KOLDO MITXELENA Kulturunea

Inprimatu

Gipuzkoako Foru Aldundiaren zentro kultural bat da, 1993. urtean inauguratua. Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirola Departamentuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak kudeatzen du.

Bertako liburutegian irakurri, musika entzun, pelikulak ikusi, Interneten sartu eta zure ordenagailuarekin lan egin dezakezu –sarbide libreko wifiari esker– eta, bazkidea bazara, hainbat dokumentu izango dituzu eskura maileguan eramateko –liburuak, DVDak, CDak…–. Era berean, liburu eta egunkari digitalizatuak ikusi, ordenagailuak erreserbatu eta maileguak berritu ditzakezu, zauden lekuan zaudela, honako web-orri honen bidez: http://kmliburutegia.net.

Erakusketa-espazioetan, berriz, era guztietako sormen-lanez gozatuko duzu. Bi gune bereiz daitezke:

Alde batetik, “Erakustaretoa” dugu; bertan, ikusizko arteen nazioarteko lan garaikideak daude ikusgai, han-hemengo artista garaikideak gonbidatzen dira, bilduma partikularren tesiak edo irakurketak aurkezten dira eta beste zentro batzuekin koprodukzioak egiten dira.

Beste aldetik, Ganbara aretoak gipuzkoar artista ezezagunengana zuzentzen du begirada, eta letrei, diseinuari eta obra grafikoari lotutako gaiak aurkezten ditu.

Ekitaldi Aretoan harreman zuzenak izan ditzakezu poeta, musikari, errezitatzaile eta hizlariekin, hainbat kultura-ekitaldiren bidez. Eta elkarte edo erakunde bateko kide bazara, kultura-izaerako ekitaldiak doan egiteko baimena eskatu ahalko duzu.

Bestalde, badakigu euskarak aurrera egiteko zereginean zein den guri dagokigun erantzukizuna eta, horregatik, gure kultura-eskaintzaren % 50, gutxienez, hizkuntza horretan antolatzen da.

 

Ordutegiak (igande eta jaiegunetan itxita)
Liburutegia Erakustaretoa Ganbara

astelehenetik ostiralera

8:30 - 20:30

larunbata

8:30 - 14:00

 

asteartetik larunbatera

11:00 - 14:00

16:00 - 20:00

asteartetik larunbatera

11:00 - 14:00

16:00 - 20:00