Poetika. Poesia irakurraldiak

Inprimatu

Poetika. Poesia irakurraldiak. Koldo Mitxelena kulturunearen gonbidapena, Jon Obeso eta Jose Luis Padronen koordinazio-lanarekin, eta Musikeneren lankidetzarekin.

Bertara joateko beharrezkoa da izena ematea:
Tl. 943 11 28 93  (08: 30etik 14:30era)
Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu

Martxoak 29, astelehena, 19:30 (euskaraz)

Leire Bilbao
Euskal idazlen artean ahots propioa garatzen ari den poeta da. 2006an atera zen lehen aldiz literaturaren plazara, Ezkatak (Susa) poesia lanarekin. Scanner (Susa, 2011) du izenburua haren bigarren poema liburuak. Bere genero naturala poesia bada ere, azken urteetan, haur eta gazte literaturaren eremuan jarraitu du obra osatzen. Horrela, Xomorropoemak eta beste piztia batzuk lanarekin Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi saria irabazi zuen 2017an. Nijole Miliauskaite poeta lituaniarraren olerki adierazgarrienak euskaratu ditu Munduko Poesia Kaierak bildumarako. Antologia ugaritan parte hartu izan du, eta bere poemak gutxienez hamar hizkuntzera itzuli dira. Helduentzako argitaratu du bere hirugarren poema liburua, Etxeko urak (Susa, 2020).
Aurkezlea: Yolanda Arrieta. Irakasletza, Antzerkia, eta Kultura eta Gizarte Antropologia ikasi ditu. Idazlea, ipuin kontalaria eta literatur dinamizatzailea da. Bakarkako lana sormen tailerrekin uztartzen du. 1997an Irun Saria jaso zuen Jostorratza eta haria lanarekin. Arrietak, Argiaran alaba (Denonartean) liburuari esker, 2015eko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria jaso zuen. Omenaldia egin zioten 2019an Zarautzen, Literaturia Jaialdian. 2020anTxokolategia izeneko eleberria argitaratu du, Denonartean etxearen eskutik.
Musikaria: Claudia Alduncin (klarinetista).

Apirilak 15, osteguna, 19:30 (euskaraz)
Miren Agur Meabe
Irakasle lanetan eta editore jardundakoa, gaur egun idazletzari emana bizi da. Sari ugari irabazi ditu, bai helduentzat bai haurrentzat idatzitako lanekin, Iraila (Sustraia, 1984) poesia bilduma —lehen liburua— argitaratu zuenetik. 2000n eman zuen Azalaren kodea (Susa) poema liburua, eta Bitsa eskuetan (Susa) bigarren poema liburua 2010ean. 2020ko abenduan aurkeztu zuen poema sorta berria, Nola gorde errautsa kolkoan, Susarekin. Azken lan horrek triptiko bat osatzen du, idazlearen hitzetan, Kristalezko begi bat (Susa, 2013) nobelarekin eta Hezurren erretura (Susa, 2019) narrazio sortarekin batera. Euskadi saria, Espainiako kritika saria, Rosalia de Castro saria eta 111 Akademiaren saria irabazitakoa da Meabe.
Aurkezlea: Igor Estankona.Poesia landu du nagusiki gaur arte. Zuzenbidea ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean. Oso gazte hasi zen idazten, eta Arratiako Zantzoa literatura fanzinearen sorreran parte hartu zuen. Hainbat komunikabidetan kolaboratu du –"Euskaldunon Egunkaria", "Euskadi Irratia", “Gara”, "Deia", Argia"– euskal literatur kritika eginez eta kulturaren arloko artikuluak argitaratuz. 1998an Anemometroa (Susa) bere lehen poema liburua argitaratu zuen. Lau urte geroago, 2002an, bigarren poema liburua duena, Tundra (Susa). 2004ko Irun Hiria Poesia saria Igor Estankonak irabazi zuen, Ehiza eta nekea liburuagatik.2009an bere laugarren olerki bilduma kaleratu zuenIratzeen esporak (Susa). Eta Moskito (Susa, 2020) da argitaratu duen azken poema liburua, bosgarrena.
Musika: Musikene.

Maiatzak 12, asteazkena, 19:30 (gaztelaniaz)
Itziar Minguez
Poeta, narratzailea, zuzenbidean lizentziatua eta telebistako gidoilaria. Olerki liburu hauek argitaratu ditu: La Vida me Persigue, Luz en Ruinas, Cara o Cruz, Pura Coincidencia, Wikipoemia, Cambio de Rasante, Que viene el lobo, QWERTY, Idea intuitiva de un cuerpo geométricoeta La vuelta al mundo en 80 jaikus (y una nana para despertar). Lo que pudo haber sido. Nubes y claros (Cuadernos del Vigía) bere lehen aforismo liburua da. 2010eko Euskadi Literatura Sariaren finalista; José Bergamín Aforismoen Nazioarteko VIII. Saria (ex aequo), Nicanor Parra Nazioarteko Poesia Sariaren I. Saria, Surcos Poesiaren X. Nazioarteko Saria eta Morón Hiria Nazioarteko VII. Olerki Sariaren irabazlea; Jaime Gil de Biedma Nazioarteko XVII. Olerki Sariaren akzesita. Bere obra poetikoa 30 antologia baino gehiagotan jasoa dago, horien artean: Galería de Hiperbreves, Diez de diez. Poesía española reciente, En el nombre de hoy, “Revista de Occidente”. Hainbat jaialdi eta poesia topaketetan parte hartu du. Literatura eta telebistako gidoilari lanak uztartzen ditu, hogei urte baino gehiago baitaramatza fikziozko hainbat ekoizpenetan.

Aurkezlea: Amalia Iglesias Serna. Filologoa, saiakeragilea eta kultura-kazetaria. Hamar urtez, Diario 16 egunkariko Culturas gehigarriaren koordinatzailea izan zen. Orobat koordinatu zuen Revista de Libros, Caja Madrid Fundazioarena, baita ere La alegría de los naufragios poesia-aldizkaria eta Contemporáneos poesia-orrialdea, ABC egunkariko kultura-gehigarrikoa. Kogidoilaria izan zen, Julia Pierarekin batera, Antonio Gamoneda: Escritura y alquimia (2009) dokumentalean. Hogeita hamar urtean baino gehiagoan, literatura-kritikari modura kolaboratu du askotariko komunikabideetan. Gainera, María Zambranoren obraren eta bizitzaren ezagutzaile handia da. Bere lehen liburuarekin –Un lugar para el fuego–, Adonáis saria irabazi zuen, 1984an. Memorial de Amauta (Alonso de Ercilla saria, Eusko Jaurlaritzarena, 1987), Dados y dudas (Jaime Gil de Biedma sariaren accesita, 1995), Lázaro se sacude las ortigas (Francisco de Quevedo saria, Abada, 2005), eta Antes de nada, después de todo (2003). Haren azken liburuak: La sed del río eta Tótem espantapájaros, biak 2016an argitaratuak.
Musika: Manuel Fernández (gitarra).

Ekainak 23, asteazkena, 19:30 (gaztelaniaz)
Juan Manuel Uria
Poeta, aforismo egilea eta artista plastikoa. Honako olerki liburu hauen egilea da: Puerta de coral¿Quién es Werther?TransformacionesManzana de vahoLas huellas del límite,Hablar porque la muerteLilithHarriaK"amékuarhu haiku liburua, eta Dos por la mañana eta Dos por la tarde aforismo liburuak. 2019an Harria izeneko liburua eta erakusketa aurkeztu zituzten Juan Antonio Palacios argazkilariaren irudiekin eta Juan Manuel Uria idazlearen olerkiekin osatuta. Bere lanik berriena da La ciencia de lo inútil, ‘Poética’ trilogiaren lehen zatia izango dena alegia, bertan poesia zer den ikertzen du, eta, batetik, La belleza fragmentada liburuarekin osatuko du, eta bestetik, piktorikoa izango den hirugarren zati batekin, oraindik izenbururik ez duena. 2017an “Noski!” liburu-denda zabaldu zuen Errenteria/Oreretan, Shiara Nuñorekin batera.
Aurkezlea: Pello Otxoteko. Biologiako irakaslea da, poeta, itzultzailea eta editorea. Literatur kritika jorratzen du ere. Balea Zuria argitaletxeko arduradunetako bat da. Itsas Bizimina (Balea Zuria) da bere azken poema liburua, 2019an kaleratuta, eta Espainiako Literatura Kritikarien Elkarteak saritua. Haraindiko begiradaren bila (Bermingham, 1999), Itzalaren ñabarduretan (Hiria, 2001) eta Arnasa galduaren ondarea (Denonartean, 2003) argitaratu zituen aurrena, Goizalbaren argitan (Erein, 2007) etorri zen ondoren, eta Anphora baita (Alberdania, 2010) izan zen seigarrena. Antolatzailea da 2008az geroztik Donostian egiten diren ‘Poesia eta Pentsamendua’ jardunaldietan. Poesia ikastaroak eta tailerrak ematen ditu Gipuzkoako Campusean (EHU/UPV).
Musika: Musikene.

Babes eta higiene neurriak Areto nagusian

Ekitaldia zuzenean jarraitu