Mikel Laboaren unibertsoa gertutik

Euskal Herriko Unibertsitateak sortu berri du Mikel Laboa katedra; katedra honen hastapenetan euskal estetikari ate bat zabaltzeko asmoa nagusitzen den heinean, ekimen-kate bat egituratu da euskal artisten ekarpenak jaso eta ezagutzera emateko.

Katedra honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du hurrengo hiru urteetan egitarau bat bideratzeko eta, beka eta diru-laguntza zenbait argitaratu ondoren, hasiera emango dioten ekintzak hartuko ditu KOLDO MITXELENA Kulturuneak.

Lehen ekintza Mikel Laboaren irudi artistikoa aurkeztea izango da, harekin gertutik lan egin zutenen lekukotza bidez. Artistaren erretratua eskaini nahi da, haren ibilbidean lankide eta lagun izan zirenen hitzak, musika eta irudiak plazara ekarriaz.

Horretarako bi jarduera antolatu dira. Batetik, Mikel Laboa Katedraren I. jardunaldiak, Mikel Laboa gertutik: lekukoen txanda izenburupean. Bestetik, Koldo Mitxelenako Ganbaran jarriko den musika instalazio bat.

 

Mikel Laboa gertutik

Jardunaldiak urriaren 18etik 17ra ospatuko dira, KOLDO MITXELENA Kulturuneko Areto Nagusian Laboaren izanak marraztu duen ibilbide estetiko berritzailea argitara emateko asmoz.

Hiru alor marraztuko dira, Mikel Laboaren ekimen artistikoa abiapuntu gisa hartuta. Haren artearekiko konpromisoa hainbat kidek partekatu zuten, eta euskal kultura berpiztu bati estetika gaurkotu bat eskaini. Folkloreari eta euskal tradizioari buruzko begirada gaurkotu bat dago artista hauen erro estetikoetan.

Bestalde, Laboak poesia-aukeraketa zaindu bat ezagutarazten du bere kantuekin batera. Garaiko hainbat poetaren hitzak eskaini dizkio publiko zabal bati, eta herrikoi bilakatu ditu, askoren memorian iltzatuz. Belaunaldien eta hizkuntzaren mugak gainditu ditu hainbat kanturekin, eta gure egungo kulturaren ezaugarri berezi bat bilakatu da.

Poemez gainera, musikaren eta ikuskizunaren kontzeptu propio bat garatzen du Mikel Laboak bere ibilbidean. Eszenatokian, musikaren eta ahotsaren adierazpenaren mugan dagoen  bide berezi bat esperimentatu du. Hitzen aurreko espresioarekin du zer ikusia bide horrek, sentsazio eta emozioen adierazpenarekin, ikuspuntu estetiko batekin. Esan ezin diren gauzak adierazi ditu artistak, bere ahotsaren bidez eta musikarekin batera sortzen duen espazio eszenikoan.

Ideia honen inguruan arituko dira artista eta aztertzaile batzuk ondorengo egunotan.

 

Urriaren 15ean

16:30etan Jardunaldien hasiera

17:00etan Bernardo Atxaga

18:30 Anari kantari eta Ruper Ordorika hizketan eta kantari. A capella eta gitarra akustikoa.

 

Urriaren 16an

16:00etan Lourdes Otaegiren solasaldia

16:30etan  Juan Gorostidiren solasaldia

17:30etan Arantza Iturbe eta Marixol Bastida elkarrizketan

18:30etan Xabier Montoia hizketan eta kantari

 

Urriaren 17an

16:00etan Denis Laborde hizketan

17:30etan Koldobika Jauregi, Josetxo Silguero eta Iñaki Salvador, hizketan eta musika eginez

 

Musika instalazioa

Egitarauaren zati garrantzitsu bat Laboaren musika entzuteari eskaintzen zaio. Espazio propio bat sortu da horretarako KOLDO MITXELENA  Kulturuneko Ganbaran, urriaren 15etik azaroaren 26ra bitartean ikusi ahal izango dena.  

Musika instalazio honetan, bere ibilbidean jorratu zuen esperimentazio estetikoa azpimarratu nahi da. Bere ahotsaz baliatu zen  unibertso propioaren adierazpena azaltzeko, jolas fonetiko aberats baten bidez. Umorea eta ironia tartekatzen ziren bizitzaren garraztasuna eta edertasunaren adierazpenarekin  batera, etenik gabeko joko batean.

Esperimentazioaren kontzeptuari lotuta, Laboaren ahotsaz gozatzeko aukera desberdinak eskainiko dira instalazioan: esperientzia plastikoak, bere lagun eta lankideak sortu zituen diskoen portadak inguratuko dute espazioa, esperientzia berriei lekua eginez.

       

 

Iruzkin bat idatzi


Berrita
Seguratsun kodea

Hau ere online
  • Iván Zulueta

    Sailkatu ezinezko artista baten sorkuntzaren erreferentzia osoa eta oinarrizkoa.

  • Txiki Zabalo

    Kronika grafikoaren eredu eta ilustratzaile den horren lan grafikoaren bilduma osoa.

  • Pío Baroja

    Donostiar idazle handia irakurtzeko gida.

  • Antiqva

    Aintzinari buruz orain arte egin diren jardunaldietako testuak.

  • XIX. mendeko albuma

    Euskal Herriari buruzko 4.000 irudi inguru dituen kultur webgunea. Irudiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren funtsetakoak dira eta kultur zentro desberdinetan daude.

  • Alfonso Sastre - Eva Forest

    Alfonso Sastre eta Eva Forest-en inguruko informazio osoa.

  • Gabriel Celaya

    XX. mendeko Gipuzkoako poetarik esanguratsuenetarikoaren bizitzari eta lanari errepasoa.

  • Gipuzkoa 1936

    Garaiko dokumentuak, egunkari eta bestelako aldizkako argitarapenak, erabiliz Gipuzkoa eraldatu zuen urtearen errealitatea erakusten da.

  • Manex Erdozaintzi

    Manex Erdozaintzi-Etxart XX. mendeko euskal olerkari aipagarrienetako bat da, 1934-1984 urteen artean bizi izan zena. Euskal pentsamenduarekin lotutako artikulu eta gogoeta anitz idatzi zuen.

Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.