) Alteako etxetxo batera joan ziren bizitzera, urtero urria eta maiatza bitartean beraien bizilekua izango zena.

Altean hil zen Rafael Ruiz Balerdi 1992ko maiatzaren 11n, etxean izandako istripu batek eragindako erreduren ondorioz.

Rafael Ruiz Balerdi. Bere obra.

Erakusketa hau osatzen duten artelanek, Balerdik 1953 eta 1992. urteak bitartean egindako lan ugaria eta trinkoa azaltzen digute. Bere ibilbide artistikoa, bere obraren ikuskera eta burutzapenarengan eragin desberdina izan zuten zenbait arte mugimendu internazionalekin batera garatu zen.

Hasiera batean Balerdiren obra guztiz figuratiboa* zen eta bere obraren bukaeraraino nagusitu zen bodegoi eta erretratoengatiko interesa azaldu zuen.

Gutxinaka gutxinaka lerroak eta formak egituratzen joan ziren eta 1955 eta 1956 bitartean bere artelanak eskematikoak eta geometrikoak bihurtu ziren Eduardo Chillida, Paul Klee, Modigliani eta Kubismoaren* eraginez. Garai honetakoak dira, beste batzuen artean, aulkien eta mandolinei buruzko artelanak, hauetan kolore ilunak nagusitzen direlarik.

1956tik aurrera, oraindik nolabaiteko egitura geometrikoa geratzen bada ere, lerroa eta kolorea leundu egingo dira forma organikoak sortuz. Obra sentsual eta atsegingarria da, Abstrakzio lirikoaren eraginez betea, Balerdik 1960 arte egingo duena. Garai honetakoak dira Abstracción lírica V, Rupestre II, Arena I eta Arena III tituluak dituzten oleoak; eta baita beraien tituluan "formas" hitza barneratzen duten zenbait marrazki ere.

1960an, hau da, Parisen bizi izan zen garaian, Balerdik Informalismoa* ezagutu zuen bere bariante desberdinetan: pintura materikoa, keinuzko eta zeinuzko pintura, tatxismoa, etab. Korronte berri honek bere obran eragina izan zuen eta ondorioz bere artelanetan kolorearen eta keinuaren berreskuraketa bortitza izan zen. Automatismoa, exekuzio azkartasuna eta tranze egoerako sormena izan ziren Balerdik leialtasunez jarraitu zuen informalismoaren ezaugarriak.

Parisen egindako lanen artean Maraña I koadroa eta akuarela informalak daude, energia handiko keinuz, trazuz eta grafismoz beteriko artelanak guztiak.

Javier Viar-ek erakusketaren katalogoan adierazten duenez, "Klasikotasuna, ilunbe goyeskoak, argiluna eta formaren deskripzio finetik betirako urrundu zuen askatasuna eta kolore garbitasuna eman zion informalismoak Balerdiren pinturari. Ordutik aurrera, betiko sentsualitate errotua galdu gabe eta adimen inprimazio trinkoz, argi dizdiratsuz, tinbre indartsuago eta erasokorrago batez eta kolore oparotasunez beteko dira bere pinturak".

Bere estiloan aldaketa handi hau eman bazen ere, garai hartan eta zehazki 1961. urtean Balerdik zenbait artelan figuratibo egin zituen, hauen artean Retratos de mujer eta el Bodegón de los claveles blancos. Abstrakzio eta figurazio joku hau konstante bat izan zen Balerdiren obran.

1962tik 1973ra, Balerdi Madrilen bizi izan zen garaiako obra bi zati oso desberdin baina osagarritan banatzen da: alde batetik, Gris vacío I y II, Azul, Maraña, etab. bezalakoek osatzen duten obra abstraktoa eta informalista; bestetik, Jardín interior III, Los gigantes, Toledo, Venecia, Pequeño Venecia, etab. artelanak barneratzen dituen forma eta plano markatuekin egituraturiko obra.

Balerdik, beste askok bezala, gaztarotik azaldu zuen bere zinearekiko interesa eta 1963an espresiobide hau probatzea erabaki zuen, zine esperimentalaren munduan harrera ona izan zuen animaziozko filme labur bat eginez ("Homenaje a Tarzán. Capítulo 1: La cazadora inconsciente").

Bere pinturan beste urrats garrantzitsu bat, 1975ean oleoa utzi eta pastel-klarionak nahiz argizariak erabiltzeari ekin zionean eman zuena izan zen. Garai honetan Jardín claro I izeneko koadroa pintatu zuen. Pastelezko koloreak erabiliz eta puntuzko pintzelkadaz nahiz koloreen plano txikiz osaturiko artelan hau ondorengo hamar urteetan klarionaz burutuko zuen lanaren hastapena izan zen. Lan azkarra eta bapatekoa da, berak zioen bezala, azalera erritmoa sortzen duten eta kolorezko efektuak eragiten dituzten trazu eta grafismoz betez, kontrastea eragitea eta tonuak nahiz koloreak bibraraztea helburutzat duten artelanak. Balerdik egindako pastelen artean Paisaje imaginario eta zenbait konposizio abstraktu daude.

1985ean Balerdi oleoz pintatzera itzuliko da eta horrela sormen askatasun handiko iharduera artistiko garrantzitsu bat hasiko du, zenbait koadro sailen burutzapena ezaugarritzat duen iharduera: Composición 90/91, Altea 90/92, Altea 91/92, etab. Azken obra hauetan ematen diren estilo aldaketak bere azken bidaietan ikusi zituen eta bere pintatzeko moduan eragina izan zuten leku, paisaia eta koloreen ondorio dira.

Adierazpen baliabidetan hain aberatsa den bere obra, artista honek izan zituen kezken lekuko da: kanpoko eta barneko errealitatea, kolorea eta forma, egitura eta keinua. Hauek guztiak, inguruaren behatzaile eta irudi subjetiboen sortzaile den Balerdi hori azaltzen digute.

Arte mugimenduak eta artistak

Abstrakzioa: Kanpoko errealitatea zuzenean imitatzen edo irudikatzen ez duen artea. Koloreak eta formak berezko balio artistikoa dutenaren idean oinarritzen da.

Abstrakzio lirikoa: Abstrakzio geometrikoaren aldean adierazpenezko izaera nabarmena duen pintura abstraktuaren barnean funtsezko joera bati eman zaien izena da. Keinuzko pintura eta pintura informal orok barneratzen du abstrakzio lirikoaren kontzeptua.

Kubismoa: 1907. urtean Frantzian jaio zen arte korrontea, Picasso eta Braque izan ziren hasiera eman ziotenak. Kubistek perspektiba klasikoa baztertu eta objektuak nahiz pertsonaiak aldiberean ikuspuntu desberdinak kontuan izanik pintatzen dituzte: aurretik, perfilez, bizkarrez, goitik, behetik. Objektuak forma geometrikotan sinplifikatzen dituzte.

Chillida, Eduardo: Forma kubikoekin jolasean eta ebakitako masa eta bolumenak kontrajarriz, nagusiki abstraktua den obra garatu duen euskal eskultorea.

Euskal Eskola: Arte adierazpen herrikoiak sustatzeko eta herriak, artea bertako kulturaz jabetzeko tresna izan daitekeenaren kontzientzia har dezan, Jorge Oteiza eta Agustin Ibarrolak antolaluriko kultur mugimendua. Euskal Eskolaren mugimendua lau taldetan artikulatuko litzateke: Gipuzkoan GAUR, Bizkaian EMEN. Araban ORAIN eta DENOK Nafarroan.

Expresionismo abstraktoa: Arte abstrakto ez geometrikoa. Mugimentu hau 1945 aldera sortu zen Ameriketan eta margotzeko ekintza fisikoa nabarmentzen du, jestoari eta kolorearen erabilera libre eta adierazgarriari garrantzia emanez. Artistak tradiziozko metodoak utzi eta teknika berriak erabiltzen ditu: pintura ehun gainean tanta eta jarioka uzten du, eskuekin margotzen etab.

Figurazioa: Abstraktuaren guztiz aurkakoa den arteari eman zaion izena. Kanpoko errealitatea imitatzen duena.

Informalismoa: Europako korronte abstraktuak Expresionismo Abstraktu Amerikarretik bereizteko erabiltzen den izena. Informalistek konposiziozko edozein arau tinko baztertzen dute, kolorezko orban eta lerroen bidez beraien bulkadak libreki adierazi nahian.

Klee, Paul: Abstrakzioa eta figurazioaren artean dagoen obra burutu zuen XX. mendeko pintore suitzarra.

Modigliani, Amadeo: Erretrataturiko pertsonaiak estilizatu eta sinplifikatuz, oso estilo berezia duen obra figuratiboa burutu zuen pintore italiarra.

 
Hau ere online
  • Iván Zulueta

    Sailkatu ezinezko artista baten sorkuntzaren erreferentzia osoa eta oinarrizkoa.

  • Txiki Zabalo

    Kronika grafikoaren eredu eta ilustratzaile den horren lan grafikoaren bilduma osoa.

  • Pío Baroja

    Donostiar idazle handia irakurtzeko gida.

  • Antiqva

    Aintzinari buruz orain arte egin diren jardunaldietako testuak.

  • XIX. mendeko albuma

    Euskal Herriari buruzko 4.000 irudi inguru dituen kultur webgunea. Irudiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren funtsetakoak dira eta kultur zentro desberdinetan daude.

  • Alfonso Sastre - Eva Forest

    Alfonso Sastre eta Eva Forest-en inguruko informazio osoa.

  • Gabriel Celaya

    XX. mendeko Gipuzkoako poetarik esanguratsuenetarikoaren bizitzari eta lanari errepasoa.

  • Gipuzkoa 1936

    Garaiko dokumentuak, egunkari eta bestelako aldizkako argitarapenak, erabiliz Gipuzkoa eraldatu zuen urtearen errealitatea erakusten da.

  • Manex Erdozaintzi

    Manex Erdozaintzi-Etxart XX. mendeko euskal olerkari aipagarrienetako bat da, 1934-1984 urteen artean bizi izan zena. Euskal pentsamenduarekin lotutako artikulu eta gogoeta anitz idatzi zuen.

Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.