DANIEL TXOPITEA. Garaietako ikuslea

Inprimatu

“Jendeak ahaztuko du zer esan duzun, ahaztuko du zer egin zenuen,
baina inoiz ez du ahaztuko nola sentiarazi zenituen berak“.

Maya Angelou

            Bi hamarraldi iragan dira joan zinenetik, eta ez dut ahaztu –ezta une batez ere– zure presentzia. Zure koadroei begiratzen diedanean, leiho ireki batera ateratzen naizenean bezala da, non haize leun bat dabilen, jaisten dena. Ematen du, hurbiltzen garenean, mihiseaz bestaldetik ikusiko bagintuzu bezala. Erakusleiho hartako kristaletik, umetan, Amadeo Modiglianiren erretratu bat begiesten ari zinen, eta, horrela, zure lehen artelana margotzeko gogoa piztu zitzaizun. 
Modiglianik hau zioen: «Bilatzen dudana ez da ez errealitatea ez irrealtasuna, baizik eta inkonszientea, giza arrazan dagoen instintiboaren misterioa». Eta, zerk eragiten dio, agian, instintuari gehiago, intuizioak baino, emakumearen trebetasun motorrak baino, gizonaren psike autartikoak konstruktu psikosozialean baino? Beste rol batzuei garrantzi handiagoa emateak bere eragina izan du imajinario kolektiboan, muga geografikoak gaindituz menderen mende, egunez egun indar handiagoarekin finkatuz giza arrazaren pentsaeran eta sentieran. 
Zure adiskideek –gizonak eta emakumeak– honela oroitzen zaituzte: bere garaiko gizon bat; beraz, etorkizuneko artista bat [1]. Amets-biltzaile bat [2]. Pertsona jator bat, karismaduna, prestua, oso fisura gutxikoa, eta horiek denak barrurantz, jakina. Gizatasunez betea, mugaraino [3]. Zure agurra izan zen film egiati baten amaiera hunkigarria bezalakoa, non adiskideak biltzen diren adiskide absentearen oroimenez, ez desagertuagatik negar egiteko, baizik eta hura ezagutu izana ospatzeko, zure izenaren omenez une onak partekatzen jarraitzeko [4].
Erakusketa hau omenaldi horri egiten diodan ekarpena da. Ordainezko nire oparia da, erakusleiho hartatik agertu zenidalako zein den bizitzaren funtsa, eta zein den "gauzen" balio behinena. Erakutsi zenidalako begi batekin ikusten, besteak sentitzen duen bitartean; inguratzen gaituenari ikuspegi disidente batetik begiratzen, eta naturari osotasuna eratzen duen barnealde fraktaletik begiratzen; emozioak sarritan arrazoiaren kontrako erantzunak lortzen dituen lurralde horietan arakatzen; eta, sortzeko, aurrena, ariman datzan muinari entzun behar diozula. Nire garaiko ikuslea izaten.


Erakusketa honen ikuspuntu nagusiak interpretatzen du haren obraren alderdi batu bat, hau da, Daniel Txopiteak bere ibilbideko etapa desberdinetan heldu zion unibertso femeninoaren inguruko obrarena. Koadro sorta honetan –gehienak figuratiboak–, protagonista gisako emakumearen irudikapen piktorikoak transzenditu egin nahi du, edertasunaren eta generoaren idealaz harago joan, helburu estetiko gisa.  
Paul Kleek zioenez «Edertasuna bakarrik nabarmentzea iruditzen zait zenbaki positiboez bakarrik aritzen den sistema matematiko bat bezalakoa dela».  
Horregatik, idealaren eta edertasunaren interpretazioek zuhurki urrundu behar dute subjektibizazio kanonetatik, artearen benetako leitmotiva zaindu, helburutzat hartuta gizarte errealitate askotariko bati eta errealitate espezifiko bati onura ekartzea, eta hura ezagutzera ematea, emakumearen irudia berrirakurriz gizartearen erretratuan eta artean duen irudikapenean.     

Ainize Txopitea

 [1] Antxón Sarasqueta. Daniel Txopitearen erakusketako katalogoaren hitzaurrea. Zarautz. 1999.
[2] Carlos Catalán. «Amets-biltzailea» erakusketako katalogoaren hitzaurrea. Montehermoso Kulturunea. Gasteiz, 2000.
[3] Alvaro Bermejo. Zarautz bihotz-bihotzetik (1997) liburuaren aurkezpeneko prentsaurrekoa.
[4] Ricardo Aldarondo. El Diario Vasco, 1997.

ERAKUSKETA
Ganbara, 3. pisua
2019/03/13 – 2019/04/27
Asteartetik larunbatera
11:00-14:00 / 16:00-20:00
Jaiegunetan eta apirilaren 20an itxita