HABEko mik dugu euskal komikigintzan erreferente nagusietakoa. 1982 urtean argitara eman zen euskarazko bihilabetekaria eta 1991 urterarte 55 zenbaki eta 18 ale berezi kaleratu ziren.
Euskara ikasteko ez ezik, komiki oso onak irakurtzeko eta gozatzeko aukera izan genuen HABEko miki esker. Izan ere, kalitate handiko komikiak ziren, bai gaiaren aldetik, bai eta ilustratzaile eta inprimaketaren aldetik ere (Harriet, Redondo, Mata, Astrain, Fructuoso, Entrialgo, Durán, Berzosa, Álvaro Ortega, Mikel Valverde...). Ale monografikoek ere lagundu zuten kalitatea azpimarratzen.
Une batez beste hizkuntzetan egiten genuena euskaraz ere egin genezakela ohartu ginen. Hizkuntza bera modernoago bilakatu zitzaigun. Gaurkotasuneko edozein gai, artearen edozein adierazpen… gure hizkuntzak besteek bezain beste balio zuela erakutsi ziguten komiki hauek.
Orain ekoizpen hura guztia topatzeko baliabide berri bat dugu. KOLDO MITXELENA Kulturuneko liburutegiak banan-banako deskribapena egin du eta. Hau da, aldizkari ale bakoitzaren edukia deskribatu da (guztira 430 istorio inguru) eta liburutegiaren katalogo nagusian aurki daitezke. Modu horretan, ale bakoitzean zer dagoen jakin daiteke. Era berean, autore (gidoilari zein marrazkilari) bakoitzaren ekoizpena atzeman daiteke kolpe batez, lanak non eta noiz argitaratu zirela zehaztuta.