Hondatu gabe bizi

E-posta Inprimatu

2009/7/2 - 2009/9/26

Artistak: Pello Irazu
Testuak: Pello Irazu



Hondatu gabe bizi. Horra Koldo Mitxelena Kulturuneko erakusketa aretoak antolatu duen Pello Irazuren artelanen erakusketa, artistak KMn egiten duen lehen bakarkakoa.

2005ez gero egindako lanaren zati bat eta areto honetarako berariaz sortutako pieza berriak biltzen ditu. Eskultura konstruktiboen eta marrazkien ondoan, espazio fotografikoak, pintura erantsi zaien argazkiak eta brontze eta aluminio urtuz egindako eskulturak daude ikusgai.

Pello Irazu (Andoain 1963)1980ko hamarkadaren lehen urteetan abiatu zen artearen bideetan, minimalismoaren eta eskultura postminimalistaren lorratzean. Gero, Oteiza eta Beuys artistekin elkarrizketan, eraikuntza izaera nabarmena hartuz joan ziren haren lanak. Hamarkada horretako lanen ezaugarri dira, batez ere, eskulturan burdinaren eta beste material batzuen erabilera berezia, espazioaren erabilpen bitxi bat, eta kolorearen erabilpenaren bitartez diziplina batetik bestera (pintura, eskultura, marrazkia) igarotzeko aukera ematen dion aparteko poetika bat. 1989an Londresen bizi izan zen Riverside Studios zentrorako erakusketa bat zela eta, eta 1990ean Veneziako Bienaleko Aperton parte hartzeko hautatu zuten. Urte horretan New Yorkera joan zen, eta zortzi urtean bizi izan zen bertan. Hiri horretan hasi zen brikolajeko material industrialetatik abiatuta eraikuntzetan oinarritutako lanak egiten eta, bide horretan, poliki-poliki gero eta lan konplexuagoak egiten, irudiaren problematikaz gehiago jabetu ahala. 1994an Real World erakusketa egin zuen Santanderko ontziralekuko jauregitxoan eta 1998an X-51 The wound, New Yorkeko John Weber galerian egiten zuen laugarren erakusketa.

2003an Gasteizko ARTIUM Museoak gonbidatuta, Zatiak eta lotiak izenburuko erakusketa egin zuen, museoko solairuetako bat hartuz. 1988z gero, aldiro-aldiro egin ditu erakusketak Madrilgo Soledad Lorenzo galerian; azkenekoa 2008ko urrian: Universo de suturas. 2009an Chicagoko The Museum of Contemporary Photography-k antolatutako PhotoDimensional erakusketan parte hartu du. Beste galeria eta erakunde askotan ere erakutsi izan du bere obra, Espainian eta beste herrialde batzuetan, eta irakasten ere aritu da, ikastaroak eta tailerrak ematen, Madrilgo Círculo de Bellas Artes-en, Artelekun eta Bilboarten.

Erakusketaren izenburua, Hondatu gabe bizi, egunkari gainean egindako marrazki batetik dator, eta bete ezinezko asmo bat aipatzen digu. Kulturaren xedea hondamena saihestea, memoria bizirik gordetzea eta errealitateari buruzko kontzientzia sortzea den bitartean, senak harraparitzara, indartsuenaren legea ezartzera, bizirautera bultzatzen gaitu.

Artista nahiaren eta errealitatearen artean mugitzen da, eta bere lanean etengabe ageri da asmoen eta errealitate printzipioaren arteko fluxu kontraesankorra. Sortzeko, ezinbestekoa al da hondatzea (beste zerbait nahiz norbera)? Izenburuak hausnartzeko bidea ematen du.

Proiektu hau prestatzerakoan, KMko erakusketa espazioaren arkitektura berezia gogoan hartu da. Berez areto independenteetan banatuta dagoelarik, areto arteko espazioak (korridoreak) libre utzi eta areto bakoitza indartuz antolatu da ibilbidea. Azken urteotan Pello Irazuren kezka artistiko nagusiak ezagutzera garamatza. Areto bakoitzak kezka kontzeptual jakin batekin lotutako lana biltzen du.

1. Lehen aretoan, elementu nagusitzat aulkia duten eskulturak daude: aulkia dute lotura. Eskulturaren eraikitasunerako eta presentzia fisikorako duen interesa ahaztu gabe, problematika berri batzuetara zabaldu da Irazuren sortze hizkuntza, galdaketa prozesura eta fotografiarekin lotutakora, besteak beste.

2. Bigarren aretoan espazio fotografikoak daude –horrela deituko diegunetako batzuk-. Lan hauek Irazuren inguru hurbil-hurbileko irudietan daude oinarrituta, estudiokoetan batez ere, eta horietan ezagun dira artistaren ibilbideko zenbait elementu, adibidez, eraikiari dagokiona eta argiaren, kolorearen eta espazioaren erabilpen jakin batzuk. Horien gainean esku hartzen du, alderdi horiek azpimarratuz edo leunduz, eta, errepresentazio izaeraren eta zeinu izatearen artean zalantzan dabiltzan irudiak sortzen ditu.

3. Hirugarren aretoan Saludo saileko eskultura batzuk daude, baita Sombra izeneko multzoa ere, aulki urtuetan erabilitako elementu eta egitura batzuetan jatorria duena.

4. Laugarren aretoan argazki handietako batzuk daude areto honetan: Popova I eta II, eta Umbral I eta II. Irazuren estudioko pasagune batzuk jasotzen dituzten argazki bikoitzez osatutako multzo bat da. Irudi fotografikotik sortutako zerrenda pintatuzko egiturekin egindako esku-hartze batek, espazioaren eta errepresentazioaren arteko tentsioak agerian jartzen dituen bilbe bati bide ematen dio.

5. Bosgarren aretoan, elkarrekiko harremanean gramatika berezi bat sortzen duten bi adierazpide ditugu: Slow eskultura saila eta egunkari paperaren gaineko marrazkiak. Instalazioak tentsioa sortu nahi du eskulturen eta marrazkien arteko harremanetan: identitate galeraren posibilitatea muturrera eraman (eskulturentzat espazio berariazko eta egokiaren ideia, marrazkientzat espazio sozial eta zentzuzkoarena); zarata sortu, egituren barne kohesioa elikatzeko; eta, baita, ihesbide bat eman ere (batak bestearen eremuan amore eman ahal izatea). Espazio berean beste obra bat dago, hori ere prentsatik sortua: Summer Rain. 6. Seigarren aretoan ditugu, besteak beste, El Malestar eta Pliegue- Brillo, abstrakzio formalaren ikuspegi sinplista gainditu nahi dutenak, horretarako bitartekotzat materiala, testura eta material urtuaren gainazalean erreferentea ezagutzea erabiliz. Obra hauek nahasketa sortzen dute gainazala kartoi pintatua dela pentsaraziz, nekez erreproduzitzen baita metalean hori bezain material pobrerik. Hor, lehendik badiren egitura batzuen erabilpen performatiboak, alde batetik, eta objektuak bizi memoriaz betetzeko asmoak, bestetik, afektuzko adierazpen espazio berezi bat sortzen dute. Lan horiekin batera, Brillo Tierra eta Bandera daude, ernaltze prozesuko une jakin batzuk finkatzen dituzten argazki esku-hartuak.

Patioetan, erakusketa honetarako bereziki egindako bi eskultura handi daude.

1. Lehen patioan dugun eskultura, funtsean, aluminio urtuzko hiru kartoi handi dira, eskailera eta aulki batzuen bitartez eutsiak –horiek ere metal urtuzkoak-, espazioan horizontalki hedatzen den plataforma handi bat eratzen dutela. Instalazioa Trama saileko bi marrazkik osatzen dute.

2. Bigarren patioan Descendimiento dago: “... eskulturaren eta instalazioaren artean erdi bidean; egitura bertikalaren gaitasun sinboliko eta zeinuzkoari metal urtuzko eskailera-idulki batek eusten dio. Multzo honen harremanean tentsioa indartzearren, instalazioak kaxa bat dauka, dentsitateagatik kontraste egiten duena egitura bertikalaren presentzia irekiarekin”.

 
Hau ere online
  • Iván Zulueta

    Sailkatu ezinezko artista baten sorkuntzaren erreferentzia osoa eta oinarrizkoa.

  • Txiki Zabalo

    Kronika grafikoaren eredu eta ilustratzaile den horren lan grafikoaren bilduma osoa.

  • Pío Baroja

    Donostiar idazle handia irakurtzeko gida.

  • Antiqva

    Aintzinari buruz orain arte egin diren jardunaldietako testuak.

  • XIX. mendeko albuma

    Euskal Herriari buruzko 4.000 irudi inguru dituen kultur webgunea. Irudiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren funtsetakoak dira eta kultur zentro desberdinetan daude.

  • Alfonso Sastre - Eva Forest

    Alfonso Sastre eta Eva Forest-en inguruko informazio osoa.

  • Gabriel Celaya

    XX. mendeko Gipuzkoako poetarik esanguratsuenetarikoaren bizitzari eta lanari errepasoa.

  • Gipuzkoa 1936

    Garaiko dokumentuak, egunkari eta bestelako aldizkako argitarapenak, erabiliz Gipuzkoa eraldatu zuen urtearen errealitatea erakusten da.

  • Manex Erdozaintzi

    Manex Erdozaintzi-Etxart XX. mendeko euskal olerkari aipagarrienetako bat da, 1934-1984 urteen artean bizi izan zena. Euskal pentsamenduarekin lotutako artikulu eta gogoeta anitz idatzi zuen.

Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.