Santos Bregaña. Disparaître

Inprimatu

120 hitz Santosi buruz labur aritzeko. Jada badaramatzagu sei eta oraindik ez dugu ezer esan. Beharbada azken hitz horiek laburbilduko lukete haren obra hobekien: ezer ez. Horixe ikusiko duzu, hain zuzen ere, hemendik aurrerako orrialdeetan: ezereza. Horregatik desagertzen da edo horregatik praktikatzen du desagertzearen aldrebeskeria, ikusgarriago bihur dadin bere ezerezak uzten dion hutsarte horretan bertan. Ezerez ederra, adjektibo bat baliatuz hitzak xahutu nahi badugu –idaztera goazen hauekin 70 badaramatzagu jada, ez da urrun izango 77.a, eta ziur artistak oso gustuko izango duela jolas hori, hitz bat haren ezerezaren neurriko zenbaki eder bat bihurtzea–. Testua ugaritzen ari da, eta definizioei tartea egiteko garaia da, bukatu aurretik: desagertzea bi aldiz egotea da; horixe egiten du Santosek bere lantegian sortzen dituen obra/nahasmen horietan guztietan. Barkatu, aurrerantzean testua marratu behar dut, hitzaurrea idazteko jarri zidaten 120 hitzeko muga gainditu baitugu. Baina hor dago gakoa, hain justu, agindua bete ez eta hitzak desager daitezen eragitean; bizi duten paradoxa horretan, artistaren obrak bezala, ez egoteari esker presenteago egon daitezen. Irakurtzen ari zaren hau ere ez dago jada. Egon zen, baina desagertu egin da gero, oraindik ere jakin-min handiagoz irakurtzea ahalbidetzen duen marra baten atzean: paradoxa bat, esan dugunez. Santos, jakin gabe ere, Silvestre Paradoxeko protagonista balitz bezala dabil; ez dut obra hori ezagutzen, baina jakin badakit hari jarraitzen diola. Guztia da biratzen, guztia da iraultzen… Testu marratuaren barruan nahi beste luza gaitezkeenez gero, zera esango dugu: guztia da buruz behera jartzen, guztia da behekoz gora jartzen. Jatetxe batek zeruan du itsasoa; beste batek, berriz, buru gainean jartzen dizkigu kai muturreko arroka handiak. Erretilu batek ez du eusten, igo egiten du; lata batek barruan gordetzen du bere burua irekitzekoa. Zergatik ez dago ezer bere lekuan Santosen unibertso ilustratuan? Batzuetan minimoa irudi lezake egiten duen birak: zerraldo bateko kristoa arropa esekitoki bihurtzen du (hor lehenengo bira), eta errudun zigortu bat balitz bezala hormara begira jartzen du (hemen bigarren bira)… Biek ala biek osotasun bat biltzen dute: Kristoren begirada gure begiradatik ezkutatzea. Minimoa dirudien keinu horretan daude Santosek irakurri dituen liburu guztiak eta Santosek egin dituen ibilaldi guztiak eta Santosek arnastu dituen paisaia guztiak. 347 hitz, horien artean 228 marratu. Jarrai dezagun lasai, inor ez baitago hemen benetan, inork ez gaitu ikusten. Desagertzen den hori leku ona da egoteko. Aspaldiko arrats batek ematen duen bakean eserita bagina bezala. Biratzeaz ari ginen hizketan, gauzei buelta emateaz. Josep Plak miretsi egiten zuen dortoka bat ezinezko egoera batean ikusteko ahoz gora uzten duen zakurraren ironia… Askozaz ere lehenago, Nadar handiak aurrez aurreko erretratu bat egin zion bera bizi zen gizarteari, baina salbuespen bat egin zuen dama eder batekin, haren garondo biluzia baino ez baitzuen erakutsi… Argi dago: ez dago arterik ifrentzutik harago, eta Laia lantegiko nahasmen horretan sekula ere ez diegu gauzei begirik ikusten. Hain justu horregatik sentitzen dugu bizitasun handiagoz haien begirada. Begirada, 464. hitza izan da hori. Beste zenbat gehiago idatziko ote ditugu? Zein izango ote da 578. hitza? Amaituko ote dugu 999. hitza egin aurretik? Oraingoz, gure lainozko lubakitik kanpo gera ez daitezen, jar ditzagun idatziz obra hauetan oso presente dauden zenbait hitz: arintasuna (508), eta, harengandik oso hurbil, sorginkeria (514). Bi hitz biki: anafora (519) eta anabasia (522). Bakar bat salbatu beharko bagenu, ordea, glissade (530) hitza salbatuko genuke, hark baino ez baitu merezimendu nahikorik letra etzanez idatzia izan, eta Voltaireren hizkuntzan lerratzeko, lerratzen den gisan Santosen gurpil ohola letra zizelkatuzko gurpilekin, hiri urrun bat putzuz putzu zeharkatzen duelarik, asfalto gainean bertso iragankorrak idazteko. Ikusten? Berriz ere, iragankorra asfalto gainean. Bira egiteari utzi gabe, paradoxan sartu gara berriro, betiere sorginkeriaren atetik. Baina, isilik, dena kontatzea ere ez da eta komeni, utz diezaiogun hutsarte bat isiltasunari, desagertzearen erreinuko beste errege horri. Saia gaitezen sarrera honi 777. hitzarekin amaiera ematen, lehen ere inoiz aipatua dugunez gero 77.a, aurrekoaren alaba gazteena izan daitekeen hitza. Orain hasiko dugun lerro berri honekin idatzi ditugu jada 636 hitz; beste 141 falta zaizkigu, beraz. Aski izango dira, beste bi hauek ere hemen idatziz jartzeko: magia eta espazioa. Santosengan dagoen guztia hori baita azken buruan: egoteko lekuak sortzea. Borobila, Entomhotel… horra hor beste bi bira itzel. Lehena, gure hilak itzul daitezen, sagarren bitartez gugan bizi izatera. Bestea, berriz, haren intsektu maite kutunek (beti Paradoxekin batera doan Silvestre hori bezala) teilape bero bat eta izara finak izan ditzaten eskura… Baina kontuz ibili gero! Sartuak gara dagoeneko 710. hitzaren lerroan, eta tentuz egin behar dugu aurrera, ez baitugu ahotsa alferrik galdu behar, gure azken hitza izan dadin zolitasun betekoa, desagertzen ari den hitzaurre hau ixtearen bakardadea merezi duen bakarra, Santosek bere armiarma sareetan harrapatu, eta azkena emateko titulu gisa funtzionatzen duen hitz horixe bera, zuk gustura baina horizontea non duen argi kokatu gabe irakurriko duzun liburu honetan hizpide den guztia bezala.

 

EZEREZA

Oskar Alegria