MARTINA DASNOY edo poetika garaikidea

E-posta Inprimatu

 Tout est mouvement, tout est impermanence. Et c’est dans la saisie immédiate de cette fulgurance que j’ai l’impression qu’on peut peut-être toucher à une vérité”.

 

Fabienne Verdier[1].

80ko hamarkadan Madrilgo Complutense Unibertsitatean Arte Ederrak ikasi zuenetik, Martina Dasnoyren jarduna askotariko praktika artistikoan ardaztu da: pintura, eskultura, marrazketa naturala, obra grafikoa grabatu kalkografikoan, litografiak eta serigrafiak.
Martinak hainbat artista estudio eduki izan ditu, eta, azken urteotan. Orain, Igaran duen lantegira joaten da egunero pintatzera. Estudio erakargarrira sartzeko, alde egin nahi ez duten mamu batzuk igaro behar dira; barruan, berriz: burututako erakusketen kartelak, mahaietan dabiltzan eskulturak edo egurrezko maskara afrikarrak, jade txinatar zaharren eta klase ugariko bibeloten ondoan; antzinako objektu kitschak, kristalezko buru iradokitzaileak, aldizkarietako ebakinak, eta artistaren eskuak bizi berri bateko zain dauden objektu arraroak.  Bazar handi baten parekoa da!
Martina Dasnoy ibilbide luzeko artista da; prestakuntzari dagokionez, Arte Ederretako ikasketez gainera, Artelekutik igaro zen, bere inguruko artista garaikide asko bezala, eta bereziki azpimarratzekoak dira Jose Maria Mezquitarekin batera egin zituen lantegiak eta Don Herbertekin egin zituen litografia tailerrak.  Urte hauetan guztietan, luzaro lan egin izan du Gipuzkoako Artisten Elkartean, biluzien marrazkiak naturalean egiten, eta horrek trebetasun tekniko bikaina eman dio mugimendua eta momentu doia jasotzen, bat-batekotasunaren eta arintasunaren sintesi labur bat lortzeko. Batik bat, arintasun handia lortzen du milaka apunte, zirriborro eta marrazki horien bidez. Goiburuko margolariarengana, Fabienne Verdierrengana, garamatza horrek.  Arintasunez irristatuz, artistaren eskua automata batena bailitzan lerratzen da! Arintasun keinu hori bat-batean agertuko da, une batez, keinu espontaneo batez, sorkuntza ekintza paregabe batean, kota zinez sublimeetara iristen den arte. Gaitasun bikain hori Martinak gordeta dituen artistaren koaderno ugarietan estimatu ahal izango du ikusleak, begi gozagarri. [2]
Martinak beti izan du lotura musikarekin. Haren amak pianoa jotzen zuen eta aitak biolina; berak, berriz, berak klarinete ikasketak egin zituen, eta kontzertista izatera iritsi zen. Musikarekiko pasio hori beti transmititu izan du bere obra plastikoetan: erritmo leunak, ondulatuak eta melodikoak, kolore eta forma bilakatuak.
Horren isla dugu, orobat, Airial de Mimizan galerian ikusgai dagoen «Coulerurs en musique, musique en couleurs» bere azken erakusketa. Bertan, Martinaren obra piktorikoak musika partituren modura irakur daitezke, erritmo, harmonia eta kolore artean. [3]

Olioak eta akrilikoak mihisean

Gizaki eta homo faber garen heinean, nork bere historia pertsonala eraikitzen du bizipenen bidez. Historia hori gehienetan bakarra eta besterenezina izaten bada ere, batzuetan gure kideekin partekatzen eta ospatzen dugu. Artistek horixe egiten dute beren obrekin. Estilo bat erdietsi ondoren, Martina Dasnoyk berezko hizkuntza pertsonala baliatzen du, izaera artistiko berezi horrek ematen dion lengoaia bat, eta orduantxe hasten da artearen bidez bere istorioak, narrazioak, bizipenak edo sentsazioak eraikitzen, euskarria eta bitartekoa edozein direlarik ere: pintura, eskultura, grabatua, marrazkia eta abar. Askotan esan izan dugun moduan: euskarriak ez dio axola arte garaikidean.
Horixe egiten du Martinak: koadro bakoitzean bere kontakizuna egiten du, eta ikusleak ere berea osa dezake. Azken urteotan, figurazio handiago bat baliatuz, konposizioa aberastuz eta kolorea intentsitate handiagoz landuz lortu izan du helburu hori. [4]
Artistak aitortzen du azken urteetan indarrez itzuli dela mihise gaineko figurazio handiago horretara; erakusketa honetako obrak, hain zuzen, horren erakusgarri dira.  «Azken urte hauetan olioa erabili dut batik bat, baina akrilikozko oinarri baten gainean». Horrela, kalitate handiagoa eta testura dentsoagoak lortzen ditu, eta, halaber, koloreaniztasun handiago bat ere antzematen dugu. Esan genezake haren obra konplexuagoa dela orain, bai konposizioari dagokionez, bai eta lehen baino kolore oparotasun handiagoa duelako ere. Gaur egun, bi kolore elkarren ondoan jartzen dituenean, kontraste intentsitate handiagoz egiten du; artistak berak aitortua da «koloreen interakzioa» garrantzia handiko zaiola. Martinak kolore joera nabarmena izan du beti: urdinak, horiak, berdeak, berenjenak, laranjak, fuksiak, okreak eta lur koloreak erabiltzen ditu. [5]
Garena gara, hein batean, gure aurrekoei esker. Martinak, beste inor baino, Matisse, Kandinsky eta Rothko izan ditu eredu.   Matisserengandik interesgarri zaizkio haren giropena eta konposizio plastikoa, marrazketaren arintasuna, eta, nola ez, kolorea menderatzeko duen modu arranditsua eta haren obrei darien ekialdeko exotismoa.  Kandinsky abstrakzioaren, kolorearen lengoaiaren eta artearen espiritualtasunaren aitzindari izan zen, eta Martinak harengandik jaso ditu kaligrafiarako joera, pinturan musikaren baliokide bat sortzeko interesa, barne esperientzia eta asmo espirituala. Rothkorenetik, berriz, interesgarri zaizkio haren lausodurak, kolorea, isiltasuna, emozioak, obraren «barne argia», espazio-sakonera harremana, ertz zehatzik gabea, eta konposizio eremua. [6]
Dasnoyren margolaritzan, batik bat olioetan, pintura kapekin egindako lana da nagusi; kapak gainjartze horren bidez, pintura oso diluituarekin, azalera osatzen du, bestelako arte materialak erabili gabe ere sakontasuna lortuz.
Haren ibilbide artistiko osoa ezaugarritzen duen esperimentaziorako grinak piktorikoki jakintsuago bihurtu du. Esperimentatzeko eta mugarik gabe berritzeko grina etengabe horrek bultzaturik, elementu errepikariak agertzen dira haren obran: filamentuak, zelulak, amebak, hostoak, eskailerak, barnealdeak, leihoak, itsas motiboak, ilunabarrak eta askotariko objektuak. [7]
Martina gidari da sorkuntzaren ontzian, bereizten duten ezaugarrietako bat bera ere galdu gabe (2010ean, Torre Luzeako erakusketan deskribatu zituen). [8]
Haren obra piktorikoen tituluak egoki hautatuak dira, iradokitzaileak baitira beti, eta mihise gaineko obra hauetatik ateratzen diren narrazioak, kontakizunak eta istorioak ekartzen baitituzte. Horrela agertzen dira KMko Ganbara areto honetan:  2017ko Laberinto de fantasías [fantasien labirintoa], Cadenas al viento [haize kateak], Arpegios musicales [musika arpegioak];2018ko Amarillo Bemol [bemol horia], eta abar.
«Laberinto de fantasía obra osatzen duten bi piezetan abstrakziora lerratu naiz kasu honetan –azaltzen du artistak–, egiturara, geometriara, kolorearen erritmora, zeina neurritsuagoa izan baita honako honetan erakusketako gainerako obretan baino»
Lausodurak dira haren mihiseen beste ezaugarrietako bat; obrarako sarbidea dira, objektuak eta plano desberdinak agerrarazten dituzte, eta pintura kapak islatzen.
«Paisaia beti dago presente nire obran», dio artistak, eta «oso garrantzitsua izan da niretzat, ibilbide osoan zehar». Lanik abstraktuenetan ere paisaia aurki dezakegu, barne paisaiak baitira eta horietan beti baitago presente natura.
Martinak beti landu izan ditu paisaiak eta bodegoiak. Itzulia izeneko Senpereko etxea lagun margolarien topaleku izan da beti udan, hamabost eguneko saioetan pleinairisme edo aire zabaleko pintura bere benetako izatean, aire zabalean, praktikatzeko.  Azken buruan, astoa eta pinturak kanpora atera eta naturan margotzeko parada. [9]
 

Objektu sinesgaitzak ala objektuentzako beste bizialdi bat?

Hainbat aldiz «12 cm» erakusketan parte hartu zuenetik –Pasaiako Udalak antolatzen du eta 22 edizio bete ditu–, Martinak eskulturak, objektuak eta instalazio txikiak egiteari ekin dio.
Adimena eta ironia presente daude haren eskultura edo ready-made direlakoetan. Ezinezko objektu bat edo objektu anbiguo, ironiko edo sinesgaitz bat sortzen duenean, objektu berriari bizialdi berri bat ematen dio; horrek ez du ezer arrarotik. Martinak bere gaitasun sortzaileari eragiten dio, faber ludensari, artista dibertigarriari, jostariari. Behar bezala lan egiten du eta ondo dominatzen ditu materialak, erremintak, askotariko tresnak eta, gehien bat, teknika. Garrantzitsua zaio teknika eta artisautza ezagutzea, ideia asko eta asko eskuekin lanean ari dela etortzen baitzaizkio. «Thinking is making», pentsatzea egitea da, horixe defendatzen du artistak. Irudiak sortzen dituen gizarte batean, eskultura serie honen bidez, eginez-eginez objektuak desitxuratzeko eta horiekin jolasteko proposamena egiten du Martinak.  Jolas egiten du aurkakoekin, geometrikotasunarekin, absurdoari eginiko keinuekin, dadarekin.
Ready-made serie horren hastapenak zapatentzako egurrezko orkoiak dira, Ahetzeko, Biarritzeko edo Hendaiako bigarren eskuko azoketan erositakoak. Betidanik maite izan ditu bigarren eskuko azokak.  Orkoien forma okerrak garrantzia du, forma horiek buru baten, txori baten gorputzaren edo hegoen antza hartzen baitute batzuetan; horregatik eralda daitezke objektu erabat desberdinetan.  Materiala bera, egurra, noblea eta polita da izateaz, eta, horri, denboraren joanak ematen dion patina eransten zaio. 

Ut pictura poesis

Txinarekiko erakarpen handi hori –2004an, 2006an eta 2013an hainbat aldiz bidaiatu zuen herrialde hartara– inspirazio-iturri izan da Martinaren obretan, eta halatsu 2010ean Birmaniara egin zuen bidaia ere, esaterako Mercado I eta II [merkatua I eta II] (2017) obrek erakusten dutenez.
Txinatik ekarriak ditu bilkari txinatar bereziak eta arrozezko paperezko bilkari bilgarriak, artistak KMko Ganbara aretoko erakusketarako berariaz margotu duen damasko-erako tela-estalgarri zuri baten gainean jarriak; artistaren berezko hizkuntza pertsonala darien 20 margolan, instalazio bat osatzeko. Horretarako, hainbat margo mota erabili ditu: tinta txinatarra, akuarelak, arkatz beltzak eta ikatz-ziria, koloretako pastelak eta, kasu batzuetan, intxaur-tinta finkatzaile modura, prozesua bukatzeko. 
Zenbat euskarri, hainbat teknika. Monje margolari txinatar onenek nola, Martinak mahai baten gainean margotu ditu paper hauek.
Los Poemas del río Wang [Wang ibaiko poemak] lanean, Wan Wei artistak ez zuen soilik poesia landu, musika eta pintura ere landu zituen, eta erraz antzematen da poema horiek pintura txertatuta daramatela. Martinak bilkari txinatarretan egin dituen margo pertsonalei ere poesia darie. [10]
Horrek Horazio poeta erromatarraren ut pictura poesis esamoldera garamatza, zeinak aldarrikatzen baitu: «poesia hitz egiten duen pintura da; pintura, poesia mutua». Horrela sortu zen Arteren Teorian eta Estetikan mendez gaindikoa izan den eztabaida filosofiko sutsu bat: imitazioaren kontzeptua, Aristotelesek defendatu zuen mimesia –artearen funtsezko helburua natura imitatzea da– arreta gune nagusietako bat izan da Artearen Historia osoan.
Agindu horiek pintura txinatar tradizionalaren historia izugarrian mendetan bete badira ere, Martina margolan hauetan ez da mimesira lerratu; aitzitik, erabateko abstrakziora jo du, aurrez aipatu ditugun olio obretan ez bezala.  Artistak poema piktoriko batzuk, musika erritmo batzuk sortu ditu, ordea, eta, horien bidez, ikuslea  barne bidaia batean murgilarazten du, ideiak, musikak eta askotariko sentipenak azaleratzen dituen iruditeria batean.
Hizkuntzaren mugak gainditu behar dira  begirada berri bat osatuko duten norabide berriei ekiteko, hitzak eta irudiak gurutzatzen direnean nola. Hemen, osagai guztiek bat egiten dute sinfonia bisual, liriko eta poetiko batean. Martina Dasnoyren margolan hauetako irudi abstraktuen eraikuntzak –trazu sinple, labur eta askeen bidez– horretara garamatza, poesia bisualtzat har daitekeen instalazioan noragabe ibiltzera.
Bilkari txinatar horietan behin eta berriz agertzen diren grafismoak eta kaligrafiak baliatzen ditu bere obretan, batzuetan, profilak zehazteko eta nabarmentzeko eta, beste batzuetan, konposizioak alderik alde zeharkatzeko. Benetan axola duena piktorikoa da, berriro ere pintura informalistara garamatzan orbanen eta trazuen izaera abstraktua.
Trazua lehentasunezkoa da pintura txinatar tradizionalean eta Martina Dasnoyren sail honetako margolan guztietan. Intentsitatearen, gauzatze abiaduraren, pintzelkadaren loditasunaren eta iradokitzen duen bolumenaren arabera, Martinak lerro ondulatuak, kurbak eta grafismoak lantzen ditu, espazio hutsak nabarmentzearekin batera. Hutsa eta betea ying eta yang balira bezala, osagarriak edo aurkakoak; askotariko formak sintetizatzen ditu, eta, ahal dela, esentziala dena bilatzen du. Kaligrafoa artista bezalakoa da, eta, kasu honetan,  Martinak –beti bezala iradokitzaile–, amets-irudi piktoriko bat sortzen du bere unibertso kromatiko soilaren bidez. Kaligrafo gisa ere, keinu baten, trazu bakar baten bidez, istant bat margotzea lortzen du.[11][12]
Zoriak garrantzia du bilkari hauetan eta, oro har, bere pintura osoan; Martinak bolumen geometrikoak batzen ditu, lausodura desberdineko atmosfera iheskorrak sortzen ditu. Figurazioaren eta abstrakzioaren arteko oreka bilaketa horretan, hain zuzen, artistari materia organikoa interesatzen zaio, eta haziak edo hostoak bezalako motibo naturalak erabiltzen ditu behin eta berriro margolan hauetan.

Martina, isiltasunaren bidaiari

Unibertsala, harmonia eta edertasuna ditu xede, edo, Fabienne Verdierrek ondo dioen moduan, “refléter le souflle vital” horren egiara iristea; helburu horren inguruan bildu genezake Martina Dasnoyren ibilbidea, munduaren edertasunaren misterioa –haren harmonia eta kaosa– zait batean plastikoki adierazi ahal izatera daraman bidea.



[1]Fabienne Verdier. La passagère du silence.Dix ans d’initiation en Chine. Éditions Albin Michel, 2003.

Bisita ezazu artistaren web orria: www.martinadasnoy.com

Maria Jose Aranzasti. Martina Dasnoy. Donostia, Igara Grafikak, 2009. Liburua helbide honetan deskarga daiteke: http://www.martinadasnoy.com/uploads/descargas/martina-dasnoy.pdf

Kandinsky. De lo espiritual en el arte(1910) eta Punto y línea sobre el plano (1926).

Maria Jose Aranzasti. La ensoñación pictórica de Martina Dasnoy. Zarautz, 2010. «Bertan daude haren obra artistikoa ongien definitzen duten ezaugarrietariko batzuk: grafismoak eta kaligrafiak, lerro ondulatu beltzak, drippingak eta pintura zurrustak. Benetan axola duena plastikoa da, trazuen kromatismo abstraktua, pintura informalistaren mundua osatzen duten konposizio batzuetan».

Barbizonen eskolari eta lehenengo inpresionista frantsesei dagokien terminoa da, baina praktika bera, terminologia alde batera utzirik, gizakia artista denetik egin izan da, hau da, Artearen Historia osoan zehar, hasiera-hasieratik.

Wang Wei. Poemas del río Wang. Colección Pliegos de Oriente. Editorial Trotta, Madrid, 2004. Wang Weik naturaren kontenplazio isila landu zuen izakiaren beraren esentzia ezagutzeko iturri gisa; txinatar kulturaren Urrezko Aroan bizi izan zen, Tang dinastian (k.o. 618-907).

[11] http://confuciomag.com/principios-esteticos-de-la-pintura-tradicional-chinahelbidean: «Pintura txinatar tradizionalaren ezaugarri berezienetako bat da artistak erabiltzen bituen baliabide plastikoak ez direla aplikatzen irudiaren irakurketa uniboko bat sortzeko moduan; aitzitik, irudi horrek duen iradokitzeko gaitasunean jartzen dute arreta, eta berariaz bilatzen dute figurazioaren eta abstrakzioaren, errealaren eta poetikoaren, ikusten denaren eta iradokitzen denaren arteko oreka sotila».

 Passagère du silence obran:  (Kaligrafoa nomada bat da, isiltasunaren bidaiari bat. Iragankor denari eternitate ukitu bat emateko desirak adoretzen du.)

 

 
Hau ere online
  • Iván Zulueta

    Sailkatu ezinezko artista baten sorkuntzaren erreferentzia osoa eta oinarrizkoa.

  • Txiki Zabalo

    Kronika grafikoaren eredu eta ilustratzaile den horren lan grafikoaren bilduma osoa.

  • Pío Baroja

    Donostiar idazle handia irakurtzeko gida.

  • Antiqva

    Aintzinari buruz orain arte egin diren jardunaldietako testuak.

  • XIX. mendeko albuma

    Euskal Herriari buruzko 4.000 irudi inguru dituen kultur webgunea. Irudiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren funtsetakoak dira eta kultur zentro desberdinetan daude.

  • Alfonso Sastre - Eva Forest

    Alfonso Sastre eta Eva Forest-en inguruko informazio osoa.

  • Gabriel Celaya

    XX. mendeko Gipuzkoako poetarik esanguratsuenetarikoaren bizitzari eta lanari errepasoa.

  • Gipuzkoa 1936

    Garaiko dokumentuak, egunkari eta bestelako aldizkako argitarapenak, erabiliz Gipuzkoa eraldatu zuen urtearen errealitatea erakusten da.

  • Manex Erdozaintzi

    Manex Erdozaintzi-Etxart XX. mendeko euskal olerkari aipagarrienetako bat da, 1934-1984 urteen artean bizi izan zena. Euskal pentsamenduarekin lotutako artikulu eta gogoeta anitz idatzi zuen.

Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.