Erakusketak

SANTOS BREGAÑA. Disparaître

E-posta Inprimatu

120 hitz Santosi buruz labur aritzeko. Jada badaramatzagu sei eta oraindik ez dugu ezer esan. Beharbada azken hitz horiek laburbilduko lukete haren obra hobekien: ezer ez. Horixe ikusiko duzu, hain zuzen ere, hemendik aurrerako orrialdeetan: ezereza. Horregatik desagertzen da edo horregatik praktikatzen du desagertzearen aldrebeskeria, ikusgarriago bihur dadin bere ezerezak uzten dion hutsarte horretan bertan. Ezerez ederra, adjektibo bat baliatuz hitzak xahutu nahi badugu –idaztera goazen hauekin 70 badaramatzagu jada, ez da urrun izango 77.a, eta ziur artistak oso gustuko izango duela jolas hori, hitz bat haren ezerezaren neurriko zenbaki eder bat bihurtzea–. Testua ugaritzen ari da, eta definizioei tartea egiteko garaia da, bukatu aurretik: desagertzea bi aldiz egotea da; horixe egiten du Santosek bere lantegian sortzen dituen obra/nahasmen horietan guztietan. Barkatu, aurrerantzean testua marratu behar dut, hitzaurrea idazteko jarri zidaten 120 hitzeko muga gainditu baitugu. Baina hor dago gakoa, hain justu, agindua bete ez eta hitzak desager daitezen eragitean; bizi duten paradoxa horretan, artistaren obrak bezala, ez egoteari esker presenteago egon daitezen. Irakurtzen ari zaren hau ere ez dago jada. Egon zen, baina desagertu egin da gero, oraindik ere jakin-min handiagoz irakurtzea ahalbidetzen duen marra baten atzean: paradoxa bat, esan dugunez. Santos, jakin gabe ere, Silvestre Paradoxeko protagonista balitz bezala dabil; ez dut obra hori ezagutzen, baina jakin badakit hari jarraitzen diola. Guztia da biratzen, guztia da iraultzen… Testu marratuaren barruan nahi beste luza gaitezkeenez gero, zera esango dugu: guztia da buruz behera jartzen, guztia da behekoz gora jartzen. Jatetxe batek zeruan du itsasoa; beste batek, berriz, buru gainean jartzen dizkigu kai muturreko arroka handiak. Erretilu batek ez du eusten, igo egiten du; lata batek barruan gordetzen du bere burua irekitzekoa. Zergatik ez dago ezer bere lekuan Santosen unibertso ilustratuan? Batzuetan minimoa irudi lezake egiten duen birak: zerraldo bateko kristoa arropa esekitoki bihurtzen du (hor lehenengo bira), eta errudun zigortu bat balitz bezala hormara begira jartzen du (hemen bigarren bira)… Biek ala biek osotasun bat biltzen dute: Kristoren begirada gure begiradatik ezkutatzea. Minimoa dirudien keinu horretan daude Santosek irakurri dituen liburu guztiak eta Santosek egin dituen ibilaldi guztiak eta Santosek arnastu dituen paisaia guztiak. 347 hitz, horien artean 228 marratu. Jarrai dezagun lasai, inor ez baitago hemen benetan, inork ez gaitu ikusten. Desagertzen den hori leku ona da egoteko. Aspaldiko arrats batek ematen duen bakean eserita bagina bezala. Biratzeaz ari ginen hizketan, gauzei buelta emateaz. Josep Plak miretsi egiten zuen dortoka bat ezinezko egoera batean ikusteko ahoz gora uzten duen zakurraren ironia… Askozaz ere lehenago, Nadar handiak aurrez aurreko erretratu bat egin zion bera bizi zen gizarteari, baina salbuespen bat egin zuen dama eder batekin, haren garondo biluzia baino ez baitzuen erakutsi… Argi dago: ez dago arterik ifrentzutik harago, eta Laia lantegiko nahasmen horretan sekula ere ez diegu gauzei begirik ikusten. Hain justu horregatik sentitzen dugu bizitasun handiagoz haien begirada. Begirada, 464. hitza izan da hori. Beste zenbat gehiago idatziko ote ditugu? Zein izango ote da 578. hitza? Amaituko ote dugu 999. hitza egin aurretik? Oraingoz, gure lainozko lubakitik kanpo gera ez daitezen, jar ditzagun idatziz obra hauetan oso presente dauden zenbait hitz: arintasuna (508), eta, harengandik oso hurbil, sorginkeria (514). Bi hitz biki: anafora (519) eta anabasia (522). Bakar bat salbatu beharko bagenu, ordea, glissade (530) hitza salbatuko genuke, hark baino ez baitu merezimendu nahikorik letra etzanez idatzia izan, eta Voltaireren hizkuntzan lerratzeko, lerratzen den gisan Santosen gurpil ohola letra zizelkatuzko gurpilekin, hiri urrun bat putzuz putzu zeharkatzen duelarik, asfalto gainean bertso iragankorrak idazteko. Ikusten? Berriz ere, iragankorra asfalto gainean. Bira egiteari utzi gabe, paradoxan sartu gara berriro, betiere sorginkeriaren atetik. Baina, isilik, dena kontatzea ere ez da eta komeni, utz diezaiogun hutsarte bat isiltasunari, desagertzearen erreinuko beste errege horri. Saia gaitezen sarrera honi 777. hitzarekin amaiera ematen, lehen ere inoiz aipatua dugunez gero 77.a, aurrekoaren alaba gazteena izan daitekeen hitza. Orain hasiko dugun lerro berri honekin idatzi ditugu jada 636 hitz; beste 141 falta zaizkigu, beraz. Aski izango dira, beste bi hauek ere hemen idatziz jartzeko: magia eta espazioa. Santosengan dagoen guztia hori baita azken buruan: egoteko lekuak sortzea. Borobila, Entomhotel… horra hor beste bi bira itzel. Lehena, gure hilak itzul daitezen, sagarren bitartez gugan bizi izatera. Bestea, berriz, haren intsektu maite kutunek (beti Paradoxekin batera doan Silvestre hori bezala) teilape bero bat eta izara finak izan ditzaten eskura… Baina kontuz ibili gero! Sartuak gara dagoeneko 710. hitzaren lerroan, eta tentuz egin behar dugu aurrera, ez baitugu ahotsa alferrik galdu behar, gure azken hitza izan dadin zolitasun betekoa, desagertzen ari den hitzaurre hau ixtearen bakardadea merezi duen bakarra, Santosek bere armiarma sareetan harrapatu, eta azkena emateko titulu gisa funtzionatzen duen hitz horixe bera, zuk gustura baina horizontea non duen argi kokatu gabe irakurriko duzun liburu honetan hizpide den guztia bezala.

 

EZEREZA

Oskar Alegria

 

 

DANIEL TXOPITEA. Garaietako ikuslea

E-posta Inprimatu

“Jendeak ahaztuko du zer esan duzun, ahaztuko du zer egin zenuen,
baina inoiz ez du ahaztuko nola sentiarazi zenituen berak“.

Maya Angelou

            Bi hamarraldi iragan dira joan zinenetik, eta ez dut ahaztu –ezta une batez ere– zure presentzia. Zure koadroei begiratzen diedanean, leiho ireki batera ateratzen naizenean bezala da, non haize leun bat dabilen, jaisten dena. Ematen du, hurbiltzen garenean, mihiseaz bestaldetik ikusiko bagintuzu bezala. Erakusleiho hartako kristaletik, umetan, Amadeo Modiglianiren erretratu bat begiesten ari zinen, eta, horrela, zure lehen artelana margotzeko gogoa piztu zitzaizun. 
Modiglianik hau zioen: «Bilatzen dudana ez da ez errealitatea ez irrealtasuna, baizik eta inkonszientea, giza arrazan dagoen instintiboaren misterioa». Eta, zerk eragiten dio, agian, instintuari gehiago, intuizioak baino, emakumearen trebetasun motorrak baino, gizonaren psike autartikoak konstruktu psikosozialean baino? Beste rol batzuei garrantzi handiagoa emateak bere eragina izan du imajinario kolektiboan, muga geografikoak gaindituz menderen mende, egunez egun indar handiagoarekin finkatuz giza arrazaren pentsaeran eta sentieran. 
Zure adiskideek –gizonak eta emakumeak– honela oroitzen zaituzte: bere garaiko gizon bat; beraz, etorkizuneko artista bat [1]. Amets-biltzaile bat [2]. Pertsona jator bat, karismaduna, prestua, oso fisura gutxikoa, eta horiek denak barrurantz, jakina. Gizatasunez betea, mugaraino [3]. Zure agurra izan zen film egiati baten amaiera hunkigarria bezalakoa, non adiskideak biltzen diren adiskide absentearen oroimenez, ez desagertuagatik negar egiteko, baizik eta hura ezagutu izana ospatzeko, zure izenaren omenez une onak partekatzen jarraitzeko [4].
Erakusketa hau omenaldi horri egiten diodan ekarpena da. Ordainezko nire oparia da, erakusleiho hartatik agertu zenidalako zein den bizitzaren funtsa, eta zein den "gauzen" balio behinena. Erakutsi zenidalako begi batekin ikusten, besteak sentitzen duen bitartean; inguratzen gaituenari ikuspegi disidente batetik begiratzen, eta naturari osotasuna eratzen duen barnealde fraktaletik begiratzen; emozioak sarritan arrazoiaren kontrako erantzunak lortzen dituen lurralde horietan arakatzen; eta, sortzeko, aurrena, ariman datzan muinari entzun behar diozula. Nire garaiko ikuslea izaten.


Erakusketa honen ikuspuntu nagusiak interpretatzen du haren obraren alderdi batu bat, hau da, Daniel Txopiteak bere ibilbideko etapa desberdinetan heldu zion unibertso femeninoaren inguruko obrarena. Koadro sorta honetan –gehienak figuratiboak–, protagonista gisako emakumearen irudikapen piktorikoak transzenditu egin nahi du, edertasunaren eta generoaren idealaz harago joan, helburu estetiko gisa.  
Paul Kleek zioenez «Edertasuna bakarrik nabarmentzea iruditzen zait zenbaki positiboez bakarrik aritzen den sistema matematiko bat bezalakoa dela».  
Horregatik, idealaren eta edertasunaren interpretazioek zuhurki urrundu behar dute subjektibizazio kanonetatik, artearen benetako leitmotiva zaindu, helburutzat hartuta gizarte errealitate askotariko bati eta errealitate espezifiko bati onura ekartzea, eta hura ezagutzera ematea, emakumearen irudia berrirakurriz gizartearen erretratuan eta artean duen irudikapenean.     

Ainize Txopitea

 [1] Antxón Sarasqueta. Daniel Txopitearen erakusketako katalogoaren hitzaurrea. Zarautz. 1999.
[2] Carlos Catalán. «Amets-biltzailea» erakusketako katalogoaren hitzaurrea. Montehermoso Kulturunea. Gasteiz, 2000.
[3] Alvaro Bermejo. Zarautz bihotz-bihotzetik (1997) liburuaren aurkezpeneko prentsaurrekoa.
[4] Ricardo Aldarondo. El Diario Vasco, 1997.

ERAKUSKETA
Ganbara, 3. pisua
2019/03/13 – 2019/04/27
Asteartetik larunbatera
11:00-14:00 / 16:00-20:00
Jaiegunetan eta apirilaren 20an itxita

 

Diego Vasallo, zeinuak, paisaiak, istripuak

E-posta Inprimatu

Diego Vasallo, “zeinuak, paisaiak, istripuak”

Koldo Mitxelena Kulturunea. Ganbara.

2019.01.23 – 2019.03.02

 

ZEINUAK, PAISAIAK, ISTRIPUAK

 

Margolan hauek, azken urteetako paper hauek, egunen joan eta etorrien aztarna setatia erakusten digute soilik. Haiek dira egurats gorrian, zerura begira, zeru horren zeinuak aztertzen, denbora pasatu ondoren gelditu diren lanbroz eta melankoliaz busti-busti egindako arrastoak.

Nekez antzematen diren paisaien zatiak edo, agian, ametsezko zati batzuk izan daitezke. Edo, agian, ezerezetik azaldu diren irudiak dira soilik, gauzatutako fantasmak izango balira bezala.

Lainoak eta ziurgabetasunak estalitako margolanak, helbururik gabekoak, xederik gabekoak, bukaerarik gabekoak. Bakarrik prozesua eta bidea, istripua eta erantzun ona, ekintza eta zuzenketa.

Batzuetan, koadroak serietan agertzen diren olatuak dira: «bukaerak», amildegira eramaten gaituzten mapa misteriotsu gisa; «abesti sakabanatuak», airea kutsatzen dituzten idatzi gabeko partiturak; «urradurak», leize txiki zuriak eta beltzak, Emil Cioran maisuaren hutsune poetikoaren omenez.

Pintatzetik soilik sortzen diren margolanak; materia eta azalera, esanahi existentzialeko objektuak, non irudikapena oraindik ezezaguna zaigun norabide batean galtzen den.

Obra bakarrak, beren esentzia ezerezaren itsas hondar gabean finkatzen dutenak.

(Diego Vasallo)

 

Diego Vasallo (Donostia, 1966)

1984. urtean, Duncan Dhu banda sortu zuen Mikel Erentxun eta Juan Ramón Viles-ekin batera; talde horrekin bederatzi disko grabatu ditu eta hainbat kontzertu bira egin ditu ia hogei urtetan.

1991n, proiektu musikal berri bati ekin zion eta, ondorioz, «Cabaret Pop» izeneko hiru disko egin zituen; proiektu hori 1996an amaitu zuen.

1997an, bakarkako ibilbidea hasi zuen bere izena erabiliz; gaur arte, sei disko argitaratu ditu eta, halaber, disko-liburu bat editatu du Suso Saiz musikariarekin, eta album bat Roger Wolfe poetarekin.

2002an, lehen pintura erakusketa egin zuen. Ordutik hona banakako nahiz taldeko erakusketa ugari egin ditu.

2008an, Lieder izeneko diziplina anitzeko arte-taldea sortu zuen Thomas Canet, Rafael Berrio, Joserra Sanperena eta Suso Sainz artistekin batera, eta talde horrek erakusketak egin ditu Madril, Donostia, Granada eta Erroman.

Halaber, bi poema liburu irudidun ditu argitaratuta: Canciones que no fueron (Huacanamo argitaletxea) eta Al margen de los días  (Harpo argitaletxea).

 

ANTIQUA25. Museo imaginario bat

E-posta Inprimatu

Antiqva jardunaldien hogeita bost urteurrena ospatzen

Ganbaran biltzen gaituen Antiqva XXV erakusketak balio du eskerrak emateko, bai Koldo Mitxelena guneari, Antiqva jardunaldiak antolatzeko eman duen eskaintzarengatik, bai horiek gauzatu dituzten guztiei, hots, hogeita bost urte hauetan hitzaldi hauetara fidelki etorri direnei. Erakusketa espazioak hogeita bost jardunaldiekin zerikusia duten elementuak bilduko ditu. Bertan izango dira, elkarrekin, pieza arkeologikoak eta mende batzuk geroago Antzinako Mundua birbisitatzea –aitortza, omenaldi edo inspirazio moduan– garrantzitsutzat jo zutenen eskuek sortutakoak. Orobat, erakusketaren dinamikak Jardunaldien mekanika bere errepikatzen du: egungo begietara gerturatzea unibertso bat, zeinak zibilizatzeko paradigma eraikitzeko orduan mendebaldeko irudimena markatu baitzuen. Hori horrela, museo imaginario bat eraikitzen da, jardunaldietako xede diren gaiak jasotzen dituena, bai literalki eta bai metaforikoki, ahalik eta zukurik gehiena atareaz anakroniari edo leialtasun historikoari. Erakusketan ageri den material gehiena Gordailun jasotako funtsetatik dator eta San Telmo Museoarenak,  Itsas Museoarenak,  Gipuzkoako Foru Aldundiarenak eta Eusko Jaurlaritzarenak dira.

 1994 urrun hartan sortu zen Antiqvaren ahalegina.  KMak ateak ireki berri zituen, eta zuzendariak, Frantxis López de Landatxek, biTARTE aldizkari orobat jaioberriari hitzaldi ziklo bat antolatzeko aukera eskaini zion, egoki irizten zion gaiarekin. Mikel Lasa poeta eta matematikariari Antzinatasuna bururatu zitzaion. Proposamena onartu zen, eta nik antolatzeko ohorea izan nuen. Tribuna honetatik igaro dira aditu konsagratuak eta konsagrazio bidean ziren beste batzuk, guztiak lan erabat zehatz eta eskuragarriekin. Inork ez zuen espero proiektua hain sakonki errotuko zenik. Baina horrela izan zen hasieratik. Aretoaren edukiera gainezka, irrika… Zikloaren aurreko egunetan bat-bateko zalaparta bat izaten genuen, ez, alabaina, komunikabideek eragindakoa; izan ere, bi hamarkada eta erdi honetan, ez dira gehiegi berotu zikloari buruz hizketan edo bisitatu gaituzten partaide ilustratuei elkarrizketak eginez.  Ez du axola. Antiqva mintzagai zutenean, eskertzen genien. Eta ez zutenean, ez genuen kontuan hartzen, gure ikusle fidelarekin fidakor.

 Ez baitzen zenbaki kontu soila. Bertaratu direnen partaidetza eredugarria izan da, dela hitzaldien ondorengo solasaldietan, dela korridoreetan txostengileei galderak luzatuz, dela ekintza amaieran eskaintzen zen ohorezko ardoan, non nahi zutenek hitz-aspertuarekin jarraitzeko parada baitzuten. Urte hauetan guztietan, hitz ozenik ez. Urduritasunak, bai, garraiobideekin kezkatuta eguraldia zela eta ez zela: hizlaria iritsiko ote da?  Alarma ustela. Beti iritsi dira. Behin edo birritan izan ezik, eta ongi zurituta, baina hutsunea bete ahal izan zen ponentziaren irakurketarekin, hura, bai, iritsi zen eta.  Ez zen berdina, baina ez zegoen bilkura eten beharrik izan. Ikararik handiena duela urte batzuk izan genuen, norbaitek bere babesa kendu nahi izan zuenean, oso zahartzat jota –eta oso zaharkitutzat– Antzinatasunaz hitz egitea. Ez ahal da horrelako ezer gertatuko, eta norbaitek idatziko ahal ditu lerro batzuk berrogeita hamargarren urteurrena ospatzeko; ez hainbeste nahitaez jarraitu beharreko jarduera bat delako, baizik eta herritarrek maite eta eskatzen dutelako. Mila esker erakundeei, Antzinako Munduko adituei –bereziki Carlos García Guali eta Ana Iriarteri, laguntza handikoak izan direlako ideiak ematen eta harremanak errazten–, eta mila esker bertaratu diren guztiei, errealitate bihurtzeagatik amets itxura zuena.

Javier Mina

 

Javier Balda. Maiztasunak / Frecuencias

E-posta Inprimatu

Irudien denbora eta muga

Denboraren, irudien eta hauen irudikapenaren aurkako norgehiagoka-prozesu berezi horretan, sentipenak etengabe berrantolatzen dituen eta "ziurgabetasun iraunkor" pertsonala eragiten duen (Gerard Richter-en baimenarekin) esparru horretan, sortzen da aldez aurretik dauden irudien –norberarenak zein besteenak– jabetze zatikatua, hau da, nolabaiteko ikusizko zurztasuna onartzeko prozedura, dakigunak baliozko izateari uzten dionean eta zer edo zer berria edo desberdina erabat finkatzen ez denean. Beraz, ez da ausazkoa imajinario propio berri bat sortzea modaren, arkitekturaren, diseinuaren eta kontsumoaren alorretako argitalpenen topaketari eta manipulazioari esker. Margoaren irrika, aztarna uzten duen gaia, une batez neutralizatuta.

Itxaropenez eta fedegabetasunez beteriko jarrera hau argazkilaritzarekin eta margolaritzarekin lotura duenaz jabetzen da, hauen ohiko balioak alde batera utzita, espazio berriak eta esanahi sinkopatuak osatzen dituzten estratuak, sedimentazioak eta zatiak balira bezala. Collage-joko konplexu honetan agertzen da eraginek eta ikaskuntzek sortutako biltegiratze grafikoa, abstrakzioaren eta irudien zalantzan-jartzearen zorduna den irrealitatea, alegia. Collage horiek, efektu zinetiko batean, grabatutako mugimendu-irudi bilakatzen dira ere, hala nola ibiltzearen ekintza edo hiriko ibilbide eta egituretan barna mugitzea. Testuingurutik ateratako mugimendu hauek maiztasunen eta ausazko loturen ikuseremu bat sortzen dute, norabiderik gabeko bide batean gurutzatzen eta txandakatzen diren bilbeak, dosi hipnotiko jakinekin batera.

Artearen ideiak, neurri handi batean, aurreko garai batetik datoz, lehendik dagoen zerbaiten ikuspegitik. Aurretikoaren ikuspegi horren eta bilaketaren estimuluaren artean kokatzen da egin ez dugunaren eta izan nahi genuenaren errepikaketa malenkoniatsua, eta bertan ahalegintzen da artista orain, ohartu gabe, bere iraganaren zati bat berreraikitzen, besterik ez.

ERAKUSKETA
Ganbara, 3. pisua
2018/09/13 – 2018/11/10
Asteartetik larunbatera
11:00-14:00 / 16:00-20:00
Jai egunetan itxita

 

 


1/28 orrialdea
Hau ere online
  • Iván Zulueta

    Sailkatu ezinezko artista baten sorkuntzaren erreferentzia osoa eta oinarrizkoa.

  • Txiki Zabalo

    Kronika grafikoaren eredu eta ilustratzaile den horren lan grafikoaren bilduma osoa.

  • Pío Baroja

    Donostiar idazle handia irakurtzeko gida.

  • Antiqva

    Aintzinari buruz orain arte egin diren jardunaldietako testuak.

  • XIX. mendeko albuma

    Euskal Herriari buruzko 4.000 irudi inguru dituen kultur webgunea. Irudiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren funtsetakoak dira eta kultur zentro desberdinetan daude.

  • Alfonso Sastre - Eva Forest

    Alfonso Sastre eta Eva Forest-en inguruko informazio osoa.

  • Gabriel Celaya

    XX. mendeko Gipuzkoako poetarik esanguratsuenetarikoaren bizitzari eta lanari errepasoa.

  • Gipuzkoa 1936

    Garaiko dokumentuak, egunkari eta bestelako aldizkako argitarapenak, erabiliz Gipuzkoa eraldatu zuen urtearen errealitatea erakusten da.

  • Manex Erdozaintzi

    Manex Erdozaintzi-Etxart XX. mendeko euskal olerkari aipagarrienetako bat da, 1934-1984 urteen artean bizi izan zena. Euskal pentsamenduarekin lotutako artikulu eta gogoeta anitz idatzi zuen.

Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.